Euskara: faxismoari aurre egiteko erreminta
Euskal Herrian Euskarazek manifestazio nazionala egingo du abenduaren 5ean, Durangon. Faxismoari eta eskuin muturrari "euskaraz aurre egingo diotela" aldarrikatu dute. Euskaltzale antifaxista orori "bat egiteko deia" luzatu diete.
Argazkia: EHE. Euskara, euskaldunak eta Euskal Herria (hizkuntza, hiztunak eta lurraldea) ardatz dituen Euskal Herrian Euskaraz eragile euskaltzaleak deituta, euskaltzalea eta antifaxista den herritar oro abenduaren 5erako Durangon deitua duten manifestazio nazionalean parte hartzera deituak daude.
Mobilizazio masibo horren noranzko nagusia, eragileko kideek Landako gunean emandako agerraldian azaldu legez, euskarak egun bizi duen egoera “larriari” aterabidea ematea da, haren aldeko borroka “bizkortuz eta indartuz”, hura Euskal Herri osoan “lehentasun politiko” bihur dadin.
Gaur-gaurkoz, Euskal Herriko 50 eragile baino gehiago atxikitu dira Euskal Herrian Euskarazen deialdi orokorrera. Euskalgintzako eragileez gain, kaleak hartzeko deiarekin bat egin dute beste “borroka esparru batzuetako” herri mugimenduko bai eragileek, bai sindikatuek. Edozelan ere, norbanakoen presentzia ere berebizikoa izango dela azpimarratu dute.
“Kontrako haizea hain harro” dabilen garaian, euskara Euskal Herriaren luze-zabalean lehentasun “politiko eta sozial” bilakatu behar dela nabarmendu dute; hori “han-hemengo euskaltzaleon aktibazioari” eta haien arteko antolakuntzari esker lortu asmo dute. Ildo horretatik, manifestaziorako deialdiarekin aurretiaz bat egitea erabaki duten eragile sozialen ekarpena “ezinbestekoa” da: “Ekarpen horretan sakontzen jarraitu behar dugu, euskara minorizazio egoeratik aterako baldin badugu”.

Argazkia: EHE.
Krisialdi “anizkoitzen” aldia bizi dugula eta, testuinguru horretan, “argiki” ikus daiteke eskuin muturra eta faxismoa “indartzen” ari direla: “Horrez gain, gainditutzat genituen diskurtso erreakzionario eta atzerakoiek lekua irabazi dutela sumatzen ari gara. Faximoak ere jakin izan du garai berrietara egokitzen eta, unean une, euskaldunen eta beste hainbat eta hainbat disidentzien zapalkuntzaren asimilazioa bermatzen”.
Alde horretatik, EHEko lantaldeak adierazi du Euskal Herrian “ez dugula ahaztu gure herriaren historia garaikidean faxismoak edota frankismoak euskararen eta euskaldunon galeran jokatutako funtsezko paper aktiboa“. Faxismoak, hain zuzen ere, herriaren, hizkuntzaren nahiz bestelako eskubide sozialen aurrerabidearen aurka egin du eta, egun, garai haiek “gorazartzen eta nostalgiaz oroitzen dituztenen ahotsak” geroz eta “ozenago nahiz gertuago” sumatzen dira. 60ko hamarkada amaieran izandako euskaldunen “pizkundea” argiki lerrokatu zen Euskal Herri aske eta antifrankistaren edota antifaxistaren aldeko borrokarekin eta, orain ere, EHEtik “horrexetarako deialdia” egiten dute.

Argazkia: EHE.
Horregatik, “antifaxismoan oinarritutako euskararen aldeko borroka” babestuko dute: “Zapalkuntza guztiak gaindituko dituen Euskal Herri euskalduna eraiki nahi dugulako eta hori ezin delako beste modu batera egin”. Faxismoari aurre egiteko prest azaldu dira, baina “Euskararen Errepublika ipar” hartuta: “Balio antifaxistetan oinarrituko den eta frantziar nahiz espainiar estatuetatik aske izango den Euskal Herri euskaldunaren eta independentearen eraikuntza da faxismoari aurre egiteko EHEetik aldarrikatzen dugun bidea”.
Beren ikuspuntua eta helburuak argituta, abenduaren 5ean, 13:30erako ipini dute euskara faxismoari zein eskuin muturraren gorakadari aurre egingo dion erreminta dela frogatzea helburu duen manifestaziorako hitzordua. Landako Gunean hasiko dute: “Euskaltzale orori Durangoko kaleak betetzera dei egiten diogu, faxismoaren aurka eta Euskararen Errepublikaren alde”.