"ETSk gaueko jarduera eteteak etxeak bizitoki bihurtzen ditu"
Espainiako Auzitegi Gorenak Don Tello, San Juan eta Lehendakari Agirre Plazako bizilagunei eman die arrazoia, eta Euskal Trenbide Sareak gaueko jarduketa industriala eten beharko du. "Amets gaiztoa" amaitu delako "oso pozik" daude zaratengatiko kaltetuak.
Gernika-Lumoko Don Tello, San Juan eta Lehendakari Agirre Plazako bizilagunek “lasai” lo egingo dute aurrerantzean: Espainiako Auzitegi Gorenak arrazoia eman die, eta Eusko Trenbide Sareak (ETS) Gernika-Lumoko gune logistikoaren gaueko zarata eten beharko du. “Oso pozik gaude. Guretzat garrantzitsuena da aurrerantzean ez dugula urte luzez izan dugun amets gaiztoa izango; jarduera industrial hori ez egoteak lasaitu egiten gaitu, gure etxeak bizitoki bihurtzen ditu”, nabarmendu dute kaltetuek.
Besteak beste kaltetuen osasunerako eta intimitaterako eskubidea nabarmendu dira epaian eta, ETSk jarduna beste leku batera leku aldatuko duten edo ez ez badakite ere, zaratak “behin-betiko” eten dira.
ETSk 2012az geroztik du udalerriko tren geltoki nagusiaren ondoan makinaria astuna eta obretarako materialak edukitzeko plataforma, hamasei urtez bertan prestatu baitituzte Zornotza eta Bermeo arteko trenbidean edozein gunetan mantentze lanak egiteko. Lan hori, baina, gauez egin izan dute, besteak beste auzotarren “loa kaltetuz”.
Hainbat urtez ETSri zein Gernika-Lumoko Udalari gutunak bidali zizkioten auzotarrek, eta orain, Auzitegi Gorenaren erabakia eskuan, udalaren partetik jasotako “tratu txarra” gogoratu nahi izan dute: “Udalak ez du ondo jokatu; urte luzez izugarrizko babesgabetasun egoeran eduki gaitu. Aurpegira barre egitera iritsi dira, eta tratua oso txarra izan da”. Gogoratu dute udalak neurketa akustikoak egin zituela, eta neurketek “80 dezibeletik gora” jaso zituztela jakin ahal izan zuten, ETSren jarduera “legez kanpokoa” zela ziurtatuz, baina ez zutela esku hartzerik egin: “Lehenengo sententzia gure aldekoa zela ikusi zutenean hasi ziren guganako jarrera aldatzen”.
Urte luzeko borroka izan da auzotarrena, baina argi dute 2024ko urtarriletik ekainera bitartean bizi zutena izan zela txarrena, “benetako beldurrezko filma“. Izan ere, ordura arte 90 egunetik behin pairatzen zituzten zaratak “egunero” bizi behar zituzten: “Rotaflexak, makinariak… etxeetako leiho guztiak aldatu behar izan genituen, baina horrek ere ez zuen funtzionatu. Hilabeteak eman genituen egongelan edo komunean koltxoiak bota eta bertan lo egiten. Osasunean eragin oso negatiboa izan zuen kasu askotan”.
Horrek guztiorrek udalean mozio bat aurkeztera eraman zituen, baita komunikabideetara jotzera ere. Halere, instituzioengandik sentitzen zuten “babesgabetasunak”, 2024an bide judiziala hartzea eraman zituen: administrazioarekiko auzi-errekurtso bikoitza aurkeztu zuten, beraien “oinarrizko eskubideak errespetatzen ez zirelako” ETS eta udala salatuz. “Bide oso zibikoa izan da hasieratik; leku guztietara jo eta aukera guztiak agortzean itxaropen gutxi genuela ikusi eta prozesu judiziala martxan jartzea erabaki genuen”.
Iaz, 2025eko apirilaren 1ean Eusko Legebiltzarrean ere egon ziren Don Tello kaleko bizilagunen plataformako ordezkariak, Mugikortasun Jasangarriaren Batzordeagaz batzartu eta horrek hala eskuratuta. Eusko Legebiltzarrean hasitako hilabetea ospakizunagaz itxi ahal izan zuten bai salaketa taldea osatzen zuten hemeretzi bizilagunek, zein kaltetuak ziren bestelako auzolagunek, “partzialki” aldekoa zuten epaia jaso baitzuten. Epaiaren arabera, ETSk ezin zuen gaueko jardunagaz jarraitu zarataren legea betetzen zuela ziurtatu bitartean. Udalari dagokionez, kondenatua izan ez arren, “bere esku hartze eza ez zela zilegia izan” ebatzi zen.
Hainbat errekurtso.
Euskal Trenbide Sarea, baina, Eusko Jaurlaritzaren menpeko erakunde publikoa da, eta “dirurik galdu barik” behin eta berriz errekurtsoak jartzeko gaitasuna duela erakutsi du. Horren erakusle da iazko apirilean kontrako epaia jaso zutenetik eta Auzitegi Gorenak kasazio-errekurtsoa izapidetzea onartu ez eta epai irmoa jaso arte sei apelazio aurkeztu izana. “Beraientzat doakoa izan da prozesua, erakunde publikoa izanik, gure diruagaz ipini dituzte errekutsoak behin eta berriro. Herritarren dirua da, ahal izanez gero ad infinitum egongo ziren apelazioak aurkezten”.
Zaratengatik jasandako kalte eta eskubide urraketengatik ekarpen ekonomiko “txikia” jasoko dute, eta ez da prozesuan ordaindu behar izan dutenaren zenbatekoa estaltzera iristen, leihoak aldatzeaz harago, “izugarrizko lana” egin duen Ignacio Arzanegi abokatua eta prozesuaren kostuak ere ordaindu behar izan dituztelako. Arzanegiren lana izan da, hain zuzen ere, herrritarren gaurko lasaitasuna posible egin duena: “Esparru juridikoan ere bere lana aitortu diote”.
Dirua, baina, gutxiengoa zaie une honetan. Garaipen “kolektiboa” eta elkarrekin egindako bideak utzitakoa ospatu gura dute orain: “Hasi ginenean lau katu ginen, ETS bezalako erraldoi baten kontra; etengabe jasoten genituen arrazoirik ez dugula, erotuta gaudela eta noren aurka ari garen ez dakigula esaten ziguten komentarioak”. Don Tello, San Juan eta Lehendakari Agirre Plazako bizilagunentzat, baina, “ekinaren balioa” erakutsi duen garaipena izan da: “Merezi du. Horrelako zerbait gertatzen bada herritarrok biltzeak eta estrategia amankomunak diseinatzeak merezi du. Ez etsitzeak merezi du”.
Arrakasta kolektiboa elkarrekin ospatzea dagokie orain auzotarrei, eta zapatuan atzean utzi gura duten prozesuaren azken batzarra egin eta jan-edan azkarra egiteko.