Atzera egiterik ez dagoela islatu du Busturialdeak
Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunez ahotsa altxatu du Busturialdeak, beste urte batez. Tokian tokiko eragile zein udalen deialdiekin bat egin dute herritarrek. Eguerdian, Bermeon eta Sukarrietan mobilizatu dira, eta arratsaldean, berriz, Bermeon, Busturian, Ean, Gautegiz Arteagan, Gernika-Lumon, Ibarrangelun eta Mundakan.
Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunez ahotsa altxatu du Busturialdeak, beste urte batez. Tokian tokiko eragile zein udalen deialdiekin bat egin dute herritarrek. Eguerdian, Sukarrietan eta Bermeon mobilizatu dira, eta arratsaldean, berriz, Bermeon, Busturian, Ean, Gautegiz Arteagan, Gernika-Lumon, Ibarrangelun zein Mundakan.
Bermeon 12:00etan egin dute ekitaldi instituzionala, udaletxeko arkupean, indarkeria matxista gaitzesteagaz batera, indarkeriarik gabeko gizartea eraikitzeko daukaten konpromisoa berretsi dute. Inplikazio aktiboa eta egunerokoa eskatu dute; izan ere, indarkeria matxistaren aurrean, “ez dago neutraltasunik”. Isilik geratzeak, ez erreakzionatzeak edota beste alde batera begiratzeak ere ondorioak dauzka. Berdintasunean eta errespetuan oinarritutako gizartea eraikitzea guztion ardura dela gogoratu dute.

Bermeoko eguerdiko agerraldi instituzionala.
Sukarrietan, udalaren eta Sukarri Sukarrieta eta Kanalako Emakumeen Elkarteak deituta batu dira udaletxe aurrean, 12:00etan. Rozalenen La puerta violeta abestiaren Ate morea euskarazko bertsioa kantatu dute.

Sukarrietarrak, eguerdiko elkarretarazean.
Euskal Herriko Mugimendu Feministaren ildotik mobilizatu dira aurten ere Bermeoko Mugimendu Feminista eta Gernika-Lumoko Sare Feminista, Ez ginen atzera egiteko jaio leloagaz bat eginez eta borroka eta autodefentsa feminista aldarrikatuz. “Justizia feministaren eta biziaren alde”, faxismoari feminismoagaz erantzungo diotela ozen adierazi dute: “Autodefentsa feminista da gure borrokarako tresna, erasoen aurrean, eskubideen ukazioen aurrean, zerbitzu publikoen pribatizazioen aurrean eta gure biziekin negozioa egiten dabiltzanen aurrean”.
Tatiana, Amaia, Arelys, Saida eta Kalie gogoratuz eta horien gertukoei besarkada “gozo eta indartsu” bana helaraziz hasi dituzte adierazpenak. Horiek baitira aurten Euskal Herrian erail dituzten emakumeak: “Oraindik ere emakume izate hutsagatik hiltzen gaituzte; memorian bizirik mantenduko ditugu”. Memoria kolektiboa borrokarako tresna dela azpimarratu dute, oroitzeko, osatzeko, aitortzeko, erreparatzeko eta borrokarako tresna. Era berean, munduko hamaika txokotan borrokan eta erresistentzian dabiltzan emakume eta sexu-genero disidente guztiak ere oroitu dituzte, bereziki palestinarrak, eta genozidioagaz amaitzeko exijitu dute.
Talde feminista horietako kideen hitzetan, sistema zisheteropatriarkal, kolonial eta kapitalistaren ondorioz, “indarkeria betikotu” egiten da, eta emakumeak*, migratu eta arrazializatuak eta sexu-genero disidenteak dira kolpatuenak, eta hori gero eta nabarmenago ikusten da faxisten jarrera eta diskurtso erreakzionarioetan. Horregatik, ez direla etxean geratzen eta kaleak betetzen jarraitzen dutela nabarmendu dute: “Indarkeria matxista erreproduzitu eta bitartekorik ipintzen ez duten instituzioen kontra antolatuko gara, anaidia sostengatzeen dabiltzan gizonen kontra antolatuko gara eta antifeminismoa antolatzen dabiltzanen kontra antolatuko gara, sareak sortuz eta aurre eginez”.
Bermeoko Mugimendu Feministako kideek esan bezala, bertoko herrietako kaleetan ere mezu faxistak eta erreakzionarioak zabaltzen ari dira: “Ez dira sasoi errazak, eta faxistak ez daude instituzioetan eta sare sozialetan bakarrik, berton, kaleetan ere badaude, Harro egoteko murala —Errementa Armaidxue taldekoek egin eta erasoa jasan berri duena— ikustea baino ez dago”.

