Bertokoaren erakusleiho izango da Ea

Bertoko azoka izena hartuta, herriko eta inguruko produktuak kontsumitzearen aldeko gonbidapen zuzena egingo duen azokan bilduko dira, bihar, Eako Donibane-Arritola Plazan.

Urtez-urteko Bertoko Azokaren testigu bihurtuko da, bihar, Ea. Izan ere, 11:00etatik aurrera, askotariko produktuz blaituko da Donibane-Arritola Plaza. Hala nola, bedarokela, bertoko indaba, bertoko ortuariak, eskeniak, artisautza, loreak, eta beste hainbat produktu izango dituzte bertaratutakoek aukeran. 

Azokaren helburua argia dela nabarmendu dute antolatzaileek: “Bertokotasuna geroz eta murriztuagoa den honetan, bertokoari garrantzia eman nahi diogu. Hau da, Tokiko kontsumo arduratsua, ekologikoa eta jasangarria bultzatu”. Horregatik, 9 postu hartuko ditu Eako plazak, era berean inguruko ekoizleen produktuen erakuslehio bihurtuz. 

Bedarokela elkartea sortu zenetik 12 urte pasatu diren honetan, Eako Bertoko Azokaren abiapuntua horixe bera dela argitu dute, halaber. “Bedarokelak eman zion hasiera Bertoko Azokari”, azaldu dute.

Urtean lau hitzordu zehazten dituzte, lehen sektoreari, eta bide batez, bertokoari bultzada emateko. Alegia, urtero, otsailean, maiatzean, abuztuan eta azaroan antolatzen dituzte azokak. Hitzordu bakoitzak, baina, oinarri desberdina izan ohi du, eta biharkoaren muina, oro har, Bedaroko indabak izango direla aurreratu du. Gauzak horrela, indaba janean biltzeko aukera ere eskainiko du azokak, laugarrenez: “Bodegoian eta batzokian egongo da indabak dastatzeko aukera”.

Herritar eta ingurukoei zapatuan Bertoko Azokara bertaratzeko gonbita zabaldu die antolatzaileek, lehen sektoreak aurrera egiteko behar duen bultzada “denon artean” emateko, eta “etxeko ekoizleek ekoitzitako produktuen abanikoa” hurbiletik ezagutzeko.