Urteroko menua, baina funtzionatzen duten osagaiekin

Zapatutik [azaroak 28] astelehenera [azaroak 30] bitartean, San Andres jaiak ospatuko dituzte ibarrangelutarrek. Adin tarte guztietako herritarrei zuzendutako egitaraua prestatu dute.

Egunak laburtzen joanagatik ere, jaia eta elkar biltzea gehiago eta gehiago luzatzeko gogotsu daude ibarrangelutarrak. Zapatu honetatik [azaroak 28] astelehenera [azaroak 30] bitartean, San Andres jaiak ospatuko dituzte, eta udalak, herritarrekin elkarlanean, profil guztietakoei zuzendutako egitaraua antolatu du. “Urterokoari tiraka” osatu dute aurtengoa, baina ibarrangelutar guztientzako “erakargarria eta ederra” izango denari eutsiz. 

Gaztetxoenak izango dira protagonista egitarauaren hasieran. Izan ere, zapatuan, 16:30ean hasita, Kultur Etxeak futbolin txapelketa eta umeentzako tailerrak hartuko ditu. Ondoren, umeen esku pilota partiduak jokatuko dituzte, udal pilotalekuan: “Garrantzitsuena ez da lehia bera izango, haurrek ondo pasatzea, kirola egitea nahiz aisialdirako aukerak edukitzea baino”. Alde horretatik, Sustabiz Fundazioko kideak arduratuko dira herri kirolen jardunaldi parte hartzaile egiteaz, “ohiko kirolez haragoko” eskaintza bermatu asmoz. Iluntzean, udalerriko mus txapelketa herrikoiaren finalak jokatuko dituzte tabernetan, eta poteo giroa Eingo taldeak berotuko du.

Domekan, jaiak Euskararen Eguneko mezuaren irakurketagaz bat egingo duela aurreratu dute. Ez hori bakarrik: “Duela hainbat urtetatik, urte bakoitzean udalerrian jaiotako haurrei omenaldia egiten zaie, eta oparitxo bat eman. Ume horiek herriagaz lotuta eta euskararen inguruan haztea da keinutxo horren helburua”. Jarraian, haurrek protagonista izaten segituko dute, Lorea Umeen Dantza Taldeak urteroko dantza emanaldia egingo baitu. Astelehenean, San Andres Egunez, trikipoteoaren formula errepikatuko dute herriko tabernetatik: “Herritarrei poteoan biltzea asko gustatzen zaie, herriko tabernak indartzeko eta saretzea bultzatzeko era da”.

EGITARAUA

Azaroak 28, barikua.
16:30. Futbolin txapelketa eta umeentzako tailerrak, Kultur Etxean.
17:30. Umeen esku pilota partiduak eta Sustabiz Fundazioaren herri kirol jardunaldi parte hartzailea, frontoian.
19:30. Mus txapelketa, tabernetan.
Ondoren. Poteoa, Eingo taldeagaz.

Azaroak 29, domeka.
11:00. Meza nagusia.
11:45. Euskararen Eguneko mezuaren irakurketa eta udalerriko jaioberriei omenaldia.
Ostean. Lorea Umeen Dantza Taldearen saioa.
17:30. Film proiekzioa, kultur etxean.

Azaroak 30, astelehena, San Andres Eguna.
12:00. Meza Nagusia.
Ondoren. Trikipoteoa.