Gaur omenduko dute Gerrika, Calzadaren aldeko zesta punta jaialdian
Zesta punta zaleek Jabier Gerrikaetxebarria puntista ajangiztarra omenduko dute, gaur. Ajangizko tigrea 70. hamarkadako puntista garrantzitsuenetako bat izan zen AEBetan, eta zesta puntaren munduak “merezitako” omenaldia egingo dio Calzada egoitzaren aldeko zesta punta jaialdian.Gerrika, baina, ez da omenaldian egongo, duela hilabete inguru hil baitzen. Jesus Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkateak nabarmendu duenez, “pena da” ajangiztarrak omenaldiagaz gozatu ezin izatea. Gonzalo Beaskoetxea Gernika-Lumoko zesta punta eskolaren arduradunak dioenez, Gerrika omenaldiaren data heltzeko irrikitan zegoen, baina zoritxarrez, ezin izango du zaleen txalo zaparradarik jaso. Beaskoetxearentzat bereziki mingarria izan da Ajangizko tigrearen heriotza. AEBetan pisukide izan zuen Gerrika, eta lagun handiak zirela azaldu du zesta punta eskolaren arduradunak. Ajangizkoa orduko puntista hoberenetako bat izan arren, haren ontasuna nabarmendu du Beaskoetxeak. Dioenez, “pertsona bikaina zen, eta hortaz, gogorra izango da barriro ez ikustea”. Gaurko omenaldian zesta puntaren munduak azken agurra emongo dio Gerrikari, ekitaldi xume baina hunkigarri batean. Beaskoetxeak azaldu duenez, AEBetan eta Euskal Herrian pertsona oso maitatua zen, eta omenaldian jende asko batzea aurreikusten dute. Gerrikagaz jokatu duten hainbat puntista, esaterako, Gernika-Lumon izango dira. Jaialdiko partidak Urtero bezala, Jai Alai frontoira doazenek zesta punta jaialdi edar bategaz gozatzeko aukera izango dute, Calzada egoitza laguntzeagaz batera. Izan be, jaialdiko sarrerekin batzen duten dirua egoitzari emongo [...]
Zesta punta zaleek Jabier Gerrikaetxebarria puntista ajangiztarra omenduko dute, gaur. Ajangizko tigrea 70. hamarkadako puntista garrantzitsuenetako bat izan zen AEBetan, eta zesta puntaren munduak “merezitako” omenaldia egingo dio Calzada egoitzaren aldeko zesta punta jaialdian.Gerrika, baina, ez da omenaldian egongo, duela hilabete inguru hil baitzen. Jesus Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkateak nabarmendu duenez, “pena da” ajangiztarrak omenaldiagaz gozatu ezin izatea.
Gonzalo Beaskoetxea Gernika-Lumoko zesta punta eskolaren arduradunak dioenez, Gerrika omenaldiaren data heltzeko irrikitan zegoen, baina zoritxarrez, ezin izango du zaleen txalo zaparradarik jaso.
Beaskoetxearentzat bereziki mingarria izan da Ajangizko tigrearen heriotza. AEBetan pisukide izan zuen Gerrika, eta lagun handiak zirela azaldu du zesta punta eskolaren arduradunak.
Ajangizkoa orduko puntista hoberenetako bat izan arren, haren ontasuna nabarmendu du Beaskoetxeak. Dioenez, “pertsona bikaina zen, eta hortaz, gogorra izango da barriro ez ikustea”.
Gaurko omenaldian zesta puntaren munduak azken agurra emongo dio Gerrikari, ekitaldi xume baina hunkigarri batean. Beaskoetxeak azaldu duenez, AEBetan eta Euskal Herrian pertsona oso maitatua zen, eta omenaldian jende asko batzea aurreikusten dute. Gerrikagaz jokatu duten hainbat puntista, esaterako, Gernika-Lumon izango dira.
Jaialdiko partidak
Urtero bezala, Jai Alai frontoira doazenek zesta punta jaialdi edar bategaz gozatzeko aukera izango dute, Calzada egoitza laguntzeagaz batera. Izan be, jaialdiko sarrerekin batzen duten dirua egoitzari emongo diote antolatzaileek.
Lehenengo partidan Barandika eta Lekerika gernikarrek jokatuko dute. Mandagaranegaz batera jokatuko du Barandikak, eta Aldazabalegaz batera Lekerikak. Bigarren partidan, Tamborindeguy-ren eta Mayaren kontra lehiatuko dira Foronda eta Minvielle. 22:00etan hasiko dira partidak.