Juan Pablo Dieguezen osasun egoerak ez du hobera egin
18/98 auzian kartzelatutako Juan Pablo Dieguez Bermeoko bizilaguna Bermeoko etxean da abenduaz geroztik. Egunerokotasunean ondo moldatzen den arren, bere egoera psikologikoak kezkatzen du haren alaba Bittori Dieguez; izan be, azaldu duenez, kartzelatik irten eta denbora gutxira, psikologikoki ez zegoela ondo nabaritu zioten familiakoek. «Entzun entzuten du jendeak dioena, baina ez du jaramonik egiten; bere munduan balego bezala sentitzen dugu», dio alabak. Bermeoko bizilaguna 2009ko apirilaren 30ean atxilotu zuten. Sei urte eta bederatzi hilabeteko espetxe zigorra ezarri zioten, eta Basauriko kartzelan ari zen betetzen. Prostatako minbizia du Juan Pablo Dieguezek eta zegokion tratamendua jasotzeko etxera bidaltzeko eskaera egin zioten abokatuek espetxe zuzendaritzari, medikuen txostenak aurkeztuz horretarako. Hala, horretarako baimena eman zioten 2011ko urtarrilaren 20an, bere mugimenduak kontrolatzen dituen pultsera jarrita. Ordutik, 2011ko abendura arte Bilbon bizi izan da; abenduaz geroztik, ostera, Bermeoko etxean dago, emazteagaz batera. Hainbat erorketa Urtebete pasatxo igaro da orduko hartatik. Dieguezen alabak azaldu duenez, «minbizia nahiko ondo darama». Dena den, belaunak txarto dituela dio. Protesiak ditu belaun bietan eta mina arintzeko txaplatak ditu belaunetan. Ebakuntzaren zain daudela dio. «Ez dakigu zergatik, baina sendagileek ez diote ebakuntza egin gura», dio alabak. «Sarritan erortzen da, ezagutzen ez ditugun arrazoiak tarteko», gaineratu du; «astebetean bost alditan be erori da». Minbiziaz eta [...]
18/98 auzian kartzelatutako Juan Pablo Dieguez Bermeoko bizilaguna Bermeoko etxean da abenduaz geroztik. Egunerokotasunean ondo moldatzen den arren, bere egoera psikologikoak kezkatzen du haren alaba Bittori Dieguez; izan be, azaldu duenez, kartzelatik irten eta denbora gutxira, psikologikoki ez zegoela ondo nabaritu zioten familiakoek. «Entzun entzuten du jendeak dioena, baina ez du jaramonik egiten; bere munduan balego bezala sentitzen dugu», dio alabak.
Bermeoko bizilaguna 2009ko apirilaren 30ean atxilotu zuten. Sei urte eta bederatzi hilabeteko espetxe zigorra ezarri zioten, eta Basauriko kartzelan ari zen betetzen. Prostatako minbizia du Juan Pablo Dieguezek eta zegokion tratamendua jasotzeko etxera bidaltzeko eskaera egin zioten abokatuek espetxe zuzendaritzari, medikuen txostenak aurkeztuz horretarako. Hala, horretarako baimena eman zioten 2011ko urtarrilaren 20an, bere mugimenduak kontrolatzen dituen pultsera jarrita. Ordutik, 2011ko abendura arte Bilbon bizi izan da; abenduaz geroztik, ostera, Bermeoko etxean dago, emazteagaz batera.
Hainbat erorketa
Urtebete pasatxo igaro da orduko hartatik. Dieguezen alabak azaldu duenez, «minbizia nahiko ondo darama». Dena den, belaunak txarto dituela dio. Protesiak ditu belaun bietan eta mina arintzeko txaplatak ditu belaunetan. Ebakuntzaren zain daudela dio. «Ez dakigu zergatik, baina sendagileek ez diote ebakuntza egin gura», dio alabak. «Sarritan erortzen da, ezagutzen ez ditugun arrazoiak tarteko», gaineratu du; «astebetean bost alditan be erori da». Minbiziaz eta belaunetako arazoaz gain, loaren apnea be badu; horregatik, lo egiteko arnasteko makina behar du.
Gaixotasunak gaixotasun, egunerokotasuna nahiko ondo daramala dio haren alabak. 11:00etatik 19:00etara kalean ibiltzeko aukera du Juan Pablo Dieguezek; hala, egunero-egunero goizean kalera irten eta paseatzera irtetzen da, txakurragaz batera. Erosketak egin, eta etxera joaten omen da bazkaltzera; ostean, siesta egiten duela dio alabak. Eguen oro Basauriko espetxera joan behar izaten du sinatzera, eta bertara doala aprobetxatuz, alabaren etxera joaten da bazkaltzera. Gabonetan familiagaz afaltzeko aukera izan zuen Bilbon; izan be, 11:00etan irten eta hurrengo eguneko 18:30ean Bermeoko etxera bueltatzeko aukera izan zuen Dieguezek.