Zesta punta zaleek Jabier Gerrikaetxebarria puntista ajangiztarra omenduko dute, gaur. Ajangizko tigrea 70. hamarkadako puntista garrantzitsuenetako bat izan zen AEBetan, eta zesta puntaren munduak “merezitako” omenaldia egingo dio Calzada egoitzaren aldeko zesta punta jaialdian.Gerrika, baina, ez da omenaldian egongo, duela hilabete inguru hil baitzen. Jesus Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkateak nabarmendu duenez, “pena da” ajangiztarrak omenaldiagaz gozatu ezin izatea. Gonzalo Beaskoetxea Gernika-Lumoko zesta punta eskolaren arduradunak dioenez, Gerrika omenaldiaren data heltzeko irrikitan zegoen, baina zoritxarrez, ezin izango du zaleen txalo zaparradarik jaso. Beaskoetxearentzat bereziki mingarria izan da Ajangizko tigrearen heriotza. AEBetan pisukide izan zuen Gerrika, eta lagun handiak zirela azaldu du zesta punta eskolaren arduradunak. Ajangizkoa orduko puntista hoberenetako bat izan arren, haren ontasuna nabarmendu du Beaskoetxeak. Dioenez, “pertsona bikaina zen, eta hortaz, gogorra izango da barriro ez ikustea”. Gaurko omenaldian zesta puntaren munduak azken agurra emongo dio Gerrikari, ekitaldi xume baina hunkigarri batean. Beaskoetxeak azaldu duenez, AEBetan eta Euskal Herrian pertsona oso maitatua zen, eta omenaldian jende asko batzea aurreikusten dute. Gerrikagaz jokatu duten hainbat puntista, esaterako, Gernika-Lumon izango dira. Jaialdiko partidak Urtero bezala, Jai Alai frontoira doazenek zesta punta jaialdi edar bategaz gozatzeko aukera izango dute, Calzada egoitza laguntzeagaz batera. Izan be, jaialdiko sarrerekin batzen duten dirua egoitzari emongo [...]
Bizkaia Gernika Rugby taldeak garaipenaren bidera bueltatu gura du, joan den asteburuan La Vilaren kontra galdu ostean. Bertokoen aurkaria ligako seigarren jardunaldian Universidad Vigo (Galiza) izango da. Hain zuzen, domekan jokatuko dute norgehiagoka, 12:30etik aurrera. Vigoko taldea azkenaurreko sailkatua da, eta partida bakarra irabazi du ligan. Bizkaia Gernikak, bestalde, sailkapenaren buruan jarraitzen du, La Vilaren kontra galdu arren. Teorian alde handia dago bi taldeen artean. Gernikarra, esaterako, entsegu gehien egiten duen taldea da; Vigo, bestalde, entsegu gehien jasotzen duen taldeetako bat. Hala, ezustekoa emongo luke Vigok, jokoan dauden puntuak irabaziz gero. 2011-2012 denboraldian, esaterako, galizarren kontra jokatutako bi partidak irabazi zituzten basurdeek. Ligan seigarren garaipena lortzeko, gainera, etxeko zaleen laguntza izango dute Gernika-Lumoko jokalariek, Urbietan lehiatuko baitira galizarren kontra.
Etxebizitza desjabetu behar ziotela eta, bere buruaz beste egin duen emakumearen heriotza salatzeko elkarretaratzea egingo dute gaur, 19:30ean, Merkurio iturrian, Banketxeak hiltzaileak! Etxeen desjabetzeak gelditu lelopean. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak baieztatu duenez, 09:20 aldera gertatu da ezbeharra, Barakaldon. top Kaleratzeak elkarteak adierazi duenez, Caixabankeko Building Center higiezinen enpresa da emakumea etxetik egozteko prozedura hasi duena.