Arrakasta beste nonbait dago
Pasa den ostiralean, San Mamesen, EHUko graduazio ekitaldian, hitzaldi asko entzun nituen. Asko eta asko hunkigarriak izan ziren, baina Sofía Arribas Garamendiren hitzek bereziki zeharkatu ninduten. Agian, egun hartan jaso nuen oparirik handiena ez zen birretea ordezkatzeko txapela izan, baizik eta bizitza ulertzeko modu baten baieztapena.
Arkitektura ikasketak amaitzeko hamaika urte behar izan zituela kontatu zigun. Hamaika. Gaur egungo gizartean, non dena azkar egin behar dela sinestarazi diguten, denbora hori porrotaren sinonimo balitz bezala interpreta liteke.
Ikasketak garaiz amaitu, lan ona lortu, norbere enpresa sortu, kapitala handitu. Beti gehiago, beti azkarrago. Badirudi bizitza lasterketa bat dela, eta helmugara lehenengo iristen denak bakarrik merezi duela txalo zaparrada.
Baina bizitza ez da atzera kontaketa bat. Sofía Arribas Garamendiren ibilbidea horren froga da. Gaur egun bere goi-mailako moda etxeak Nueva York edo Tokioko pasareletara iritsi dira. Lehen EHUko Alumni sarietan aitortza jaso du. Askok esango dute hori dela arrakasta. Baina nik bere hitzetatik beste ondorio bat atera nuen.
Arrakasta ez dela hori. Arrakasta ez da enpresa bat sortzea edo diru kantitate bat fakturatzea, zenbatekoa dena dela ere. Ezta zenbat jarraitzaile lortzen ditugun sare sozialetan edo zenbat sari pilatzen ditugun apal batean. Hori guztia etor daiteke edo ez, eta ez luke gure balioa baldintzatu behar.
Arrakasta beste nonbait dago. Arrakasta goizetan lasai esnatu ahal izatea da. Norberak egiten duen horretan zentzua aurkitzea. Inguruan maite gaituzten pertsonak izatea. Osasuntsu egotea. Gure ametsak ulertzen ez dituztenen iritziaren beldur ez izatea. Barruan dugun konbikzioari leial ekitea.
Horregatik, hitzaldi hartatik ideia bakar batekin atera nintzen: benetan zerbait nahi badugu, borrokatu egin behar dugula. Askotan zalantzak etorriko dira. Inguruko askok esango digute ez dela bidea, ez dela praktikoa, ez dela zentzuzkoa. Baina norberak sentitzen badu hori dela bere egitekoa, hori dela munduari eskaini nahi diona, aurrera.
Arrakasta goizetan lasai esnatu ahal izatea da. Norberak egiten duen horretan zentzua aurkitzea. Inguruan maite gaituzten pertsonak izatea. Osasuntsu egotea
Azken batean, inork ez digu galdetuko zenbat urte behar izan genituen. Ezta zenbat aldiz erori ginen ere. Norbait gutaz oroituko bada etorkizunean, gogoratuko duena bestelakoa izango da oso: atseginak eta jatorrak izan baginen bizilagunekin, autobuseko gidaria agurtzen bagenuen, eskerrak ematen bagenituen zerbait uzten zigutenean, egun onak ematen bagenizkion garbitzaileari.
Agian arazoa arrakastaren definizioa beste bat dela sinestarazi digutela da. Halegia, zenbakitan neurtzen den zerbait. Notetan, soldatan edo produktibitatean. Baina bizitzako gauzarik garrantzitsuenak ez dira Excel orri batean sartzen. Ezin dira ehunekotan adierazi.
Zoriontasuna ez da fakturatzen. Bakea ez da kalifikatzen. Eta pertsona onez inguratuta bizitzeko pribilegioak ez du preziorik.
Agian horregatik, arrakasta ez da munduak zugan sinestea. Benetako arrakasta zuk zeuk zure bidean sinesten jarraitzea dela esango nuke, beste inork ulertzen ez duenean ere.