Kostaren Zuzendaritzaren ebazpena: "urrats garrantzitsua", baina ez bidearen amaiera
Kostaren eta Itsasoaren Espainiako Zuzendaritza Nagusiak 30 uteko kontzesioa onartu dio Murueta Ontziolari, baina legezkotasuna "egiaztatu barik" dituzten lur orubeak eta handitzeak "handik kanpo" utzi ditu. Ebazpenak itsas-lehorreko jabari publikoa berreskuratzeko prozedurak berriz aktibatzea eskatzen du, baina arriskuan jartzen du alboko lurretan palafitoa eraikitzeko proiektuaren bideragarritasuna.
Kostaren eta Itsasoaren Espainiako Zuzendaritza Nagusiak Oka ibaiaren ezkerraldeko itsas-lehorreko jabari publikoko lur orubea 30 urtez okupatzen jarraitzeko kontzesioa onartu dio Murueta Ontziolari, hain zuzen, Guggenheim Urdaibai makroproiektuaren bi garroetako bat egin gura zuten eremuaren zati batean. Transizio Ekologikorako Ministerioak onartutako kontzesio horrek, ontzigintzara zuzendutako 3.211,63 metro koadroko esparruari eragingo lioke, alegia, eremu osoak dituen 62.000 metro koadroko espazioaren %5ari. Halaber, soilik 1988. urteko Kostaldeen Legea indarrean sartu orduko egiaztaturiko legezko erabilerak aintzatesten ditu lagapenak: arrapala bitarako edota dikeetarako; urteko 297.300,59 euroko kanona ordaintzea ezartzen du, alegia, urte bakoitzeko 92,57 euro metro koadro bakoitzeko.
Guggenheim Urdaibai Stop plataformak ebazpen horren inguruko balorazioa plazaratu du gaur [azaroak 18], eta adierazi ebazpen horrek “ez duela legeztatzen” ontziolak hartzen dituen lurzoru guztien okupazioa: “Itsas-lehorreko jabari publikoa berreskuratu eta lehengoratzeko abian jarritako prozedurak berriz aktibatzea eskatzen du”. Erabaki horrek, gainera, “zalantzan” jartzen du aldameneko lurretan palafitoa eraikitzeko proiektuaren bideragarritasuna. Ebazpena ontziolak 2005. urteko irailean abian ipinitako espedienteari dagokio, 2004an onartutako mugaketa egin ostean.
Ebazpenak ez ditu ontziolaren “instalazio denak” legeztatzen, eta enpresari ez dio erabiltzen dituen lur guztiak “okupatzeko eskumenik” aitortzen
Plataformakideek, baina, “oharkabean pasatu” beharko ez litzatekeen “funtsezko alderdi bat” azpimarratu dute: Kostaren Zuzendaritzak beraiaz kanpo uzten dituela legeazkotasuna egiaztatu ez zaien handitzeak nahiz instalazioak, baita enpresak eskatutako gainontzeko orubeak ere. “Ebazpenak adierazten du ez dela aurkeztu instalazio horien guztien legezkotasuna justifikatzen duen inongo dokumenturik, ezta gainerako orubeetan 1988a baino lehenagoko erabilera edo aprobetxamendu legalak egiaztatzen dituen dokumentaziorik ere”. Hala, ebazpen horrek ez ditu ontziolaren “instalazio denak” legeztatzen, eta enpresari ez dio erabiltzen dituen lur guztiak “okupatzeko eskumenik” aitortzen.
Espedientea 2005ekoa dela aintzat izanda, egungo ebazpena argitara eman arte, enpresak jabari publikoko zati baten erabilera “pribatiboa ia bi hamarkadaz” mantendu du, orain arte ezarritako “kanona ordaindu gabe“. Kontzesioak haren jakinarazpen ofizialaren biharmunetik aurrera zenbatzen ditu 30 urte horiek, “okupazio aldi luze hori” kontuan hartu barik. Hori dela eta, Guggenheim Urdaibai Stopetik nabarmendu dute administrazioak denbora hori guztia kontuan hartu ez izanaren arrazoiak “azaldu” behar dituela, ontziolaren aprobetxamenduaren “benetako iraupena” zehazterakoan.
Hori ez da argitu beharreko alderdi bakarra. Izan ere, konpentsazio kontzesio hori ez da ontziola kokagune horretan ezartzea ahalbidetu zuen 1943. urteko kontzesio “historikoa”, azken horrek 2018an agortu baitzuen bere indarraldia: “Titulu juridiko desberdin bi dira”. Kontzesio berriak, azaldu dutenaren arabera, ontziolak Jabetza Erregistroan bere izenean inskribatua duen orube bati dagokio, 2004an onartutako mugaketan “itsas-lehorreko jabari publiko modura” aitortu zena.
Prozedurekin aurrera.
Beraz, plataformak abiatutako prozedurek “aurrera” jarraitu behar dutela azpimarratu dute. Gaur-gaurkoz, Guggenheim Urdaibai Stopek jarduketa bi plazaratu ditu, Kostaren Zuzendaritzaren aurrean: alde batetik, indarrean dagoen mugaketa “berrikustea“, ontziolak okupatutako eta “berez uholdegarriak diren” lur guztiei jabari publikoko izaera “aitotzeko”; bestetik, “inolako titulu juridikorik gabe” okupatutako itsas-lehorreko jabari publikoa “berreskuratzea“, haren ezaugarri fisikoak eta jatorrizko elementu naturalak “lehengoratuz”.
Prozedura horiek orain jakinarazitako “ebazpenaren zain” geratu zirela adierazi dute: “Gure ustez, erabaki horrek prozedura horien izapidetzearekin aurrera egiteko aukera ematen du, baina ez ditu ez ebazten, ez indargabetzen guk aurkeztutako mugaketa berrikusteko eta jabari publikoa berreskuratzeko
eskaerak”. Aitortutako kontzesioa “azalera eta erabilera jakin batzuetara” mugatzen da: “Ezin da erabili administrazioak berak kontzesio horretatik kanpo utzi dituen okupazioak eta handitzeak babesteko. Are gehiago, legez kanpoko eraikuntza horiek egin izan ez balira, lur horiek itsas-lehorreko jabari
publikoaren berezko ezaugarri naturalak mantenduko lituzkete”.
Ontziolaren aldameneko lurraldean palafitoa eraikitzea proiektatu zen, eta ebazpenak horretan ere eragin zuzena du: lur horien jabeak “antzeko egoera juridikoan” egon litezke, konpentsazio eskubideak aitortzeko “legezko baldintza berberak” betetzen badituzte. Honakoa ez da kontzesio “automatikoa”, baina irizpide “berberen arabera” aztertu beharrekoa, ostera, bai: “Horrenbestez, zalantzan geratzen da palafitoa eraikitzeko lur horien erabilgarritasuna; proiektuaren balizko garapenak ezin ditu alboratu jabeei dagozkien eskubideak“.
Lehentasun azpimarragarriena “padura berreskuratzea” dela aldarrikatuta, okupazio guztien egoera juridikoa “argitzea” eta Urdaibaiko ingurumen lehengoratzea “bermatzea” eskatzen du plataformak: “Plataformak beti defendatu izan du ontziolak okupatutako padurako lurrak berreskuratu eta lehengoratu egin behar direla, eta ontziola handik ateratzea ezin dela bihurtu diru publikoarekin finantzatutako salerosketa eragiketa bat, Guggenheim Urdaibai makroproiektua gauzatzeko helburuarekin”. Alde horretatik, Kostaren Zuzendaritzaren ebazpen hau “urrats garrantzitsua” dela diote, baina ez bidearen amaiera.