Itsasoa ardatz, Arrantzaleen Museoak estreinakoz antolatutako literatur-lehiaketan
Zer da zuretzat itsasoa? Eta zure familiako txiki eta nagusienentzat? Galdera horien inguruan idatzizko hausnarketarako tartea proposatu du, estreinakoz, Bermeoko Arrantzaleen Museoak. Lanak aurkezteko epea abenduaren 15era arte dago zabalik.
Itsasoak zer esan nahi du guretzat? Zer oroitzapen ekartzen dizkigu? Galdera horiei erantzuteko gonbidapena zabaldu du Bermeoko Arrantzaleen Museoak, estreinakoz, literatura-lehiaketa bat antolatuta. Zer da zuretzat itsasoa? Eta zure familiako txiki eta nagusienentzat? lelopean, itsasoarekiko lotura kulturala eta afektiboa idatziz jasotzea proposatu dute, belaunaldi desberdinen begiradak elkartzeko.
Ekimenaren helburu nagusia euskararen erabilera sustatzea da, itsasoaren inguruko bizipenak, oroitzapenak eta istorioak literaturaren bidez partekatzeko aukera eskainiz. Idaztea gustuko duten herritarrak beren kontakizunak aurkeztera gonbidatu dituzte, itsasoarekin lotutako memoria kolektiboa osatzen laguntzeko.
Antolatzaileek belaunaldi desberdinen arteko harremana jarri nahi izan dute lehiaketaren erdigunean, gazteen eta nagusien esperientziak eta ikuspegiak uztartuz. Izan ere, itsasoak esanahi eta oroitzapen ugari ditu familia bakoitzarentzat, eta horiek euskaraz jasotzea da proposamenaren ardatza.
Lehiaketan 16 urtetik gorako pertsonek parte hartu ahal izango dutela eman dute aditzera. Lanak, gainera, euskaraz, originalak eta argitaragabeak izan beharko dira, eta ordenagailuz zein eskuz idatzita edo diseinatuta aurkeztu ahal izango dira, betiere kalitate onekoak eta ulergarriak badira. Gainera, azaldu dute orrialde guztiak zenbakituta egon beharko direla.
Hainbat modalitate egongo dira aukeran, oro har. Prosazko lanek —ipuinak, iritzi-testuak edo hausnarketak, besteak beste— gutxienez 300 hitz eta gehienez 500 izan beharko dituzte. Olerkiek, berriz, gutxienez 24 lerro; bertsoek, bost bertso; eta komikiek, gutxienez bi orrialde, azala kontuan hartu gabe.
Lanak aurkezteko epea abenduaren 15era bitartean egongo da zabalik. Bestalde, aurkezpena gutunazal itxi batean egin beharko dela eman dute aditzera antolatzaileek, eta Arrantzaleen Museoan, Bermeoko Udal Liburutegian, AEK euskaltegian edo Bermeoko Gazteentzako Informazio Zerbitzuan egongo dela horiek aurkezteko aukera.
Gutunazal nagusiaren barruan lana bera sartu beharko dela zehaztu dute, goitizen batekin sinatuta. Horrez gain, beste gutunazal txiki eta itxi batean egilearen datu pertsonalak jaso beharko direla gaineratu dute: izen-abizenak, adina, telefonoa eta posta elektronikoa, baita erabilitako goitizena ere.
Lau sari
Arrantzaleen Museoak lau sari banatuko ditu, hala nola. Lehenengo sariak AEKko euskara-ikastaro baten matrikula ordainduta izatea eta Bizkaiko Foru Museoak bisitatzeko bi txartel jasotzea ekarriko du. Bigarren sariagaz, ordea, euskarazko liburu eta diskoetan 200 euroko balioa duten erosketak egiteko aukera egongo da, 2027an zehar Arrantzaleen Museoan eta Luma liburu-dendan %30eko deskontuen bidez, eta museoetarako bi txartel ere emango dituzte. Hirugarren sariak 2027ko Mareak Jaialdiko ekintzetarako bi gonbidapen eta Bizkaiko Foru Museoak bisitatzeko bi txartel izango ditu. Laugarren sariak, azkenik, Bizkaiko Foru Museoetako tote bag bat eta museo horietarako bi txartel eskainiko ditu.
Museoak eta euskara eta kultura arloko adituek osatuko dute epaimahaia, jakinarazi dutenez. Irabazleen izenak urtarrilaren 15ean jakinaraziko dituzte, eta sari-banaketa urtarrilaren 24an egingo dute, Arrantzaleen Museoan, ekitaldi berezi batean.