Eskola publikoa jagon behar dan moduan
Berrogei urtez Eskola Publikoan andereño moduan lan egin ostean eta orain jubilatuta nagoala Hezkuntza Sailarekiko iritzi bera daukat: Hezkuntza Sailak, Eskola Publikoa gitxiesten dau. Makina bat arrazoi dago aurrekoa esateko: sare publikoko eraikinetako instalazioetan dagoen inbertsio falta, segregazioa, klaustroetako langileen behin-behinekotasuna, ikasleak euskalduntzeko baliabide falta… Eskumen guztiak daukazanetik berrogei urte baino gehiago pasatu diran arren, oraindino hau guztia egiteko dago.
Arduragabekerien zerrenda luzea da oso, eta oraingoan, nire iritzia emon gura dot Haurreskoletako Partzuergoak familiei eskaintzen deutsen zerbitzuan egindako murrizketaren gainean. Zerbitzu hau doakoa egin danetik murrizketa asko izan dauz, bai ordutegian, bai egutegian be, eta horrek izugarrizko eragina dauka familiengan, kontziliaziorako bideak erraztu beharrean mugatu egin diralako.
Haurreskoletako helburua, Partzuergoaren esanetan, umearen heziketa integrala lortzea eta, aldi berean, familia eta lana uztartzea omen da. Hori holan bada, ez dator bat ordutegi eta egutegi murrizketakaz, eta batez be uztaileko hilean egindakoagaz. Gure inguruko haurreskoletan zerbitzu hau uztailaren 3an edo 9an eteten da; aldiz, itunpekoetan uztailaren 30era arte martxan dirau. Ondorioz? Betikoa: kaltetua Eskola Publikoa da bere matrikulazio-iturri nagusia berari atxikitako haurreskolan dagoalako.
Lan egiten daben guraso gehienentzako udako oporrek hilabete bakarrik irauten badabe, zelan uztartu lana eta umearen zaintza? Aitxitxe-amumekin? Eta halako babesik ez daukenek, zelan egin behar dabe? Hain txiki diran umeentzako ez dago udaleku edo udapasa eskaintzarik. Beraz, uste dot Partzuergoak zerbitzua eten aurretik beste irtenbide batzuk emon beharko leukezala, hala nola, haurreskola ezberdinetako umeak bakar batean alkartzea, ordezkoen zerrendetatik behar diran hezitzaileak kontratatzea edota familiei, beharbada, uztaileko hilea aparte ordaintzeko aukera emotea. Ez dakit zelan, baina badakit Administrazio Publikoari dagokiola kontu honi irtenbidea bilatzea.
Kontu garrantzitsua deritsot azaldutakoa, irakaskuntza publikoan sinesten daben familientzat euren seme-alaben hezkuntza ibilbidea haurreskolan hasten dalako. Horregatik, ezinbestekoa da sarea osatzen daben guztiei (umeei, hezitzaileei eta familiei) patzuergoak bere helburuetan aldarrikatzen dabena eskaintzea: umearen heziketa integrala eta familien behar bezalako kontziliazioa.