Murueta: neurrira egindako hirigintza
Muruetan ez da aldatu ez lurraldearen balioa, ez hura babesten duen legedia, ezta berori definitzen duen ingurumena ere. Nabarmen aldatu dena diskurtso politikoa izan da. Eta, azkenaldian, are kezkagarriagoa dena: diskurtso hori berridazteko saiakera.
Izan ere, orain, HAPOaren azken mugimenduarekin (Deia, 26-04-21 eta Busturialdeko Hitza, 2026-04-21), Muruetako Udalak dio lan egin dutela “inprobisariorik gabe eta udalerritik kanpoko interesik gabe”. Esaldi hori, bakarrik hartuta, arrazoizkoa izan daiteke. Arazoa da, azken urteetan kontrakoa ikusi izan dugula, hirigintza-plangintza osoa proiektu zehatz batek baldintzatuta egon baita: Guggenheim Urdaibai proiektuak.
Eta hortxe memoriak duen garrantzia.
Murueta ez da edozein lurzoru. Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren barruan dago, eta bertan indarrean dauden arauek argi uzten dute ingurumenaren babesa nagusitu behar dela edozein hirigintza-garapenen aurrean. Ez da iritzi kontua, legezko betebeharra baizik. Hala ere, azken urteotan, udalaren plangintza malgutasun handiz egokitu da, eta hori interes orokorrari helduz justifikatzea oso zaila da.
2021ean HAPOaren berrikuspena hasi zenean, argudio ofiziala indarrean zegoen araudira egokitzea zen. Horren aurka ezer gutxi esan daiteke. Baina nahikoa da aurrerapen-dokumentua irakurtzea, beste zerbait gehiago ere bazegoela ulertzeko: lurralde-antolamenduaren aldaketa zuzenean lotuta zegoen Guggenheim Museoaren handitzearekin Gernikan eta Muruetan. Hau da, hirigintza ez zen udalerriaren etorkizunaren inguruan egindako hausnarketa autonomo batetik planteatzen, baizik eta proiektu jakin batek baldintzatuta.
Testuinguru horretan agertu zen erabaki giltzarri bat: Astilleros de Murueta S.A.k okupatzen duen lurzoruaren kalifikazioa industrialetik ekipamendukora aldatzea. Ez zen doikuntza tekniko txiki bat. Museoa posible egiteko nahitaezko baldintza zen. Aldaketa egin ezean, proiektua ez zen bideragarria. Beraz, hiriko plangintza, antolamendu-tresna izateari utzi eta interes jakin baten zerbitzura jarri zen.
Eta erabaki horrekin batera, diskurtso zehatza: ontziola lekuz aldatu beharreko elementu bihurtu zen, ezarri nahi zen eredu berrian, desegokia zen aktibitatea. Museoa, aldiz, aukera estrategiko eztabaidaezin gisa aurkeztu zen, berreskuratze eta deskontaminazioaren berme gisa. Badirudi guztia zegoela lerrokatuta lurzoruaren erabileraren eraldaketa sakona justifikatzeko.
Herritarren erantzuna, ordea, irmoa izan zen. 2023ko abenduan HAPOaren aurrerapenari aurkeztutako milaka alegaziok (oraindik erantzun gabe daude) zalantzan jarri zuten ez bakarrik proiektuaren egokitasuna, baita babes maila handiko ingurune batean zuen legezko egokitzapena ere. Ez zen oposizio emozional hutsa. Ingurumen-ohartarazpenaz gain, ohartarazpen juridikoa eta soziala ere bazen..
Ondoren, 2025eko abenduaren 16a iritsi zen eta Guggenheim proiektua bertan behera geratu zen. Horrekin batera, moldatzen ari ziren Gernika-Markina Lurraldeko Plan Partzialak eta Murueta, Gernika eta Foruko alkateek Aldundiarekin sinatutako Plan Berezi Bateragarriak ere zentzua galdu zuten… Desagertu egin da, beraz, plangintza baldintzatu zuen elementua.
Eta une horretanxe ematen du berriz diskurtsoak bira bat, eta zaila da berori oportunistatzat ez jotzea. Museoa egiteko berrantolatzen ari zen espazio bera berriro aztertzen da. Ontziola, lehen etorkizunarekin bateragaitza zirudiena, orain babestu beharreko jarduera bihurtzen da. Lekualdaketaz hitz egitea saihesten da. Diskurtsoa berrantolatzen da.
Arazoa ez da iritziz aldatzea. Kezkagarria da zein erraz aldatzen den, eta batez ere, horrek zer uzten duen agerian. Atera dezakegun ondorioa saihestezina da: irizpidea ez da izan ez lurraldea, ez araudia, ezta herritarren interesa ere. Irizpidea proiektu jakin bat egotea edo ez egotea izan da.
Izan ere, plangintza proiektu jakin bat bideragarri egiteko aldatu bazen, zaila da orain esatea plangintza bera kanpoko eraginetatik libre dagoela. Aitzitik, badirudi dokumentu urbanistikoa une bakoitzeko lehentasun politikoetara egokitzen joan dela: lehenik museoa posible egiteko, orain haren hutsunea justifikatzeko.
Irizpidea aldatzea ez da ilegitimoa. Arazoa da irizpidearen koherentzia falta dela. Izan ere, logika sinple eta ez oso eraikigarri baten antza du guztiak: museoa zegoenean, ontziola soberan zegoen; museoa desagertuta, ontziola ezinbesteko bihurtu da.
Hori ez da plangintza. Hori oportunismoa da.
HAPOak udalerriaren eredua epe ertain eta luzera zehaztu beharko luke, erabakiei koherentzia emango dien marko egonkorra izan beharko litzateke. Baina kasu honetan, tresna malgua baino ez da izan; lehentasun aldakorretara egokitzeko gai dena azalpen sinesgarririk eman gabe. Eta horrek ondorioak ditu, erakundeenganako konfiantza murriztu egiten duelako eta plangintzaren beraren ideia zalantzan jartzen duelako.
Azken batean, geratzen dena ez da museo baten edo ontziola baten inguruko eztabaida soilik. Geratzen dena galdera deseroso bat da: norentzat ari dira diseinatzen Muruetaren etorkizuna? Izan ere, hirigintza-erabakiak kanpoko edo unean uneko interesen arabera hartzen direla dirudienean, udalerriaren proiektu sendo baten alde egin beharrean, Murueta kanpotik mugitzen den taula bateko pieza bihurtzen da.
Agian, deigarriena ez da jarrera-aldaketa bera, baizik eta aurretik egindakoak eta esandakoak inork ez dituela gogoratuko sinesteko duten itxaropena. Baina kasu honetan, memoria ez dago galduta. Hortxe daude dokumentuak, adierazpenak argitaratuta daude eta hartutako erabakiak argiegiak izan dira oharkabean ahazteko.
Muruetak ez du merezi unean uneko proiektura egokitzen den hirigintza plan bat. Koherentzia, zorroztasuna eta ordezkaezina den ingurunearekiko errespetua behar ditu. Gainerako guztia, plangintza itxuraz jantzi arren, inprobisazioa eta estrategia baino ez dira.