Olatu amaiezina "beharrezkoa da", euskarak arnasa hartzen jarraitzeko

Gernika-Lumoko ikasleak saritu ditu Arnasetik Lehiaketak

V. Arnasetik bideo lehiaketak euskararen erabileraren alde egindako hausnarketa eta lana saritu zituen atzo [azaroak 26], Lekeition.

V. Arnasetik lehiaketako sari banaketa, Lekeition. Ikusgarri aretoan saritu zituzten ikasleak.

Arnasguneetako gazteen talentua aitortu du Lekeition Arnasetik Lehiaketaren sari banaketak, beste urte batez. Lekeitioko Ikusgarri zinemak hartu zuen atzo [azaroak 26] Arnasetik lehiaketaren bosgarren aldiko sari banaketa ekitaldia, eta Gernika-Lumoko Allende Salazar Herri Eskolako ikasleak saritu zituzten bertan. 

LH 5 eta 6ko ikasleen kategorian, gernika-lumotarrek lehiaketako sari gorena jaso zuten, Iratxe Lasa Markina-Xemeingo alkate eta UEMAko zuzendaritza batzordeko kidearen eskutik: Gure plaza, gure berba: Badaki, ala ez daki? bideoa kategoriako onena izendatu zuten. Allende Salazarrekoek herriko astelehenetako azoka eta bertako esamoldeak baliatu dituzte, herria bizirik mantentzen duten ekoizleei ikusgarritasuna emateko.

V. Arnasetik lehiaketak Allende Salazar eskolako ikasleak saritu ditu.

Allende Salazar Herri Eskolako ikasleak Lekeition jasotako sariagaz.Allende Salazar Herri Eskola

Antolakuntzak nabarmendu du guztira 230 lan jaso dituztela eta, publikoaren saria hautatzeko, herritarrek 4.200 boto eman dituztela. Lehiaketan, arnasguneetan dauden ikastetxeez gain, «arnasgune txikietako ikasleak jasotzen dituzten ikastetxeek ere» parte hartu ahal izan dute. 

Hartara, Euskal Herri osoko 34 udalerri inguruko ikasleek aurkeztu dituzte euren lanak, eta Lea-Artibaik, Mutrikuk eta Busturialdeak ordezkaritza izan zuten atzo, Bermeo, Berriatua, Gernika-Lumo, Ispaster, Lekeitio, Markina-Xemein eta Ondarroagaz.

200 pertsona baino gehiagok bete zuten atzo Ikusgarri aretoa, Arnasetik lehiaketako sari banaketan. Iholdi Beristain eta Kimetz Etxabe aktoreek gidatu zuten ekitaldia, eta Eusko Jaurlaritzako, Nafarroako Gobernuko, Uemako eta Lekeitioko Udaleko ordezkariak izan ziren ikasleek sortutako bideoen eta euskarari buruz egindako hausnarketaren lekuko.

Sormen ikusgarri bat.
Arnasgune diren udalerriei «dagokien aitortza egitea eta bertako herritarrak ahalduntzea» da, urtez urte, Arnasetik ekimenaren helburu nagusia. Ikasleek xede berari heldu, eta arnasgune izaera balioan jarri dutela argi erakutsi zuten atzo, azken hilabeteetan egindako lanen bitartez.

Arnasetik Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Uemak elkarrekin sustatutako Arnasa Gara ekimenaren barruan antolatutako lehiaketa da. Euskararen arnasguneetako 10 eta 16 urte bitarteko gazteen sormena pizteko eta euren hizkuntza ohituren inguruan gogoeta eragiteko helburua du ekimenak, eta, aurten ere, «arnasguneek duten garrantzia jendarteratu eta euskararen biziberritzeari egiten dioten ekarpena nabarmendu» dute Busturialdeko eta Lea-Artibaiko zenbait gaztek, euren ikus-etzunezko piezen bitartez.