Familia-eskolen programa berria abiatuko dute
Nerabezaroarekin, emozioen kudeaketarekin, sexualitatearekin eta familia-harremanekin lotutako gaiak landuko dituzte, besteak beste, Bermeoko Udalak eta Adikzioen Prebentzio Zerbitzuak antolatutako familia-eskoletan. Lehenengo saioa eguenean izango da, eta izen-ematea zabalik dago.
Bermeoko Udalak, Adikzioen Prebentzio Zerbitzuaren bitartez, familia-eskolen programa berria prestatu du 2026-2027 ikasturterako. Guztira, lau saio egingo dituzte, herriko familiei seme-alaben hazkuntza-prozesuan sortzen diren egoerei aurre egiteko tresnak eta orientabideak eskaintzeko, nerabezaroarekin lotutako erronketan arreta berezia jarriz.
Programaren bidez, hainbat gai jorratuko dituztela nabarmendu dute Bermeoko Udal ordezkariek: nerabezaroan autonomia sustatzea, emozioen kudeaketa eta komunikazioa, sexualitatea eta pornografiaren eragina, eta familien eta nerabeen arteko harremanak, hala nola. Horrez gain, familiek “eguneroko bizipenak eta kezkak” partekatzeko gunea ere sortu nahi dutela gaineratu dute.
Lehenengo hitzordua eguenan (azaroak 26) jarri dute, 17:30etik 19:00etara, Gizarte eta Kultura Etxean. Nerabezaroa eta lehen irteerak: konfiantzazko autonomiarako bidea. Giltzak eta baliabideak familientzat izenburupean, batez ere 10 eta 12 urte bitarteko seme-alabak dituzten familiei zuzenduta egongo da saioa.
Saioan, aurreratu dutenez, “nerabezaroaren hasieran sortzen den autonomia-prozesua” aztertuko dute, baita gurasoen beldurrak eta kezkak, konfiantzaren eta mugen arteko oreka, lagun-taldearen eragina eta lehen irteeretan sor daitezkeen arrisku-egoerak ere.
Bigarren saioa, ostera, otsailaren 11n egingo dute, 17:30etik 19:30era, leku berean. Emozioak eta komunikazio ez-bortitza: garrasi egin gabe… posible da? izango da saioaren izenburua, eta Nerea Mendizabal psikopedagogoak gidatuko du. Haurtzaroko garapena, hezkuntza emozionala eta komunikazio ez-bortitza izango ditu hizpide, entzute aktiboa, emozioen eta beharren adierazpena eta elkarrekiko errespetua ardatz hartuta.
Hirugarren hitzordua martxoaren 18an izango da, 17:30etik 19:00etara. Eta pornografia agertzen denean… zer? Sexualitatea, pornografia eta harreman osasuntsuak nerabezaroan izenburupean, nerabezaroan sexualitateak duen lekua eta familian gai horri buruz hitz egiteko moduak landuko dituzte. Gazteek eduki sexualetara duten sarbidea eta pornografiaren eta sexualitate errealaren arteko aldeak ere aztertuko dituzte, ikuspegi kritikoa sustatzeko.
Azken saioa apirilean egingo dute, Aste Santuaren bueltan, baina oraindik ez dute data zehaztu. Familia eta nerabeen arteko topaketa: Hitz egiten dugu. Baina elkar entzuten al dugu? Komunikazioa eta harremana izango da saioaren gaia. Entzute aktiboa, familien eta nerabeen beharrak eta eguneroko bizikidetzan sortzen diren egoerak jorratuko dituzte; besteak beste, mugikorren erabilera, ordutegiak, ikasketak, lagunak eta etxeko arauak.
Izen-ematea
Saioetan parte hartzeko, aurrez izena eman beharko dela jakinarazi dute, saio bakoitzaren informazio-kartelan agertzen den QR kodearen bidez. Saio bakoitza egiteko “gutxienez lau lagunek” eman beharko dute izena, eta gehienez 30 pertsonak parte hartu ahal izango dute.
Azaldu dute informazio gehiago nahi dutenek Bermeoko Adikzioen Prebentzio Zerbitzuarekin jar daitezkeela harremanetan, 675 025 018 edo 946 179 158 telefono zenbakien bidez, edo bermeoprebentzioa@etorkintza.org helbidera idatzita. Aurrez aurreko arreta ere eskaintzen dute martitzenetan, eguenetan eta barikuetan, 09:00etatik 14:00etara.
Gauzak horrela, Bermeoko Udalak herriko familiak programa honetan parte hartzera animatu ditu, batik bat, hazkuntzaren inguruko kezkak eta esperientziak partekatzeko eta eguneroko erronkei aurre egiteko baliabide berriak eskuratzeko.