Ikuspegitik ikusgarrira
Photoka Sariak banatu dituzte, eta lehiaketara aurkeztutako hainbat argazkirekin osatutako erakusketa ikusgai dago Gernika-Lumoko Kultur Etxean.
Eneko Ibarguengoitia Mundu bakarrean mundu asko biltzen ditu argazkilaritzak. Errealitate, kolore, keinu, izkina, detaile… asko eta askotarikoak harrapatzen dituzte objektiboek, baina kamera atzean dagoen sortzaileak egiten ditu ikusgarri ikuspegiak. Horren adibide dira XI. Photoka Sariak.
Photoka Gernikako Argazkilaritza Elkarteak antolatutako lehiaketa horretako sariak banatu zituzten atzo arratsaldean [azaroak 20], Gernika-Lumoko Kultur Etxean. Laugarrenez, hiru gai edo ataletan banatu dute sariketa: Teknika baldintzatuko Libre, Urdaibai eta Gaztelugatxeko Biotopoa eta Libre. 331 argazki aurkeztu dituzte, eta 58 argazkilarik parte hartu dute. Parte hartzaile horien artean hiru atzerritarrak direla nabarmendu dute antolatzaileek. Euskal Herriko Argazkilari Taldeen Elkarteko kide diren Idoia Elitxigerrak, Tere Ormazabalek eta Begoña Gillenek osatu dute epaimahaia, eta saridunak aukeratzeaz gain, kultur etxean ikusgai dagoen erakusketarako argazkien aukeraketa ere euren esku egon da.
Teknika baldintzatuko Libre atalean, Giulio Montiniren The last Maramures argazkiak lortu du lehenengo saria, eta, era berean, lehiaketaren sari nagusia ere eskuratu du; Jose Antonio Urberuaga Ube artistak egindako lana jaso zuen atzoko ekitaldian.”Photokaren izenean eman dugun zazpigarren trofeoa irabazi du Montini italiarrak; sari nagusia atzerritar batek irabazten duen lehenengo aldia da”, azaldu dute antolatzaileek. Bigarren saria Adam Neubarentzat izan da, The light walker argazkiagatik, eta hirugarren sailkatua Rodrigo Núñez Buj izan da, Tótem argazkiagaz. Atal horretan 52 parte hartzaileren 154 argazki aztertu dituzte epaimahaiko kideek.

Mikel Soto.
Epaimahaiaren arabera, Juan Antonio Palaciosen Retrato de una sardina argazkia izan da onena Libre atalean; Michele Macinairen Tuscan golden sunrise eta Mikel Sotoren Danza del Fénix sailkatu dira bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren. “Nazioarteko izaeradun” atal hori bigarren aldiz sartu dute Photoka Sarietan, eta 45 argazkilari aritu dira lehian; horien artean, 126 argazki aurkeztu dituzte.
Eskualdeko argazkiak biltzen dituen atalean, berriz, hamazortzi argazkilariren 51 lanen artean egin du aukeraketa epaimahaiak. Horien artean, Eneko Ibarguengoitiak jaso du lehenengo saria, Foru argazkiagaz. Iker Aizkorberen Iluntza huna argazkiak irabazi du bigarren saria eta Iker Pardoren Biosferako Bizia argazkiak hirugarrena.

Iker Aizkorbe.
Atal bakoitzeko irabazleek 500 euro, Espainiako Argazkilaritza Konfederazioak emandako urrezko domina eta diploma jaso dituzte, bigarrenek diploma, zilarrezko domina eta 200 euro, eta hirugarrenek diploma, brontzezko medaila eta zetazeoak behatzeko irteera bi lagunentzako, Euskadiko Biodibertsitate Zentroaren eskutik.
Euskal Herritik aurkeztutako gai bakoitzeko hiru argazki onenen egileak Argizaiola Lehiaketaren finalera sailkatu dira. Teknika baldintzatuko Libre sailetik, Juan Jose Lopez, Mikel Larrea eta Asier Lamikiz sailkatu dira, teknika baldintzatuko Urdaibai ataletik Ibarguengoitia, Aizkorbe eta Pardo eta Libre ataletik, Palacios, Luis Martinez eta Soto.
Argazkilaritza elkarteko kideek adierazi modura, apurka-apurka sendotzen doan lehiaketa da, eta instituzioen eta inguruko enpresen laguntza eskertu dute: “Aurten Gernika-Lumoko Udalak, Maierrek eta Euskadiko Biodibertsitate Zentroak, Ekoetxea Urdaibaik eman digute laguntza. Euren babesa funtsezkoa da, programatuta dauzkagun jarduera denak egin ahal izateko”.