Bermeoko Udalak parte-hartze prozesua hasi zuen duela zenbait hilabete, etorkizuneko Bermeo marrazte aldera. Prozesua martxan jarri, eta 2011ko abenduaren 16an egin zuten lehenengo batzarra, Kafe Antzokian. Prozesuaren barri emoteaz gain, herritarrek herriaren inguruan dituzten iritziak jaso zituzten batzarrean. Jasotakoaren barri emotean, herritarrek gune itxien beharra sumatzen dutela nabarmendu du Udalak. Azaldu dutenez, abenduaren 16an 180 lagun hurreratu ziren Bermeoko Kafe Antzokira, Zer behar dugu Bermeon? eta Zer du ona Bermeok? galdereei erantzuna emonez. Hormako paretetan txarteltxoak jarri zituzten herritarrek; guztira, 839 erantzun jaso zituzten. Zehazki, Zer behar dugu Bermeon? galderaren 601 erantzun jaso zituzten, baina beste hainbat gaiz be jardun ziren herritarrak Kafe Antzokian; hala nola, ekonomia-lan munduaz, garbitasunaz, kulturaz, gazteez, turismoaz, hirugarren adinaz, txakurrez, emakumeez, ingurumenaz, euskaraz, etorkinez eta osasunaz. Gehienak, hirigintza arlokoak Gehiengoak hirigintza alorrean ikusten ditu gabeziak; aipatu bezala, gune zarratuen beharra ikusten dute, esaterako. Alde zaharra txukundu eta bizitu behar dela be uste dute askok. Udalaren inguruko hainbat erantzun be batu zituzten egun horretan. Besteak beste, Udaltzaingoaren zerbitzua hobetu beharko litzatekeela, isunak kontrolatu beharko liratekeela eta udaltzain gehiago behar direla uste dute herritarrek. Horrez gain, udalean diruaren erabilera egokia egin beharko litzatekeela uste dute: soldatek baxuagoak beharko luketela izan, gastuen kontrola areagotu beharko litzatekeela… Bildutako iritzien [...]
Euskal Herriko zirkuiturako denboraldiko lehenengo proba puntuagarria jokau dute asteburuan Busturialdeko duatletek: Sprint distantziako Barakaldoko hamahirugarren duatloia (5km-19’5km-2’5km). Irabazi ez arren, bertokotik izan da podiumean, Kepa Ru...
18/98 auzian kartzelatutako Juan Pablo Dieguez Bermeoko bizilaguna Bermeoko etxean da abenduaz geroztik. Egunerokotasunean ondo moldatzen den arren, bere egoera psikologikoak kezkatzen du haren alaba Bittori Dieguez; izan be, azaldu duenez, kartzelatik irten eta denbora gutxira, psikologikoki ez zegoela ondo nabaritu zioten familiakoek. «Entzun entzuten du jendeak dioena, baina ez du jaramonik egiten; bere munduan balego bezala sentitzen dugu», dio alabak. Bermeoko bizilaguna 2009ko apirilaren 30ean atxilotu zuten. Sei urte eta bederatzi hilabeteko espetxe zigorra ezarri zioten, eta Basauriko kartzelan ari zen betetzen. Prostatako minbizia du Juan Pablo Dieguezek eta zegokion tratamendua jasotzeko etxera bidaltzeko eskaera egin zioten abokatuek espetxe zuzendaritzari, medikuen txostenak aurkeztuz horretarako. Hala, horretarako baimena eman zioten 2011ko urtarrilaren 20an, bere mugimenduak kontrolatzen dituen pultsera jarrita. Ordutik, 2011ko abendura arte Bilbon bizi izan da; abenduaz geroztik, ostera, Bermeoko etxean dago, emazteagaz batera. Hainbat erorketa Urtebete pasatxo igaro da orduko hartatik. Dieguezen alabak azaldu duenez, «minbizia nahiko ondo darama». Dena den, belaunak txarto dituela dio. Protesiak ditu belaun bietan eta mina arintzeko txaplatak ditu belaunetan. Ebakuntzaren zain daudela dio. «Ez dakigu zergatik, baina sendagileek ez diote ebakuntza egin gura», dio alabak. «Sarritan erortzen da, ezagutzen ez ditugun arrazoiak tarteko», gaineratu du; «astebetean bost alditan be erori da». Minbiziaz eta [...]
