Azaro akabuaren fonoteka propioa
Santa Zezilia jaiak ospatuko dituzte egunotan Busturialdean. Musika izango da protagonista: kontzertu, kalejira edota abesbatzen emanaldiak.
Neguaren zain eta urteko egunik laburrenen esperoan, isilik dago natura, isilik daude kaleak, isilik da plaza. Baina isiltasun hori doinuz eta herrigintzaz apurtuko dute egunotan han-hemen ospatuko dituzten Santa Zezilia jaiek. Tokian tokiko udal, eragile talde eta elkarteek musika ardatz izango dituzten jarduerak antolatu dituzte.
Bermeon, Aurrekoetxea kaleko bizilagunek kale hori jai giroaz epelduko dute, eta, gainera, bai Izaro, bai Bermeoko abesbatzen emanaldiak ere egongo dira. Markina-xemeinen, ahots zuriak izango dira protagonista, Yolanda Loirak gidatutako Emeki koralaren eskutik.
Gidaritza, hain zuzen, berritu egingo du Lekeitioko Udal Musika Bandak: Euskadiko eta Bilboko Orkestra Sinfonikoak zuzendutako Aritz Labrador zornotzarrak Leketiokoaren zuzendaritzan debuta egingo du, santazezilietako emanaldian. Bestalde, gaur egun berezia izango da Itxaropena Txistu Taldeko kideentzat: taldekideek, txistu ikasleak barne, kalejira egingo dute lehenik, eta Eskolapean emango duten saioagaz biribilduko dute musika jaia.
Herriko musikarien oholtza.
Santa Zezilia jaiak urte osoko lanaren ispilu edo agertoki izango dira hainbat udalerritako musika bandetako ikasleentzat. Segundo Olaeta Musika Eskola Publikoa Lizeo Antzokian taularatuko da bihar. Ondarroako ikasle eta instrumentistek kalea izango dute oholtza; Mutrikuko Musika Bandak, ZabiEl plaza, etzi.
Xemeinen, Santa Zezilia jaiekin batera iritsiko da Musika Haizeak zikloaren amaiera. Hori bai, goi-goitik biribilduko dute irailean abiatutako egitaraua: Mikel Ansola organo-jotzailearen eta Aitor Garitano Xemeingo Abesbatzaren zuzendari eta tenorearen organo eta ahots emanaldiagaz. Antolatzaileek udalerriagaz «hartu-eman estua» duten bi musikariri “ikusgarritasuna” emango diote: “Abesbatzetan geroz eta gizonezko gutxiago ikusten ditugu. Ea gizonak animatu daitezen lor dezakegun, ze, garrantzitsua da denetariko ahotsak izatea”.
EGITARAUA
BERMEO
Etzi
18:00. Aurrekoetxea kaleko jaiak: txokolatea, umeentzako jokoak eta musika.
Domeka
13:00. Bermeoko Abesbatza, Aurrekoetxea kaletik hasita.
13:00. Meza abestua, San Frantzisko elizan, Izaro Abesbatzagaz.
GERNIKA-LUMO
Bihar
18:00. SOMEko kideen emanaldia, Lizeo Antzokian.
MUNDAKA
Domeka
13:00. Mundakako Abesbatza, kalerik kale, plazan hasita.