Gastronomia eta sukaldaritza herritarrengana hurbiltzeko proposamenari helduko dion ekimena

Bermeoko Udalak, Behargintzaren bitartez, 'Udal Azoka Goxotu eta Gozatu' ekimena abiatuko du barikuan, Udal Azokari ikusgarritasuna emateko eta herritarrak azokara erakartzeko hamaika jarduera prestatuz.

Udal Azoka Goxotu eta Gozatu ekimena jarriko du martxan Bermeoko Udalak, Behargintzaren bitartez, barikuan. Izan ere, Udal Azokari ikusgarritasuna emateko eta heritarrak azokara erakartzeko asmoz, azokako saltzaileak eta produktuak protagonista izango diren jarduera-programa antolatu dute. Barikuan emango diote hasiera egitasmoari, gastronomia eta sukaldaritza herritarrengana hurbiltzeko proposamenari helduz.

Barikuan jarri dute, beraz, lehen hitzordua, baina argitu dute, ez dela bakarra izango: “Ekimenak jarraipena izango du datozen asteetan, eta bereziki Gabon sasoiari begirako ekitaldi eta proposamen berriak antolatuko dira”.

Gauzak horrela, Udal Azoka Goxotu eta Gozatu ekimenaren lehen hitzordua Udal Azoka Zaporeak izango da, Aparrez Topa! izenburupean. Udal ordezkariek jakinarazi dute Euskal Herriko lau ardo apardun eta Udal Azokako produktuekin prestatutako lau mokadu gastronomiko uztartuko dituen dastaketa izango dela aukeran.

Sommelier baten eta sukaldari baten eskutik dinamizatuko da jarduera, halaber. “Euskal Herriko ardo apardunak eta ekoizle berriak ezagutzeko aukera emateaz gain, azokako produktuak beste ikuspegi batetik dastatu eta gastronomia-proposamen berriak ezagutzeko aukera eskainiko zaie parte-hartzaileei”, gaineratu dute.

Hala nola, dastaketak hiru txanda izango ditu, udal ordezkarien berbetan: 18:30ean, 19:15ean eta 20:00etan. Parte hartzeko prezioa 5 eurokoa izango da, eta “lau mokadu gastronomikoen dastaketa, Euskal Herriko ardo apardunak eta azokako produktuekin prestatutako errezeta-fitxa” barne hartuko ditu. Izen-ematea ekitaldiko kartelean dauden QR kodeen bitartez egin beharko dela (behean atxikituta daude) zehaztu dute, ordu bakoitzak bere QR kodea izanik.

Horrez gain, jarduera osatu nahi izan dute Bermeoko Udalak eta Behargintzak. Horretarako, sukaldari aditu batek azokako produktuak protagonista dituen errezeta bat prestatuko duela azpimarratu dute: “Sukaldariak fitxa tekniko bat landuko du, osagaiak eta prestaketa-prozesua zehaztuta, parte-hartzaileek etxean errezeta bera egiteko aukera izan dezaten. Ondoren, errezeta-fitxa horiek Udal Azokako saltzaileen eskura egongo dira hilabete osoan, bezeroei eskaintzeko eta produktuak erosteko zein etxean prestatzeko ideiak emateko. Gainera, fitxek hilero izango dute jarraipena, hilabete horretan sustapen-jarduerarik antolatzen den ala ez”.

Zeregin aktiboa

Dastaketa bakoitzeko lau mokaduak, gainera, azokako saltzaileek proposatutako produktuetatik abiatuta prestatuko dira, horrela, udal ordezkariek esan bezala, saltzaileen zeregin aktiboa bermatuz. Ideia horregaz, herritarrei “saltzen dituzten produktuak ezagutarazteko eta kontsumitzeko ideia gastronomiko berriak” eskaintzea bilatzen du Bermeoko Udalak, batik bat.

Errezeta-fitxen bidez, gainera, errezetak prestatzeko behar diren osagaiak Udal Azokako saltokietan erostea sustatuko du udalak. “Tresna erraz eta praktiko horrek bezeroekin dugun harremana bizirik mantentzen lagunduko du, eta azokako produktuei ikusgarritasuna emango die, haien kontsumoa urte osoan sustatuz”, esan dute. Azkenik, Bermeoko Udalak herritarrak gonbidatu ditu barikuan Udal Azokara hurbiltzera, eta zelan ez, Aparrez Topa! dastaketan parte hartzera.

Barikuko jardunaldian izena emateko, kartel honetako QRak erabili daitezke.