SOS Gaztelugatxek proiektuak "buruagaz eta parte hartzeagaz" egiteko eskatu du
Gaztelugatxeko San Juanen gertatzen ari denaren berri eman zuen plataformak barikuan, Nestor Basterretxea areto bete jenderen aurrean.
Nabaria da Gaztelugatxeko San Juanengatik herritarrek daukaten kezka. Gertatzen ari dena eta egiten ari direna jakin gura dute, eta horregatik, asko eta asko izan ziren SOS Gaztelugatxe plataformak barikurako egindako deialdiagaz bat egin zutenak. Nestor Basterretxea aretoa bete egin zuten SOS Gaztelugatxe plataformakoek. Mota guztietako azalpenak eman zituzten, eta eskaera argi bategaz amaitu zuten agerraldia; proiektuak buruagaz, eta betiere, jendearen parte hartzeagaz egin daitezen eskatu dute.
Azken urteetan Gaztelugatxeko San Juan “masifikazioaren eredu” bihurtu dela azalduz hasi zuten agerraldia: “Planifikatu barik promozionatu dute Gaztelugatxe. Eszenatoki ezberdinen salmenta egin dute, eta dagoeneko Gaztelugatxek zeukan masifikazioa areagotu da”. Herritarrei azaldu zien masifikizazioari irtenbidea emateko Bizkaiko Foru Aldundiak egindakoa: “Turismoa kudeatzeko plan bat enkargatu zuten, eta Bermeo eta Bakioko udaletan aurkeztu eta eztabaidatu zuten. Udalek alegazioak aurkeztu zituzten, baina alegazioek ez dute erantzunik jaso. Plan hori ez da inon onartu. Hainbat alor kontuan hartzen dituen makroplan bat da, hori bai, denak turismoari bideratuta. Egun, aipatu planagaz aurrera doaz tantaka, baina erdi ezkutuan”.
Masifikazioak “zikinkeria, bandalismoa eta harrien lapurketa” ekarri duela esan zuen plataformako kide Libe Arenazak.
Araneko auzotarren kezka plazaratzeko Jose Angel Lasa auzoko alkateak ere hitza hartu zuen barikuan. Lasa aldundiak egin gura duen oinezkoentzako pasealekuaz aritu zen. “Kezkatuta” daude batetik, Arane auzora joateko biderik ez delako aurreikusten, eta bestetik, aldundiak 2018an idatzitako txosten batean esaten zelako errepidea ez zegoela egokituta pasealeku bihurtzeko, “arriskutsua” baitzen; hortaz, aurreikusita dagoen pasealekua paseorako “zoragarria” izango bada ere, “egunerokotasunerako ez”.
Bestalde, “informazio eza” salatu zuen: “Jaso dugun informazioa gure kabuz jaso dugu, han eta hemen galdezka. Udalean behin eta berriz galdetu izan dut, eta erantzuna beti izan da ez dakitela ezer. Ezin daiteke horrela izan, utzikeria handia da”.
SOS plataformako Eider Gotxi Urizarretako aparkalekuaz aritu zen, “beldurtzeko” ezaugarriak dituela nabarmenduta. Araneko alkateak aipatu zuen “errepide arriskutsutik” igaro beharko litzatekeen kamioiak aipatu zituen: “Ereño eta Foruko harrobietatik 6.000 metro kubiko harri mugitzeko kamioiek 2.000 bidaia egin beharko lituzkete. Oso arriskutsua da”.
Aparkalekua egiteko kenduko luketen basoaz ere mintzatu zen: “BI-3101 errepide berria eraikitzeagaz batera, baso bat landatzea onartu zuten, orain kendu gura dutena. Konpentsazioa izan zena orain kentzen baldin badute, zein egoera legaletan geratuko da bidea?”. Horregatik guztiagatik, legeetan adituak direnekin errepidearen egoera aztertzen ari direla azaldu zien Gotxik herritarrei.
Bestalde, bertaratutako herritarrek biotopo babestua zer den jakin ahal izan zuten Joserra Diez adituaren eskutik. Gaztelugatxe inguruan dagoen biodibertsitateaz ere aritu zen. “Gaztelugatxe paisajistikoki oso erakargarria da, baina interes geologiko aparta daukan kostaldea ere bada, eta horregatik habitat bereziko lekua ere bada”.
Bermeoko Udalean lehenengo mozioagaz gertatukoaren berri ere eman zuen Gotxik, hau da, “forma akatsagatik” osoko bilkuraren gai ordenatik kanpo utzi zutela. Hala ere, udalaren iritzia jakin gura dutenez, bigarren mozio bat aurkeztu dute. Ezohiko osoko bilkura eskatu dute udala osatzen duten alderdien iritziak jakiteko; “erantzun denak dira legitimoak”, esan dute. “Tinko” jarraituko dute, gainera, udalak erantzun bat eman arte.
Gorka Lopategik azaldu zuenez, Alderdi Popularrak ekimen bat aurkeztu du Bizkaiko Batzar Nagusietan. Gaztelugatxen egin gura duten aparkalekua gelditzea eskatzen dute, baita EH Bilduk ere. Eguazteneko osoko bilkuran aztertzeko ekimena dela esan zuen.
Herritarrek egindako lana ere azaldu zuten; “arduratuta” antolatu eta lanean jarri ziren. Bakio eta Bermeo batuta, aparkalekuaren aurkako 1.200 alegazio aurkeztu zituzten. Martxoaren 10era arteko epea dauka aldundiak erantzuna emateko. Alegazioak aurkeztu dituztenek aldundiaren erantzuna jaso beharko lukete. Bitartean, aldundia geldirik ez dagoelako kritiko agertu ziren, “saltzen eta promozionatzen” jarraitzen dutela esanik.
SOS Gaztelugatxe plataforma sortzeko 140 sinadura ere batu zituzten herritarrek, eta 500 kamiseta eta 800 txapa saldu dituzte; alde batetik, plataformaren gastuak ordaintzeko, eta bestetik, aldarrikapena ikusgai egiteko. Denda eta tabernetan babesa eskatzeko kartelak banatzen hasi dira, eta harrera “oso ona” eduki dutela diote; “itsulapikoekin batera jarri dituzte”.
Edorta Jimenez idazleak bertoko idazleek Gaztelugatxeren alde idatzitako testua irakurri zuen.