Pantailak
Pantailak ahominean darabilguz aspaldion, txarrerako gehienetan, nahiz eta honetan be erabileran dagoen gakoa. Pantailetan eta pantaila bidez bizi gara azken aldion, zuzeneko bizimoduaren edertasuna galduz eta eskaintzen deuskuen guztia iragazki barik iruntsiz. Orain dala gitxi Kukai dantza taldearen kale-ikuskizun bat ikustera joan nintzan. Parke baten zan, eta hiru-lau lagun jesarrita egozan kaleko jesarleku baten atzean tente parau nintzan.
Ikuskizuna hasteagaz batera, jesarrita egoan gizonetariko bat jarleku gainean zutunik jarri eta sakeleko telefonoan bideoa grabetan hasi zan. Erdi-erdian geunkanez bere atzekook ez genduan ondo ikusten, baina ni minutu batzuetan ez nintzan mobidu, oroitzapen bideo laburren bat izango zalakoan. Egoera luzatuz joiala ikusi nebanean tokiz aldatu nintzan, inork parean traba egingo ez eustan leku batera, ikuskizunaz gozatzeko. Tarteka gizonari begiratzen neutsan eta han jarraitzen eban, besoak goian, telefonoan dana hartzen eta dantzaldia pantaila bidez jarraitzen.
Saio osoa, ordubete! Gizon harek, zuzeneko ikuskizunaren eta bizitzako une haren edertasuna eta magia galdu eta gero, ikusi ete dau bideoa etxean baten be? Jakina, hau anekdota hutsa da pantailen eragin kaltegarriagoen barri egunero jasoten gabilzan honetan. PISA probek argi itzi deuskue gehiegizko erabilerak eragiten deuskuzan kontzentrazino arazo larriak, baina ez bakarrik nerabe eta gazteen artean, helduok be zaku berean gagoz eta.
Sakontzeko gaitasuna galduz goaz, laburra, bisuala eta erreza ez dan guztia baztertuz. Hau okerra izanda, pantaila atzean badira arrisku gehiago: guzurrak eta desinformazinoa bolo-boloka.
Pantaila bat zabaltzen dogun bakoitzean begietara salto egiten deuskue, egia antzez jantzita baina guzurrezko barruko arropekin. Dotore, lirain, sinisgarri…baina faltsukeriz eta interes maltzurrez beteta. Normalean beti premina handiena dabenen aurka eta aberatsen interesen alde. Izan be, Oxfam Intermon GKEaren arabera, munduko hedabideen erdia baino gehiago mila-milioidunen esku dago eta gizarte sare plataforma guztiak superaberatsen esku: eretxi publikoa bideratu, kontrolau eta eurak gehiago aberasteko asmo argiagaz. Errealidade honen aurrean ez daukagu besterik pantailak egoki erabilten eta informazinoagaz kritikoak izaten ikastea baino. Alde txarrak aitatu ditugun moduan, onak be ugari daukiez, jakina, baina beti be formazino egokiagaz eta alerta puntuagaz. Geure opilari ikatza jarriz, desinformazinoaren aurrean tokiko hedabideen fidagarritasuna nabarmendu gurako neuke. Egin daigun geure esku dagoana: pantailak ez ditugu gure bizitzetatik aldenduko, baina ez dagiezala gure bizimoduak gidatu.