Ekinaren balioa
Borroka guztiek ez dute beren saria izaten; are gehiago, gutxik dute. Baina borrokarik gabe, ez dago arrakasta izateko aukerarik. Duela hamarkada bat baino gehiago, Gernika-Lumoko Don Tello kaleko eta aldameneko beste kaleetako bizilagun-talde bat elkartzen hasi ginen arazo komun bati aurre egiteko: Eusko Trenbide Sarearen industria-jarduerak gauetan sortzen zuen zarata jasanezina, gure etxeen ondo-ondoan. Egonean gera gintezkeen eta bakoitzak ahal zuen moduan jasan; uko egin geniezaiokeen guztiari aurrean genuen erraldoia ikusita, EAEko interes estrategiko handieneko azpiegitura-enpresa. Atzera egin genezakeen Udalaren, Eusko Jaurlaritzaren, ETSren eta herrikide batzuen lehenengo abisuekin, “ez duzue ezer egiterik; lau katu baino ez zarete” esaten baitziguten.
Baina horren ordez, elkarrekin jarraitzea erabaki genuen, estrategia kolektiboak diseinatuz eta ezer galdutzat eman gabe. Bide bat genuen ibiltzeko, luzea, aspergarria eta eskergabea, baina bagenekien arrazoia genuela, eta iraunkortasunak argitzen duela arrakastarako bidea. Eta hala izan da. Proben ebidentzia ikaragarria zen: bideoak non rotaflexak, hondeamakinak eta makineria astunak gauaren bakea goizalderaino nola urratzen zuten ikusten eta entzuten zen. Infernu hori gure etxeen azpian kokatzea ez zen gure aukera; ezin genuen onartu gure etxeak bizitzeko egokiak ez izatea, eta auzibidera jotzea erabaki genuen, arrisku guztiak gure gain hartuz.
Ia 15 urteko joan-etorrien ondoren, ibilbide hau guztia amaierara iritsi da; magistraturak amaitutzat eman du auzia eta gure alde egin du. Behin betiko bihurtu da 2025eko apirilaren 30eko epaia, epaitegi batek ETS zigortzen zuena aire zabaleko gaueko industria-jarduera geldiaraztera. Hala ere, harrezkero, ETSk zenbait apelazio-errekurtso aurkeztu ditu, baina denak ezetsi dira bata bestearen atzetik. Gure garaipena behin betikoa da: ETSk ezingo du jada gaueko jarduera industrialik egin trenbidearen inguruan, baldin eta ez badu bermatzen igorri beharreko zarata-maila legeak baimendutako parametroen barruan dagoela. Epaiak, zeharka bada ere, argi uzten du Udalaren erantzukizuna, berari baitagokio zarataren legea betetzen ez duen jarduera kontrolatu, ebaluatu eta, beharrezkoa balitz, bertan behera uztea. Arrakasta izan da, oso lorpen garrantzitsua, eta mugarri izango da antzeko auzietan. Borroka bateratuaren arrakasta: ekintza kolektiboa, abokatuaren lan bikaina, eta, azkenik, aitorpen legal eta juridikoa.
Borroka guztiek ez dute saria, egia da, baina borrokarik gabe ez dago batailarik irabazteko aukerarik. Gure borrokak bere saria izan du: gure etxeak bizitzarako bizigarriak izaten jarraituko dutela jakitea, eta aurkariaren tamainak ez duela beti garaipena baldintzatzen esperimentatzea.
Eskerrik asko bide honetan lagundu diguzuen guztioi.
- Libe Villa (eta burruka honetan ibili diren herritarrok)