Lau odol tantaren oinazearen genealogia partekatua
Alaine Agirre Garmendia idazle bermeotarrak familia beraren lau katebegi diren emakumeen arteko erlazioa ondu du, argitaratu berri duen ‘Mila hilekoren erreka’ izeneko nobelan.
Alaine Agirre Garmendia, bere azken lana eskutan. Argazkia: Elkar Argitaletxea. Oinordetzan jasotzen dira koadroak; hormetakoak zein medikuak. Oinordetzan jasotzen dira erlojuak, galdutako denbora, liburuak eta mitoak. Arropa eta orubeak. Mina eta odola. Etxea eta argazkiak. Ile horia eta begi urdinak. Gaixotasunak eta garaipenak. Traumak eta gomutak. Sistema eta iraultza.
Alaine Agirre Garmendia bermeotarrak familia bereko baina lau belaunaldi ezberdinetako lau atalaseren, lau lagin sozialen, lau emakumeren bizitzak katramilatu ditu, munduratu berri duen Mila hilekoren erreka eleberrian.
Azken hiruzpalau urteoan idatzitako nahiz irakurritako guztiaren, bizi izandakoaren eta ez bizita ere hausnartutakoaren “erreka” da honakoa. Kontxa Etxeberria Miranda 1855ean jaiotako astigartarra da kontakizunaren ernamuina. Haren bizitza oinarri, fikziozko eraikina altxatu du bermeotarrak. Etxeberriak gidatutako umezurztegian sartu da Agirre, emakume hari “bertako ume baten begietatik” erreparatu asmoz. Umezurtz hark alaba bat izango du, eta haren alabak beste bat. Errekaren laugarren iturburu horrek bere familiako emakumeen “minen genealogia” izkiriatuko du.
Ama-alaben hartu-emanen korapilatzea da langai funtsezkoenetako bat. Korapilo batzuk, odolezkoak; ez, ostera denak. Odolaren genealogiak beregain duen “oinazeaz” ez ezik, “erreparazioaz ere asko” du nobelak. Belaunaldi arteko traumen inguruan igerian, haurtzaro goiztiarrean “zaintzaileekiko ditugun harremanek zelan eragin dezaketen” ikusarazi gura izan du egileak: “Atxikimenduzko zauriak ageri dira, baita belaunaldi artean transmititzen diren eta atxikitzeagaz lotuta dauden traumak ere. Minaren genealogia partekatua ageri da, atxikimendu elbarrituen kateatzea da”.
Alaine Agirre Garmendia: “Atxikimenduzko zauriak ageri dira, baita belaunaldi artean transmititzen diren eta atxikitzeagaz lotuta dauden traumak ere”
Traumaren ikuspuntu soziala agerikoa da obran, bertan ageri diren pertsonaiek sistemaren aje guztiak pairatu izan behar baitituzte: “Ama horiek ezin izan dituzte beren alabak maternatu, sistemak galarazi egin dielako, baina uneren batean edo besteren amak izan dira. Pobreak dira batzuk, tratu txarren biktimak, erotutakoak —eta ez eroak—: biziraun guran dabiltzan pertsonak dira”.

Argazkia: Elkar Argitaletxea.
Noizbait zaindua izan denari “uneren batean zaintzaile izatea” suertatuko zaio, eta alderantziz. Amaren falta sumatzeaz ari da Agirre, eta aldi berean hainbat ama edukitzeaz, nork bere ama hautatzeaz, alabak beraien amez erditzeaz. Ama-alaben puzzlea “desitxuratuta” ageri da. Pertsonaia horiek batzen dituen odola ez da hainbeste “genetikak partekatzen” diena, sistema patriarkal baten hesteetan sozializatuak izateak dakartzan “zauriena” baino.
Kontxa Etxeberria: iturburua.
Nobelaren lau garroek, lau belaunaldiek, beren sustraiak “airean” dituzte: “Errekaren iturburua Etxeberria da. Hark ez zuen odolezko alabarik izan, baina babespean hartu zuen 1920ko hamarkadan jaiotako umezurtz bat: Mirari“.
Hogei urte eskaseko adinagaz azken hori ume batez erdituko da. “Erdibituta ez ezik, apurtuta” amaituko du Mirarik: ez diote lagako bere haurraren ama izaten. Hala, hirugarren belaunaldi horrek amarengandik bereizita egingo ditu lehen urteak, eta amarengandik “erbesteratzea erabakita”, hurrengoak. Izenez aldatuko du, Kontxatik Shelira, eta “bere ama izan ez den guztia izaten” ahaleginduko da.
