
Bilduren legebiltzarkideak kreditazioa jasotzen
Gaur goizean EH Bilduko hogei hautetsik —Hasier Arraizek beranduago hartuko du, goizean zehar ziurrenik— Eusko Legebiltzarreko aktak jaso dituzte. Koalizioko gainontzekoekin legebiltzarkideekin batera, Maribi Ugarteburu amorotoarra be kreditatu da.
Hauteskundeetan agindu bezala, legebiltzarkide aktak jaso bezain laster, “euskal gizartearekiko konpromiso etikoa” izenpetu dute Bildukoek, politika egiteko beste modu bat aldarrikatuz.
Laura Mintegi lehendakarigaiak akta jaso ostean jakinarazi duenez, “ilusioz” beterik ekingo dio koalizioak legealdi berriari eta “politika letra larriz” egingo dute. “Gobernatzen arituko bagina bezala egingo dugu politika legebiltzarrean”, esan du. Ganberatik kanpo ere lan egingo dutela agindu du, “legebiltzarra tresna bat baita, ez helburua”.
UPDko hautetsi Gorka Maneiro izan zen kreditazioa hartzen lehena, iragan astelehenean. EAJko 27 ordezkariek hartu zituzten hurrena, eta orduan hasi zen Eusko Legebiltzarraren osatze prozesua. Izan be, legebiltzarrraren herenak kreditazioa hartzean hasten da martxan eratze prozesua. PSE-EEko 16 hautetsiek eguaztenean hartu zituzten aktak, eta beraz, soilik PPko 10 ordezkariak falta dira.