Eneko Bilbao, Bizkaiko txapeldun Nabarnizen
Nabarnizek Bizkaiko Giza Proba Txapelketaren finala hartu du, baita Bizkaia Open txapelketaren beste hiru final ere.
Bizkaiko Txapelketako podiuma. Argazkia: Nabarnizko Iluntzar Jai Batzordea. Nabarnizen goreneko mailako giza proba lehia hartu zuen iragan domekan [azaroak 22]. Herriko frontoi eta probalekua Bizkaiko Txapelketaren eta Bizkaia Open lehiaketaren finalen topagune izan zen. Batetik, Bizkaiko Giza Proba Txapelketa lehiatu zuten. Proba hartan gailendu zena eta, ondorioz, Bizkaiko txapeldunari dagokion txapela jantzi zuena Eneko Bilbao zamudioztarra izan zen, lau untza 1/4 eta 1,30 metroko marka ezarrita. Bigarren eta hirugarren postuek, hurrenez hurren, Aitor Etxaniz markina-xemeindarraren (3 untza eta 2,06 metro) eta Aitor de la Concepción erandioztarraren (untza bat 3/4 eta 6,55 metro) aldera jo zuten.

Bizkaiko Txapelketaz gain, Bizkaia Open lehiaren finalak estuak beste lehiatuak izan ziren. Taldekako Giza Proba Txapelketaren finala, 31 untza lortuta, Urtza HKT taldeak poltsikoratu zuen, Harrjaso I (25 untza 1/4 eta 2,75 metro) eta Harrjaso III (22 untza) taldeen aurretik. Emakumezkoen Zaku Eramate Txapelketaren finalean, lau untza egin behar izan zituzten, 40 kiloko pisudun zakuagaz. Getxo HKT-ko kideen arteko borroka izan zen finala: Nerea Sanz (34,724ko markagaz) Esti Mesegerri (32,352ko marka) nagusitu zitzaion.

Laugarren proba Gizonezkoen Giza Proba Txapelketa izan zen. Han ere Getxo HKT-ko kide bat izan zen sendoena: Beñat Armade (zazpi untza 1/4 eta 6,36 metro). Etxebarriko Markel Egurrolak (7 untza eta 3,04 metro) eta Urtz HKT-ko Txutxi Larrazabalek (4 untza 3/4 eta 0,12 metro) osatu zuten.