Justizia feministan sinetsita, justizia feminista eraikitzen jarraituko dutela adierazi dute Gernika-Lumon: “Ez dugu feminismoaren instrumentalizazioa onartuko, gorrotozko diskurtsoak zabaltzeko eta feminismotik ezer gutxi duten neurriak proposatzeko. Ez ditugu diskurtso arrazistak onartuko feminismoaren izenean, eta ez dugu gure segurtasunaren izenean polizia gehiago behar den ideia defendatuko”. Antolatzeko eta aliantzak egiteko garaia dela aldarrikatu dute; zapalkuntzak izendatuz eta etsaiari aurre eginez, bakoitzak bere esparrutik eta elkarrekin, askotariko subjektu eta borroken aitortzatik abiatuta, borrokari ekitean ipini dute azpimarra.
Bestalde, abenduaren 11n Euskal Herriko Emakumeen* Mundu Martxak memoria kolektiboa indartzeko herriz herri egingo duen ariketa erraldoia sustatzeko deia egin dute Gernika-Lumoko Sare Feministakoek. Ariketa hori indarkeria matxistari aurre egiteko “urrats bat gehiago” izatea espero dute, instituzioek ardurak har ditzaten exijitzearekin batera.
Busturialdeko Itaiaren kideek Gernika-Lumon egin dute manifestazioa. Matxismoaren aurkako borroka indartzearen garrantzia azpimarratu, eta “norabide sozialista argi batekin” indarkeria matxistaren aurka borrokatzen jarraitzeko deia zabaldu dute: “Matxismoaren aurkako mugimendu indartsu bat eraiki behar dugu, kale mailako mobilizazioan eta antolakuntza independentean oinarritua, eta indarkeria matxista eta erasotzaileen inpunitatea normalizatu ez daitezen, eraso matxista guztiei erantzun behar diegu eta langile klasea agente aktibo bilakatu behar dugu”. Esan dutenez, matxismoaren aurkako borroka indartzea ezinbesteko eginbeharra da zapalkuntzarik gabeko gizarte sozialistaren alde egiten dutenentzat: “Matxismoak egunez egun kolpatzen gaitu. Euskal Herrian zehar hainbat forotan aritu dira emakumeon irudiak zabaltzen; hainbat lekutan kamerak ipini dituzte emakumeak grabatzeko; adingabekoen kontrako indarkeriak gora egin du eta matxismoaren adierazpenik krudelenak ez du etenik izan, dagoeneko bost emakume erailak izan baitira”. Aurten 10.000 emakume baino gehiagok erasoren bat jasan duela salatu dute.

Matxismoa amaitzeko bide-orria garatzea lehentasun politikoa da Itaiakoentzat, eta kritikatu dute instituzioentzat eta alderdi politikoentzat ez dela lehentasunezko auzia, “bere kudeaketara mugatzen dutelako jarduna”. Era berean, gero eta baliabide gutxiago erabiltzen dituztela eta emakumeen babesa ez dutela bermatzen gaitzetsi dute. Horren adibideak zerrendatu dituzte: urruntze-aginduen urraketak, prozedura burokratiko amaigabeak, erasotzailea seinalatu beharrean, emakumeen hitza etengabe zalantzan jartzea… “Agerian daude instituzioek eta agintean dauden alderdiek indarkeria matxistari aurre egiteko dituzten gabeziak. Emakume horien babesa berma dadin, borroka egingo dugu; ezinbestekoa da emakume horien babesa antolatzea”, adierazi dute.
Itaiakoen iritziz, emakume langileen borroka lehen lerroan jartzea ezinbestekoa da. Gizarte kapitalistaren baitan matxismoak betetzen duen “funtsezko papera” seinalatu dute: “Matxismoak emakumeon bigarren mailako izaera zabaltzen du gizartean”. Faxismoaren gorakada aipatuta, faxismoa emakume langilearen aurkako proiektua dela salatu dute: “Faxistek emakume langileok deshumanizatu eta zapaldu nahi gaituzte; jasaten dugun egiturazko zapalkuntza ukatzen dute eta gure zapalkuntzan sakontzeko neurriak proposatzen dituzte, adibidez, indarkeria matxistaren aurkako legea deuseztatzea edo abortatzeko eskubidea ukatzea”.