Muruetako Eleizalde auzoko haurren jolas-parkea berritu dute
76.250 euroko aurrekontua izan dute jolas-parke berriari lotutako lanek. Bizkaiko Foru Aldundiak 49.391 euroko dirulaguntza eman dio Muruetako Udalari proiektua finantzatzeko.
Muruetako Eleizalde auzoak haur-parke berritua du. Udalak haur-jolas berriak instalatu eta horiei lotutako hainbat obra egin ditu, txikienek jolasteko eta aisialdiaz gozatzeko espazioa hobetzea bilatuz.
Esku-hartzeak hainbat jolas-elementu berri ekarri ditu parkera, udalak jakinarazi duenez. Besteak beste, txirrista, kulunkak, saskidun zabu bat eta eskalatzeko zein mugitzeko bestelako egiturak jarri dituzte. Instalazioak berdegune batean kokatuta daude, eta haurrei jolasteko aukera desberdinak eskaintzen dizkiete.
Proiektuaren aurrekontu osoa 76.250,72 eurokoa izan dela nabarmendu dute, eta lanak Urbabil 2000 SL enpresari esleitu dizkiote, 67.838,65 euroren truke. Finantzaketari dagokionez, Muruetako Udalak Bizkaiko Foru Aldundiaren 49.391,44 euroko dirulaguntza jaso duela azaldu du. Horrela gauzatu du Muruetako Udalak Eleizalde auzoko haur-parkea egokitzeko eta auzoko familien aisialdirako espazioa hobetzeko jarduketa.