Krabelin gorriak, lotutakoa askatzeko
Irailaren 27a bada gure agendetan gorriz markatuta dugun data horietako bat. Ez kasualitatez.
Euskal Herriko memoria politikoaren parte delako, eta belaunaldiz belaunaldi transmititu den
memoria baten arrastoa daramalako. Egun horretan, duela 51 urte frankismoak fusilatutako Txiki
eta Otaegi gogoratuko ditugu, beste behin.
Iaz, haien fusilamenduaren 50. urteurrenaren atarian, argi geratu zen bost hamarkada ez direla
nahikoa izan memoria politikoaren inguruko gatazkak ixteko. Txiki eta Otaegi indarkeria
politikoaren biktima gisa aitortuak izan arren, haien aitortzaren eta memoria politikoaren inguruko
eztabaidak berriro azaleratu ziren. Eta horrek zerbait erakusten digu: memoria ez dela inoiz
iraganaz soilik ari.
Iragana ez baita aldatzen, baina iragan horri nondik begiratzen diogun bai. Nork duen hitza, noren
memoria aitortzen den, zer gogoratzen dugun eta zer uzten dugun kontakizunetik kanpo.
Horregatik, memoria ere bada gaurko eztabaida politikoen eremu bat. Eta gaurko errealitateari
begiratuta, eztabaida hori ez da hutsala.
Europan eta munduan eskuin muturra indartzen ari den honetan, faxismoaz iraganeko zerbait
balitz bezala hitz egitea gero eta zailagoa da. Ez da soilik hauteskunde atarietan agertzen den
zerbait. Kalean, sare sozialetan, egunkarietako milaka titularretan eta gure eguneroko
elkarrizketetan ere ikus daiteke diskurtso xenofobo, arrazista, matxista eta autoritarioek gero eta
espazio handiagoa hartzen dutela.
Eta, zoritxarrez, Euskal Herria ez dago horretatik salbu.
Urte luzez egindako lanari esker, babes-horma antifaxista sendo bat eraiki da herri honetan.
Memoria historikoak, mugimendu sozialek eta belaunaldiz belaunaldi egindako lan politikoak
badute zerikusirik horretan. Baina babes-horma izateak ez du esan nahi pitzadurarik ez dagoenik.
Eta azken hilabeteek nahikoa adibide utzi dizkigute pitzadura horiek ez direla urruneko zerbait
ikusteko.
Migrazioa arazo sozial guztien errudun bihurtzeko diskurtsoak gero eta errazago zabaldu dira uda
honetan. Ernaik egindako manifestazio jendetsuaren ostean ere, eztabaida politikoaren parte handi
bat antolakundearen kriminalizaziora bideratu da. Euskal Herriaren nazio izaeraren aldeko
aldarrikapenek erantzun oldarkorrak jasotzen dituzte. Eta eskuin muturreko taldeek gure kaleetan
lekua egin nahi dutenean, haiei aurre egiten dieten gazteen jarduna ere kriminalizazioaren
erdigunean kokatzen da.
Irailaren 27 honetan atzera begiratuko dugu. Noski begiratuko dugula. Herri batek ezin duelako
bere etorkizuna eraiki memoria historikoa egin gabe. Txiki eta Otaegiren argazkiak eta krabelin
gorriak aterako ditugu eta berriro gogoratuko ditugu frankismoak fusilatutako militanteak. Berriro
esango dugu ez ditugula ahaztu.
Baina ez nostalgiaz. Ezta gure buruari behin eta berriz nor izan ginen kontatzeko ere. Atzera
begiratuko dugu nondik gatozen jakiteko. Gaur non gauden ulertzeko. Eta, batez ere, hemendik
nora joan nahi dugun erabakitzeko.
Beraz, memoria ez da lore sorta bat. Ez da iraganari buruzko kontakizun itxi bat ere. Txiki eta
Otaegi gogoratzea ez da soilik nola hil zituzten gogoratzea. Haien garaia, haien militantzia eta
haien hautu politikoak ere memoria horren parte dira. Baina baita gure belaunaldiari dagozkionak
egiteko ere.
Memoria ez da soilik atzean utzi digutena.
Memoria da jaso dugun horrekin zer egiteko prest gauden.