Solidaritatearen doinura dantzan

Ross Dantza Eskolak eta Euleuk Senegalek LAARE egitasmoa egingo dute zapatuan [azaroak 28]. Dantza ardatz hartuta eta doan, jasotako irabazi guztiak Sidibougouko eskolara bidaliko dituzte, Senegalen.

Gernika-Lumoko Merkatu plaza dantzazaleen egoitza izango da zapatu honetan [azaroak 28], baina baita artea solidaritaterako eta elkartasunerako adierazpide legez ulertzen duten guztiena ere. Hain zuzen, udalerriko Ross Dantza Taldeak eta Euleuk Senegal elkarteak LAARE egitasmoa antolatu dute eguerdirako, Fair Saturday ekimenaren aterkipean, eta bertan bildutako hobari ekonomiko guztiak kausa solidarioa izango du helburu.

12:30etik 14:30era bitarteko egitaraua prestatu dute, betiere dantzaren erritmoan eta doan. “Dantza egiteko, elkarbanatzeko eta Senegalgo hezkuntza babesteko” eguna izango da zapatukoa. Izan ere, bertaratzen direnek dantza eskolak jaso ahalko dituzte, eta Senegalgo produktuak eskuratzeko aukera ere edukiko dute. Zozketak ere eguneko ardatz izango dira, eta hurreratzen direnek mokadua ere izango dute eskuragarri. Egunean zehar jasotako diru guztia, azaldu dutenez, Senegalgo Sidibougou herriko eskolara bideratuko dute: “Helburu solidarioak musikaren, mugimenduaren eta elkar topaketaren bidez uztartzeko eguna izango da”.