Bermeoko Udaleko Herri Babeserako boluntarioen beharra dagoela esan dute, ordezkapena eskatu baitute egungo boluntarioek. Juan Karkos Agirre udaleko Partaidetza zinegotziak azaldu duenez, «batzuek taldea utzi dute, eta geratzen direnek erretiratzeko asmoa dute». Herri Babeseko kideek hainbat lan egiten dituzte urtean zehar Bermeon; besteak beste, suteak itzaltzen, salbamendu lanak egiten, hondamendiei aurre egiten, segurtasun kontrolak egiten, larrialdietarako planak egiten… aritzen dira. «Herrian ezbehar bat gertatzen den bakoitzean agertzen dira Herri Babesekoak, euren kamioiekin, makinekin eta tresneria eta baliabide ugariekin, laguntza emoteko prest, udaleko behargin eta udaltzainekin batera», dio Agirrek. Hala, askotan, euren laguntzari esker hainbat ezbehar konpondu, bideratu edo zuzendu dituztela esan du zinegotziak. Horregatik, boluntario horien laguntza ezinbestekoa dela deritzo Agirrek. Doako harremana dute Herri Babesekoek Bermeoko Udalagaz; «giza, solidaritate eta borondate oneko sentimenduetan oinarritzen den interes bako zerbitzu prestakuntza emoten dute, alegia». Taldea ordezkatzeko Urte askotan jardun dute beharrean Herri Babeseko boluntarioek, baina orain beste herritar batzuei pasatu gura diote lekukoa. Horregatik, Herri Babeseko talde barria osatzeko deia luzatu gura izan dute udaletik. Bada, taldean parte hartu gura duenak hiru baldintza bete beharko ditu: 18 urtetik gorakoa izatea, Bermeon bizitzea eta ezartzen dituzten frogak gainditzea. Baldintza horiek betez gero, berh@z bulegoan eskatu beharko da eskaera orria. Behin taldeko kide [...]
Gernika-Lumo bonbardatu zutenetik 75 urte beteko dira apirilean; eta urteurren hori, bai nazioartean eta baita Euskal Herrian be, testuinguru berezi batean kokatzen dela esan zuen zapatuan Gernika Batzordeak, prentsaurrekoan. Askatasuna, bakea… AUTODETERMINAZIOA lelopean, bonbardaketaren 75. urteurrena “modu positibo batean txertatu” behar dela esan zuen Sabin Ibazetak, Gernika Batzordearen izenean. “Aurrera begira sekulako potentzialitatea eskaintzen duen une historiko honetan ezinbestekoa ikusi dugu 75. urteurrena modu positiboan txertatzea, gatazka politiko honen behin betiko konponbideari bere ekarpena eginez”. Horretarako, apirilaren 19tik 26ra bitartean, Gernika-Lumo Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidearen aldeko hiriburua eta bozgorailua bihurtu behar dela aipatu zuen Gernika Batzordeak. Ibazetak azaldu zuenez, Euskal Herriari eta euskal herritarrei dagozkien eskubide indibidual eta kolektiboak aldarrikatuko dituen txori koloretsuaren aldeko apustua egingo du Gernika Batzordeak. “Abioi eta lehergailu hiltzaile horien xedea Euskal Herriaren ukazioa bermatzea izan zen. Koloretako txori horrek, barriz, Euskal Herriaren aitortza, bere existentzia eta etorkizunaren aldeko mezua aldarrikatzen du”. Etorkizuna libre erabaki Gatazka politikoaren muina euskal herritarrei dagokien hitza eta erabakitzeko ahalmena aitortzean datzala esan zuen Ibazetak. “Euskal herritarrei dagokie libre eta demokratikoki, inongo injerentziarik barik, euren etorkizunaz erabakitzea”. Hortan datza, Gernika Batzordearen iritziz, gatazkaren bataila politikorik nagusiena: “orain arteko ukazio historikoa eta demokratikoa konfrontatzean, indar metaketan”. Haren esanetan, Espainiak eta Frantziak duten [...]