Irakurketa oinarri, munduaren ikuspegi kritiko eta solidarioagoa bilatzeko

Bermeoko Herri Eskolak eta ALBOAN GKEak elkarlanean dihardute ikasleak "irakurle aktibo, kritiko eta konprometitu" bihurtzeko. Irakurketa-tertulien eta adin desberdinetako ikasleen arteko harremanaren bidez, irakurtzeko ohitura ez ezik, balioetan oinarritutako hezkuntza ere lantzen dute.

Irakurtzea ez da hitzak deskodetzea edo testu baten edukia ulertzea soilik. Pentsatzeko, komunikatzeko, besteekin harremanak izateko eta inguruko mundua ezagutzeko tresna ere bada. Irakurketaren bidez, istorio berriak deskubritzen ditugu, beste errealitate batzuetara hurbiltzen gara eta gure inguruan gertatzen denari buruz hausnartzeko aukera izaten dugu. Ikuspegi horretatik, Bermeoko Herri Eskolak irakurketari lotutako hainbat esperientzia jarri ditu martxan, ikasleak “irakurle aktibo, kritiko eta konprometitu” bihurtzeko helburuarekin. 

Gainera, adin eta esperientzia desberdinetako ikasleen arteko elkarreraginak ikastetxeko eguneroko bizitzan elkartzeko eta elkarri ekarpenak egiteko aukera berriak sortzen ditu

Ekimen horien artean, LH 5. eta 6. mailako ikasleek egiten dituzten irakurketa-tertuliak daudela eman dute aditzera. Saio horietan, irakurritako testuen inguruan hitz egiten dute, beren ideiak eta iritziak partekatzen dituzte eta era berean, ikaskideen ikuspegiak entzuten dituzte. “Testua irakurri eta ulertzeaz harago, interpretatu, galderak egin, ondorioak atera eta norberaren iritzia eraikitzen dute”, nabarmendu dute Bermeoko Herri Eskolatik.

Horrela, irakurketa banakako jarduera izatetik harago doala erakusteko “tresna baliagarria” dute: banakako esperientzia izatetik, esperientzia partekatu izatera pasatzen da. Ikasle bakoitzak bere begirada eta bizipenak eskaintzen ditu, eta gainerakoen ekarpenek testuari esanahi berriak aurkitzeko aukera ematen dute. Bide batez, “ahozko komunikazioa, entzute aktiboa, hiztegia, pentsamendu kritikoa eta argudiatzeko gaitasuna” ere lantzen dituzte.

Esperientzia hori eskolako txikienekin partekatzea “oso interesgarria” izan daitekela sinistuz, LH 5. eta 6. mailako ikasleek amabitxi eta aitabitxi rola hartzen dute astean behin, LH 1. eta 2. mailako ikasleekin batera. Harreman horretan, “nagusiek txikiei irakurtzen laguntzen diete, eta irakurketaz gozatzeko eta ikasteko espazio partekatua sortzen dute”.

Saio horiek aurrera ateratzeko, ALBOAN GKEaren materialak erabiltzen dituztela azaldu dute Herri Eskolatik. Adela igela, Parke betea eta Nire maleta bezalako ipuin eta proposamenek “istorioen bidez beste errealitate eta balio batzuetara hurbiltzeko aukera” ematen diete ikasleei. Hala, aniztasuna, desberdintasuna, elkartasuna, migrazioa, justizia, enpatia, elkar zaintza eta beste pertsonen errealitateekiko errespetua lantzen dituzte, besteren artean.

Ipuinek, gainera, galderak eta hausnarketak pizten dituzte ikasleen artean: zer sentituko nuke egoera horretan? Zergatik gertatzen da? Nola lagun diezaiokegu beste pertsona bati? Zer egin genezake egoera hori aldatzeko? Irakurketatik abiatuta, ikasleek errealitate desberdinak ezagutzen dituzte, haien inguruan hitz egiten dute eta munduari buruzko “begirada kritikoagoa eta solidarioagoa” eraikitzen dute.

Elkarrekin ikastea

Amabitxi eta aitabitxi izateak, ordea, txikiei irakurtzen laguntzea baino gehiago eskatzen duela jakin badakite. Ikasle nagusiek ardura hartzen dute, eta “beraien ezagutzak, denbora eta arreta” partekatzen dituzte. Izan ere, horretarako, testua ondo ulertu behar dute, txikiei laguntzeko estrategiak bilatu behar dituzte, bide batez txikienak pazientziaz entzun eta haien beharretara egokituz.

Txikienentzat, berriz, nagusien laguntzarekin irakurtzeko ohitura lantzeko eta irakurketa “beste modu batean bizitzeko” aukera ahalbidetzen du ekimenak. Aldi berean, “erreferente positiboak” aurkitzen dituzte, konfiantza hartzen dute eta beren ahotsa partekatzeko espazio seguruak aurkitzen dituzte. Adin desberdinetako ikasleen arteko harreman horrek, beraz, irakurketaz harago doazen onurak dituela azpimarratu dure Bermeoko Herri Eskolatik: ze, elkarrenganako konfiantza, enpatia, erantzukizuna eta talde bateko kide izatearen sentimendua indartzen dituelaren jakitun dira.

Gauzak horrela, Bermeoko Herri Eskolan ALBOAN GKEaren laguntzagaz garatzen dituzten esperientzia hauetan, irakurketa “mundura begiratzeko leiho eta elkarrekin ikasteko tresna” bihurtzen da. Ipuinek emozioak pizten dituzte, galderak sortzen dituzte eta elkarrizketarako bideak irekitzen dituzte, aldi berean. 

Istorio bakoitzaren atzean, aukera bat dago: elkar ezagutzeko aukera bat, beste errealitate batzuk ulertzeko aukera bat eta mundu bidezkoago, solidarioago eta anitzago baten aldeko balioak eraikitzeko aukera bat.

Elkarlana

Esperientzia horiek hezkuntza-komunitate osoaren inplikazioa ere eskatzen dute, halaber. Irakasleen bidelaguntzarekin, ikasleek beren eguneroko harremanetatik abiatuta ikasteko aukera dute, ikasgelatik harago doazen gaitasunak garatuz. Horrelako ekimenek erakusten dute hezkuntza ez dela ezagutzak transmititzea bakarrik; “elkarbizitzarako, elkar ulertzeko eta gizartean modu aktiboan parte hartzeko” tresnak eskaintzea ere badela.

Bermeoko Herri Eskolak eta ALBOAN GKEk bide horretan jarraitzen dute, irakurketari “dimentsio kolektibo eta soziala” emanez. Liburuak eta istorioak abiapuntu hartuta, ikasleek bakoitzak bere errealitatea duela ikasten dute, baina besteena ezagutzea eta kontuan hartzea ere ezinbestekoa dela. 

Azken finean, irakurle onak hezteaz gain, elkarrekin pentsatzeko, entzuteko eta gizartean eragiteko gai diren pertsonak hezten dituzte Bermeoko Herri Eskolan.