25 urteko ibilbidearen isla
Jose Angel Uberuaga Ubek 'Malkoak euripean' erakusketa inauguratu du Gernika-Lumon. 25 urtetan askotariko materialekin eta askotariko gaiak landuz egindako artelan anitzak bildu ditu.
Tortura, abortua, ablazioa, pederastia, matxismoa, nortasuna, sentiberatasuna, sexualitatea, euskara, Euskal Herria… askotariko gaiak era askotara landu ditu Jose Angel Uberuaga Ubek. Gauzak esateko modu asko daudelako, beti ere, iparra galdu barik eta bere askatasunari eutsiz aritu da sortzen.
Atzera begiratuta, Malkoak euripean izenburupean, 25 urteko ibilbidea bildu du orain. Gernika-Lumoko bi aretotan jaso ditu askotariko artelanak eta martxoaren 4a bitartean dago ikusgai. Eskulturak, margolanak, argazkiak zein ikus-entzunezkoak jarri ditu Kultur Etxearen lehen solairuko aretoan eta Elai Alai aretoan. Azken horretan daude pieza handi edota astunenak, bai eta bere lehen erakusketaren argazkiak ere. Bihotzaren hitzak erakusketa izan zen bere ibilbideko lehena; 1995ean Markina-Xemeinen jarri zituen ikusgai bere lehen lanak.
Gernika-Lumon jaiotakoa da eta horregatik aukeratu du atzera begirako hau aurkezteko. Mende laurdenean egindako dena erakustea ezinezkoa da, eta Rafael Maestro Lozano komisarioaren laguntzagaz, aukeraketa egin eta bi aretoetara egokitutako erakusketa osatu dute. “Artelan asko ditudanez, nahiko zaila izan da erabakitzea zeintzuk ekarri eta zeintzuk ez”.
Emaitzagaz pozik daude, bai eta atzo iluntzeko aurkezpenean edukitako harreragaz ere. Herritar asko batu ziren aurkezpenean, eta artista munitibartarrak esker oneko berbak izan zituen bertaratutako guztientzat. Horrekin batera, Kultur Etxeko kideek erakutsitako laguntza eta babesa eskertu gura izan zituen.
Ibilbide emankorra burutu du, eta erakusketan zein katalogoan dena ez badago ere, bere lan oparoaren erakusgarri dira biak ala biak: “Ez dakit zenbat aukeratu ditudan eta zenbat dauden jarrita. Batzuk katalogoan zein erakusketan daude, baina badira batean egon arren, bestean ez daudenak ere. Bi erakusketa izango balira moduan dela esan liteke”.
Aniztasuna ikusten da bere obran; material zein gai aldetik askotariko lanak sortu ditu. Gauzak esateko moduak ez errepikatzea gustatzen zaio. “Orokorrean, galeriek saldu egin gura dute, eta zer salduko den dakitenez, galeristek badakite artistari zer eskatu. Gauzak desberdin egiteko askatasuna gura baduzu, zure eskuetan dago, eta horrek kostu bat dauka. Askatasuna lortzea, sentitzea edota edukitzea norberaren esku dago.Erabaki hori hartzea ordaindu egiten da. Asko sufritu behar da. Dena kontrolatu eta erabakiak hartzen dituen zirkulu bat dago. Denak ditugu hegoak ebakita; batzuek gehiago eta beste batzuek gutxiago, baina hori horrela da”.
“Maite zaitut hamar mila modu desberdinetara esan ahal dizut. Eta sortzerakoan ere hori egiten dut. Beti artelan berdinak egiten badituzu, non dago eboluzioa? Saldu eta ezagunago egin zaitezke, baina 60 urtean gauza berdina egiten duzu. Nik ez dut horrela pentsatzen”. Hori egitea zilegia dela dio, baina bere pentsamendua bestelakoa da. Aipatzen duen askatasun hori islatzen dute bere lanek. Ausardia transmititzen dute; ez dute inor epel uzten. Arriskatu egiten duen artista da. Uberen hizkuntza topatuko du erakusketa bisitatzen duenak.
Erakusketaren komisarioaren ustez, arriskatu berbak esanahi berri bat aurkitzen du jendeak Uberen obra zabala bistaratzean: “Berehala ohartzen gara arriskatze hori sortzea ere badela. Euskal kultura eta Uberen lana ezin dira inoiz bereizi guganatzen duen lan eskultorikoa ulertzeko eta geure jatorriaz, geure ekintzen ondorioz, maitasunez eta gizarte honek urakan kontrolaezin bat bezala besarkatzen gaituela hausnartzera garamatzalako”. Maestroren berbetan, Ubek ez du beste aldera begiratzen uzten: “Berehala konturatzen gara kasu honetan semantikak erabat inbaditzen gaituela, eta behingoz, esanahien kontenplazioa dastatzen dugu, ezagutzen ez genuen hizkuntza bat lehen aldiz uler genezakeen unea bezala. Obra honek antzinako osagai primarioa du, non artistak behartzen gaituen geure ispilu lau batean islatzera, trikimailurik gabe. Bakarka zer garen deskubrituko dugu, eta batik bat, kolektibo eta gizarte gisa zer garen ere bai, nolakoak ginen eta zertan bihurtu garen kontuaraziz”.
“Gauza antzerakoak” kontatzeko material eta hizkuntza desberdinak erabili dituela aitatu du Ubek: “Beti erabiltzen ditudan materialak guretzat, euskaldunontzat sinbolo bat daukatenak dira. Baserrian hazitakoa naiz, eta orduan, material gehienak baserri ingurukoak dira. Sinbologiak pisu asko dauka bai nire izaeran, buruan, bihotzean eta batez ere nire artelanetan”. Bere obra poetikoa dela dio, berak horrela ulertzen duelako eta berarengandik horrela ateratzen delako.
Gizarteko egunerokotasuneko gaiak lantzen ditu. “Gai asko inork ukitu nahi ez dituenak dira; galazota daude era batera. Garrantzitsuak dira, eta norbaitek esan behar ditu. Zer edo zer esateko baldin badaukat, esan egin behar dut. Askotan artelanak egiten dituzu eta denbora batera ulertzen dituzu. Zure barruan indar bat dago, zerbait esan gura duzu modu desberdin batean eta artelan bat ateratzen da”.