Autobus bidezko bisita gidatuak egingo dituzte Bermeotik Gaztelugatxera
Udal gobernuak osoko bilkuran aurkeztu du proba pilotua. Bilkura berdinean SOS Gaztelugatxek biotopoaren sarbidearen II. faseari buruz daukan iritzia galdetu dio alkateari.
Gaztelugatxeko San Juanera joateko ibilgailu pribatuen erabilera murriztu gura du Bermeoko Udalak, eta era berean, turismoa kudeatzeko eredu arduratsua gauzatu. Hala, biotopora joateko autobus bidezko bisita gidatu zerbitzua jarriko du martxan Aste Santuko jai egunetan. Proba pilotua izango dela azaldu du Aritz Abaroa alkateak.
Autobusak herritik biotopora joango dira, ondoren abiapuntura itzultzeko; orduro eskainiko da. Abiapuntu nagusia Pergolako aparkalekua izango da. Bertan, Urremendiren eta Urdaibaiko Patronatuaren lankidetzagaz, eta turismo jasangarrirako kartaren baitan, informazio puntu bat jarriko dute, zerbitzuari eta herriari zein eskualdeari buruzko argibideak emateko. Helburua da ibilgailua herrian bertan aparkatzean turismoak herriko ekonomia bultzatzea. Pergolan ezeze, Lameran ere batuko dituzte bidaiariak, “udalerrira trenez edo autobusez datozenei zerbitzua erabiltzea errazteko”.
“Bermeo eta Gaztelugatxeren arteko lotura indartu behar da, ez da parke tematiko bat”.
Zerbitzuak eskaintzen duen bisita gidatuak “inguruko tradizioak, ohiturak eta gertakari historikoak izango ditu oinarri”. Bisitariek Gaztelugatxeren “irudi erreala eta egokia” jasotzea da helburu nagusia. San Juanen hiru pausoetan inspiratutako bisita gidatua izango da. Hainbat aukera eskainiko ditu zerbitzuak: autobusa eta bisita gidatua, garraio zerbitzua bakarrik edo bisita gidatua bakarrik. Gaztelugatxen bisita gidatuak ordu erdiro izango dira. “Bermeo eta Gaztelugatxeren arteko lotura indartu behar da, ez da parke tematiko bat”.
Ekimenaren jatorria iazko udan martxan jarritako bisiten esperientzia arrakastatsuan dagoela diote; orain, garraio zerbitzuagaz osatuko da. Aste Santuan eskainiko den zerbitzua ahalik-eta gehien zabaltzea dute helburu, “Gaztelugatxe ibilgailu pribatuekin ez betetzeko”.
Udaltzain laguntzaile bat. Bestalde, ibilgailuek Gaztelugatxen eragiten dituzten arazoez jabetuta, udalak udaltzain laguntzaile bat jarriko du inguruan lanean. Bere egiteko nagusia ibilgailuen joan-etorriak hobetzea eta inguruko aparkalekuak arautzea izango da. Udaltzain hori Ertzaintzagaz koordinatuta egongo da, “bisitariek seinaleztatutako guneetatik kanpo aparkatu ez dezaten”. Gainera, Bermeon dauden aparkalekuen eta garraiorako aukeren berri emango die bisitariei.
Alkatearen iritziz, SOS Gaztelugatxerena ez zen mozio bat baizik eta berari zuzendutako gutun bat; “horregatik ez da mozio modura sartu gai zerrendan”
Aipatu proba pilotuaren berri joan den barikuko osoko bilkuran eman zuen alkateak, SOS Gaztelugatxeko kideak aurrean zeudela.
Plataformako kideak gai zerrendan ez zegoen eta aurkeztuta zeukaten mozio batengatik galdezka joan ziren; herritar ugari ere bertaratu ziren. Alkatearen iritziz, SOS Gaztelugatxerena ez zen mozio bat baizik eta berari zuzendutako gutun bat; “horregatik ez da mozio modura sartu gai zerrendan”, esan zuen.
