Bigarren mozio bat aurkeztu du SOS Gaztelugatxek
Bermeoko Udalaren eta herriko alderdi politikoen iritzia jakin nahi du, eta herritarrei jakinaraztea eskatzen du mozioak
SOS Gaztelugatxe plataformak bigarren mozioa aurkeztu du Berhaz bulegoan, Bermeoko Udalak eta alderdi politikoek Gaztelugatxeko proiektuari buruz duten iritzia jakin nahian. Gaztelugatxera iristeko sarbidearen bigarren faseari buruz eztabaidatzea eta proiektuarekiko duten iritzia herritarrei jakinaraztea eskatzen du aurketu duen mozioan. Horretarako, ez-ohiko bilkura deitzeko eskatu die udal arduradunei. Joan den asteko osoko bilkuran ere idatzia aurkeztu zuen SOS Gaztelugatxek, baina ez zuten eztabaidatu, Aritz Abaroa alkatearen ustez, aurkeztutakoa ez zelako mozioa, berari zuzendutako gutuna baizik.
SOS Gaztelugatxek osoko bilkuran esan bezala, Legebiltzarreko partidu politikoen iritziak entzun dituzte, baita Bakioko Udalarenak, hango alderdi politikoenak eta zenbait elkarterenak ere. Orain, Bermeoko Udalaren iritzia jakin nahi dute, eta horregatik aurkeztu dute mozioa.
Proeiktuak sortzen dizkien kezkak era ardurak ere zehaztu dituzte mozioan. Zortzi dira identifikatu dituzten puntuak. Hala, proiektuak oinarririk ez duela diote lehendabizi; haien ustez, ez dagoelako justifikatuta arazoari irtenbidea emateko modurik egokiena denik: “Ez da aipatzen beste alternatibarik ikertu den ezta proiektu hori zergatik aurkeztu den”. Halaber, BI-3101 errepidearen egoera dela eta, obra egiteko beharko den material kopurua errepide horretatik garraiatzea arriskutsua izan daitekeela uste du plataformak. “Guztiok dakigu zein den errepide horren egoera eta zein arrisku dituen”, aipatu dute. Gainera, Arenerako oinezkoen bidea ere badela gogorarazi dute, eta auzokoek euren “bizitza arriskuan jarri” behar dutela. Horri konponbidea ematearen ardura erakunde publikoena dela aipatu dute.
Ingurmenean eragina. Gainera, errepide horren legezkotasuna ere zalantzan jarri du SOS Gaztelugatxek, eta argitzeko eskatu. Errepide berria eraikitzeagaz batera, baso bat landatzea ere onartu zela aipatu du plataformak. Baina, diotenez, aparkalekua egiteko baso hori suntsitu egin beharko litzateke. Obren ingurumen inpaktuaren txostena ere dudan ipini dute. “Ingurumen organoaren administrazio ebazpenak obrak eragin esanguratsurik ez duela izango ondorioztatu duen arren, begi-bistakoa da izango duen ingurumen-inpaktua: 105 metroko luzera eta 15-20 metroko altuera izango duen horma biotopo baten ondoan egitea astakeria handia da”, haien ustez. Ibilgailu pribatuen joan-etorrien emisioak ere aipatu dituzte, eta airearen eta zarataren kalitatean izango lukeen inpaktua handituko litzatekeela.
Horrek guzti horrek biodibertsitatean galera handia ekarriko lukeela jaso du SOS Gaztelugatxek mozioan, eta, besteak beste, herritarren parte-hartzearen printzipioa aintzat hartzeko ere eskatu du.
Mozioa aurkezteko eta eztabaidatzeko ez-ohiko bilkura deitzeaz gain, gai ordenean jasotzeko eta, “aurreko osoko bilkuran ez bezala, mozio bat den aldetik, bozkatau izan dadila” eskatu du plataformak.