‘Bidutzi’ haurrentzako ikuskizuna hartuko du Nestor Basterretxea aretoak

Inauterietako gaua munstroak eta mozorroak protagonista dituen abentura batekin ospatzeko aukera izango dute Bermeoko haurrek eta familiek, gaur. Izan ere, Bidutzi haurrentzako ikuskizuna plazaratuko du Benetan Be Antzerki taldeak, Nestor Basterretxea aretoan, 18:00etan. Ekimena Bermeoko Udalak antolatu du, Bizkaiko For Aldundiaren laguntzagaz.

Barregarria, hunkigarria eta baikorra izango den ikuskizunak beldurra eta algara uztartuko ditu, ikusleak urteko gaurik zoroenean murgilduz. Istorioaren protagonista Bidutzi bera izango da. Inauterietako giroan hain pozik eta tentazioz beteta dabil, eta “Ez sartu! Batez ere munstroa ala kokomarroa bazara” dioen kartelari kasurik egin gabe kaiola batean sartuko da. Zorionez, Godofredok dena ikusi du. Edo agian Ainara da, Godofredoz mozorrotuta dagoena? Edozelan ere, egoera konpontzeko garaia iritsiko da: ehiztaria eta laguntzailea itzuli aurretik kaiolatik ihes egin beharko dute.

Hortik aurrera, hainbat galdera sortuko dira: lortuko al dute Ainarak eta Bidutzik ihes egitea? Eta Bidutzi txikiak lortuko al du gauerdia baino lehen bere kabuz norbait izutzea?

Txotxongiloak eta musika

Munstroek eta gizaki mozorrotuek elkarri lagunduko diote abentura honetan, eta ikusleak ere haiekin batera eramango dituzte ikaratik algarara. Horretarako, txotxongiloak eta zuzeneko kanta originalak erabiliko dituzte, txikiak zein helduak beldurtzera jolastu eta, azkenik, elkarrekin barre egiteko.

Ikuskizuna hiru urtetik gorako haurrei zuzenduta dagoela eman dute aditzera. Sarrerak 5 euroko prezioa dute, eta Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxean eta udalaren webgunean erosi daitezke oraindik