Irin naturala
Egoera bat naturaltzen hastea da, zeozer ohiko bihurtzeko eman behar den lehen pausoa. Gauza gehiegi naturaltzen ari gara gurean: parkeetan umeak gazteleraz entzutea, txikle bat bera ere erosteko txartela erabiltzea, gure bizitza osoa sareetatik transmititzea, duela zenbait urte sei euro balio zituzten hanburgesengatik bikoitza ordaindu behar izatea…. Bada, baina, bereziki kezkatzen nauen gai bat. Logelan elefante bat daukagu. Inork seinalatzen ez duen elefante oso naturaldu bat.
Kokainaz ari naiz. Ezagun da, oro har, denok daukagula inguruan maiztasunez berau hartzen duen norbait. Ondo ikusita dago, gazte giroko hainbat eremutan (ere), en plan kolegeo irin apur bat sudurkatzea. Hala ere, paradoxikoak dira oso, gure begiek, parranda giroan, barneratuta dauzkaten komunera bidaiak. Hain zuzen ere, zerbaitegatik izaten dira leku itxietan. Bai baina ez konstante bat. Debekatutako plazera. Mundu osoak egiten du baina, badaezpada, eremu ezkutu batean. Ilegala delako sinpleki? epaituak sentitzeko beldurra? besteek esango dutenarena?. Beldur horiek, arestian aipatutako en plan kolegeo horrekin baretzen dira. Nago, ez ote den jendea, gaitzesgarria den norbait izatearen sentsaziotik libratzen, droga kontsumitzearen ekintza kolektibizatuta. “Lagun batekin egiten badut, kontzientzia ez dut sudurra bezain zikin edukiko”.
Kendu ditzagun maskarak. Ni ez naiz nor, inori zer egin behar duen edo ez esateko. Hau ez da gure ahaideek adierazi diezaguketen moral kristauaren erakusketa bat, umeei irakasten zaien aitakeriazko sistema bitarra: hau txarra, hori ona. Are, naturalduen dagoen droga alkohola izanik eta, lau haizetara edaten dugula ikusirik, gutxi hitz egin diezaiokegu guk inori aldare batetik. Hala ere, amorragarriak iruditzen zaizkit mundu horretan ematen diren botere harreman asko.
Ezin daiteke ahanzturan galdu, gure herrian, drogak eduki duen pisua. Gazte errebeldeak neutralizatzeko baliatu izan dute beti goikoek
Erro politiko argia dauka aferak. Krisitik krisira bizitzea egokitu zaie egungo gazteei. Ziurgabetasunez betetako etorkizun bat utzi diegu oinordetzan. Ez dakite lan egin ahal izango duten, prekarietatetik kanpo biziko diren, noizbait emantzipatu ahalko diren… historiako belaunaldirik trebatuenak noraeza du patu. Gainera, behin eta berriz entzun behar izan dute alferrak eta pasiboak direla. Errealitatea ulertzeko modu berrietara garamatza horrek eta, historia ziklikoa denez, munduari aurre egin beharrera baita. Ihesbide bat bilatzearen deman sartzen da sudurra zuritu nahia.
Ezin daiteke ahanzturan galdu, gure herrian, drogak eduki duen pisua. Gazte errebeldeak neutralizatzeko baliatu izan dute beti goikoek. Galindo guardia zibil ezagunak ez zituen armak soilik erabili belaunaldi osoak hiltzeko. Ez dago urrun joan beharrik, kostako herrietan, diruz beteta etortzen ziren marinel gazteen sarraskia bera ere adibidetzat hartzeko. Drogak adikzioa dakar, adikzioak isolamendua eta isolamenduak miseria. Bizitza zorigaiztokoak eratzeko makina da kokaina.
Inor errudundu gabe, bada garaia droga desnaturaltzen hasteko. Eta, bide batez, gure tabernetan, berrogeita piku urteko zenbait etxekalte, hamabost urteko gaztetxoekin, haien lehen marra jartzera doazenean, honek dakarrenaren jakitun, erantzun bat emateko. Behin zerbait naturaltzen hasita, nazkagarri horiekiko mespretxuak naturaldu ditzakegu agian.