Aldundiak oinezkoentzako pasealekua egingo du Bermeo eta Matxitxako lotzeko
Bizkaiko Foru Aldundiak Gaztelugatxeko San Juanerako sarbideak eta bisitak antolatu eta hobetzeko dauzkan proiektuak aurkeztu ditu.
Bizkaiko Foru Aldundiak Bermeo eta Matxitxakoko itsasargia lotzeko oinezko pasealekua egingo du. Gaur [azaroak 26] aurkeztu dituzte Gaztelugatxeko San Juanerako sarbideak eta bisitak antolatu eta hobetzeko dauzkaten proiektuak, eta horren baitan sartzen da pasealekua egitearena. 2024. urtera arteko egitasmoa aurkeztu dute, eta 2,7 milioi euroko inbertsioa egingo dute.
Dagoeneko badago Bakio eta Lurgorriko aisialdirako gunea lotzen dituen oinezkoentzako bidea. Hala, bide horri jarraipena eman eta Bermeoko hiriguneraino luzatu gura dute Matxitxakoko itsasargitik, «guneari beste erakargarritasun turistiko bat gehituz», esan du Elena Unzueta Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala zaintzeko diputatuak. Araneko kiroldegiko ondoko aparkalekutik abiatuko da pasealekua, eta gutxi gorabehera, 7,5 kilometro edukiko ditu. Modu horretan, Bermeotik oinez joan ahalko da Gaztelugatxeko San Juanera, Matxitxako itsasargia eta Lurgorriko aisialdirako gunea zeharkatuta.
2022.urterako. Oinezkoentzako pasealekuak, gutxienez, 1,50 metroko zabalera edukiko du. Zati batean –Bermeo barruan dago–, lehendik dagoen espaloia aprobetxatuko dute, eta beste batean baso pista bat egokituko da, sastrakak kenduz eta zoru naturala jarrita. Material hori bera erabiliko dute ibilbide osoan.
Madariaga erreka gainditzeko, berriz, pasabide bat diseinatzen ari direla esan dute: «Pasabide horrek naturgunean integratzea izango du ezaugarri nagusi». Era berean, Erleko Puntako begiratokia ere egokituko dute; egungo hormigoizko horma egurrezko baranda batengatik ordezkatuko dute, eta altzariak eta seinaleak berrituko dituzte. Horretarako, baina, apur bat itxaron beharko da, 2022.urtearen amaierara arte, hain zuzen. Pasealekua egiteko aurrekontua 1.020.000 eurokoa da.
Bestalde, Ekialdeko sarbidean ere hobekuntzak egingo dituzte, lehengo Bermeo-Bakio errepidean, Ermuko sarbidetik, gaur egun autoentzako aparkaleku modura erabiltzen den gunean, hain zuzen. Garraio publikoaren irisgarritasuna errazteko, autobusentzako geralekua egingo dute, eta aparkalekua egokituko dute, lekuak gehitu barik; 32 ibilgailurentzako lekua egoten jarraituko du. Hori bai, autobusentzako bost aparkaleku egingo dituzte, eta autobusek biratu ahal izateko plataforma bat ere jarriko dute, «maniobrak errazteko».
Lan horiek egiterako orduan, Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumeneko Zuzendaritzaren gomendioak beteko dituztela azaldu dute, «garapenean sartu beharreko materialei eta elementuei dagokionez». 2024ko erdialderako amaituta egotea aurreikusi dute.
Bakiotik lanak hasita. Mendebaldeko sarbidean hasi dira lanak egiten, hau da, Bakioko Urizarreta gunean. BI-3101ko bidegurutzea hobetzeko lanak zehazten ditu proiektuak. Bakiotik Gaztelugatxera doazen ibilgailuek «segurtasun osoz» ezkerrera biratzeko erdiko errei bat egingo dute. Autobusen geralekua mugituko dute, eta sarbide barruan maniobrak erraztu aldera, autobusak biratzeko plataforma bat eraikiko dute. Lanak urte amaierarako prest egotea aurreikusten da.
Era berean, Urizarreta inguruko aparkalekua antolatuko dute, «oinezkoen segurtasuna bermatzeko». Bi jarduketa garatuko dituzte, «ingurumen organoak ezarritakoa beteta». Bata, ibilgailuei zuzendutako 51 lekuko aparkalekua egitea; eta bestea, gaur egungo aparkalekua birmoldatu eta autobusentzako aparkaleku bihurtzea. Txirrinduentzako gune bat ere ezarriko dute. Etorkizunean aparkalekua garraio publikora bideratu gurako lukete, ibilgailu pribatuetara beharrean, eta garraiobide jasangarriak sustatzea da asmoa.
Biotopoa delako, lehentasuna ingurua errespetatzea dela dio Unzuetak: «Ez gaude udaldirako milaka aparkaleku egiten, gutxiengoak egingo ditugu, eta autobusentzat asko».