Hala ere, osoko bilkura amaitzean, Eider Gotxik hartu zuen hitza plataformaren izenean. Kritiko agertu zen, berak idatzitakoa ez zelako gutuna, “helburu zehatz bategaz idatzitako mozioa baizik”. Aurkezterakoan, gainera, gainontzeko alderdi politikoei bidaltzeko eskaera ere egin zutela dio: “Ez da horrela egin, eta oso larria da”.
Bizkaiko Foru Aldundiak Urizarretan egin gura duen aparkaleakuari buruzko udalaren iritzia jakin gura dute, hain zuzen ere
SOS Gaztelugatxek jakin gura du Bermeoko Udalak Gaztelugatxera iristeko sarbidearen II. faseari buruz daukan iritzia: “Legebiltzarreko partidu politikoen iritziak entzun ditugu, Bakioko Udalarenak eta hango alderdi politikoenak, elkarte ezberdinenak ere bai… Udal honen iritzia ezagutzea falta zaigu, horregatik aurkeztu dugu mozioa, eta ez gutuna”. Gertatu dena “erantzunik ez emateko aitzakia” bat dela esan zion Gotxik alkateari.
Bizkaiko Foru Aldundiak Urizarretan egin gura duen aparkaleakuari buruzko udalaren iritzia jakin gura dute, hain zuzen ere: “Badakigu Bakioko lurretan dela, baina biotopo babestuari eta Bermeoko bizilagunei zuzenean eragiten die“.
Aparkalekuak egiteko beharrezkoak diren hondeaketa lanak aipatu zituen Gotxik: “Hori betetzeko 6.000 metro kubiko harri beharko dira, Ereño eta Foruko harrobietatik ekarrita. Kamioietan ekarriko dute gure errepidetik, hau da, Bermeo eta Bakio lotzen dituen errepidetik, eta denok dakigu errepidearen egoera zelakoa den. Kamioiak 2.000 bidaia egin beharko luke. Oso arriskutsua da”.
Aparkalekuak 105 metroko luzera izango duen horma bat izango duela gogorarazi du, eta altueran 15 edo 20 metro, 5 edo 6 solairuko eraikin baten antzekoa. “Herri askotan debekatuta dago neurri horretako eraikinak egitea, paisaia mantendu behar delako, biotopo baten ondoan egitea, baina, berdin zaigu. Gainera, baso gazte bat suntsitu behar dugu. Gaztelugatxen masifikazioa baldin badago, aldundiak turismoari dei itzela egin diolako izan da”.
Alde egin zuten. “Moziorik ez, eta gutunean zer bozkatu ez dagoela eta” alkateak amaitutzat eman zuen gaia, “plataformaren galderei erantzunik eman barik”. Hala, osoko bilkurara bertaratutako herritarrek protestan eta haserre utzi zuten aretoa.
Bermeoko alkateak gogorarazi du aldundiak 2018an plana aurkeztu zuenean Bermeoko Udalak alegazioak aurkeztu zituela. “Horiek dira orain udalaren bide orria”. Gaur gaurkoz, alegazio horien erantzunaren zain jarraitzen dutela esan zuten bai EH Bilduko zinegotziek eta bai SOS Plataformakoek ere.
EH Bilduren ustez, “salagarria eta onartezina” da alkatearen jarrera: «SOS Gaztelugatxe plataformaren mozioa osoko bilkuran eztabaidatzea galarazi du, eta gainera, ez diete erantzuteko aukerarik eman. Hori da EAJren parte hartze eredua? Herritarrei euren ideiak defendatzeko oztopoak jartzea?”. Koalizioak “turismo jasangarri baten aldeko” apustua egiten du: “Gure Gaztelugatxe zaintzeko apustua egiten dugu, eta horregatik, aparkalekuaren aurka gaude”.
EH Bilduk zein Guzanek uste dute elkarlanerako pausoak eman eta parte hartzea bermatu behar dela; mahai bat sortzea proposatu dute, “herritarren, erakundeen eta udaleko ordezkarien parte hartzeagaz”.
Guzanen iritziz, “ahalik eta inpaktu sozial, fisiko eta psikologiko txikiena sortzeko Gaztelugatxek daukan bisitariak hartzeko ahalmena neurtu eta errespetatu behar da“. Modu horretan lortuko da bisitariek lekuagaz gozatzea eta paisaia naturala eta ekosistemak ez suntsitzea.