Ama izan ez arren, errelatoaren laugarren errekastoaz erdituko da. Hark ere itxuraldatuko du gurasoek emandako deitura: Noratik Oroitzera. “Amaren deserritik deserriratuta”, bere amonaren sorterrira itzuliko da, eta “amari egin izan ez zizkion galderak” amonari egin ahalko dizkio: “Bere familiaren historia idatziz, min kolektiboren narratiba propioa onduko du; akaso, mina leunduko edo erreparatuko du”.
“Obra lau geografia desberdinen mapa ere bada: Astigarragatik Bartzelonara zein Bostonera bidaia, eta Euskal Herrira buelta”
Horra hor eleberriaren narratzailea: ama, amona eta birramonaren oinazeen zuhaitz genealogikoa kimatuko duena; “alabatasun zaurituen eta amatasun biolentatuen” uzta jasoko duena. Amari, amonari eta birramonatzat duenari galderak eginez, horiek tarteka ezbaian ipiniko ditu, “baina ez bere burua baino gehiago”: “Leku, une zein egoera jakin horretara eroan duen eta bere aurreko ama guztien hilekoena den errekaren uretan murgildu nahiko du, murgilduko da, eta belaunaldiz belaunaldi zauritzen, odoltzen eta zikintzen joandako urak garbitzen hasiko da”.

Argazkia: Elkar Argitaletxea.
Lau belaunaldiren erloju eta lau pertsonaiaren bidegurutze izateaz gain, “lau geografia” desberdinen mapa ere bada Mila hilekoren erreka: “Astigarragatik Bartzelonara zein Bostonera bidaia, eta Euskal Herrira buelta”. Sorterria eta deserria, orrialdeetan.
Hizkuntzekin ere, beste horrenbeste: “Ama hizkuntzatzat jasotakoa ukatu egingo du batak, eta bestea, aldiz, beste hizkuntza batera erbesteratuko da”. Badira hizkuntzen arteko botere harremanak, baita amaren “antitesia izan gura duten” alaben grina ere.
Poliedriko besteko zehatz.
Mendekotasunari mendekua emanez, pertsonaien “ahalduntzea” jorratu du Agirrek: “Indarrak batuz dabiltza, beraien burua berreraikita sistema mendekatzen”. Idazketa bera ageri da, auzi metalinguistikoa, narratzailea kazetari eta idazlea baita.
“Zoramena izan da obra hau idaztea. Orain arteko literatur arkitektura anbiziotsu eta konplexuena du”
Lau pertsonaien bizipenak ez dira linealak, alegia, korapilatu egingo dira, modu ez-kronologikoan: “Zoramena izan da obra hau idaztea. Orain arteko literatur arkitektura anbiziotsu eta konplexuena du”. Landu beharreko esparruak “hasieratik argi” edukitzeagatik ere, nobelaren bertsio edo zirriborroak “milioika” konta daitezke: “Hainbat alderditako dokumentazio historikoa lotu beharrak prozesua zaildu du”.
Orain arteko eleberrietan baino esangura pisutsuagoa hartu du honakoan pertsonaien “eraikuntzak”: “Lau pertsonaietako bakoitza psikologikoki sakon aztertzen saiatu naiz, eta, alde horretatik, Xabier Tapia Lizeaga lagun, psikologo eta hitzaurrearen egilea gako izan da”.
“Beharbada, hasieran apur bat gaitza suerta daiteke nor den nor asmatzea; nahita egindako zer edo zer da, irakurlea puzzlea aleka-aleka osatzen joan asmoz, pieza denak kolpe batean eman barik”
Irakurlea lanaren iparra “apurka-apurka” aurkitzen joan dadin, egilea kontziente izan da hala egitura, nola korapilatze aldetik “ez dela hain erraza” kontakizunaren noranzkoari eustea: “Beharbada, hasieran apur bat gaitza suerta daiteke nor den nor asmatzea; nahita egindako zer edo zer da, irakurlea puzzlea aleka-aleka osatzen joan asmoz, pieza denak kolpe batean eman barik”.
Asko eta asko dira oinordetza terminoaren atzean ostontzen direnak, erreka baten ibilguaren barruan kabitzen direnak asko eta asko diren neurrira. Zaila da herentzia baten adieren zerrenda osatzea. Zaila, hilekoen odol, sufrimendu eta mendekuen errekaren meandroan igeri egitea. Alaine Agirre Garmendiaren saiakera da honako hau.