Mundakako Gabonetako Postalen lehiaketa martxan da, bosgarrenez
Herriko gazteek azaroaren 30era bitartean aurkeztu ahal izango dituzte postalak, eta sari banaketa abenduaren 12an egingo dute.
Mundakako Udalak Gabonetako Postalen bosgarren lehiaketa antolatu du, gazteen artean sormena eta adierazpen artistikoa bultzatzeko asmoz. Hala, udal ordezkariek aditzera eman dutenez, herriko gazteek azaroaren 30era bitartean aurkeztu ahal izango dituzte lanak, eta postal irabazleak aurtengo Gabonetan herritarrak zoriontzeko erabiliko direla nabarmendu dute.
Lehiaketa Mundakan erroldatutako edota Mundakako eskolan ikasten duten haur eta gazteei zuzenduta dagoen heinean, bost kategoria ezarri ditu udalak, adinaren eta ikasmailaren arabera: A kategorian, HH4 eta 5eko ikasleek parte hartuko dute; B kategorian, LH1etik LH3rako ikasleek; C kategorian, aldiz, LH4 eta LH6 bitartekoek; D kategoria nagusiagoentzat izango da. Kasu honetan, DBH1 eta 2ko ikasleentzat; eta azkenik, E kategorian DBH3 eta 4ko ikasleek hartuko dute parte.
Gauzak horrela, Mundakako Udaletik azaldu dute parte-hartzaile bakoitzak 15×15 zentimetroko postal bakarra aurkeztu ahal izango duela, “nahi dituen materialak eta teknikak erabiliz”. Bestalde, aurkeztutako lan guztiek jaso beharko dituzte Gabonetako giroagaz lotutako irudirik, hala nola, “paisaiak, itsasoa, elurra, etxeko berotasuna edo familiarteko uneak”.
Postaletan testua txertatu daiteke, beti ere testu hori euskaraz idatzita dagoen. Epaimahaia gaian adituak diren bost pertsonek eta udaleko euskara teknikariak osatuko dute, eta esan dute, besteak beste, “lanen originaltasuna eta transmititzen duten mezua” baloratuko direla.
Esan bezala, azaroak 30 izango da lanok aurkezteko azken eguna, eta horretarako hiru bide ahalbidetu ditu udalak: udaletxea, liburutegia eta ludoteka. “Lanak gutun-azal handi baten barruan aurkeztu beharko dira, kanpoaldean dagokion kategoria adierazita. Barruan postala eta beste gutun-azal txiki bat sartu beharko dira. Azken hori itxita egongo da, eta egilearen datuak jasoko ditu: izen-abizenak, adina, telefono zenbakia eta helbidea”, gaineratu dute.
Azkenik, lehiaketako kategoria bakoitzeko sari banaketa abenduaren 12an egingo da, eta kategoria bakoitzeko irabazleak euskarazko kultur produktuak erosteko 50 euroko opari-txartela jasoko du. Irabazleaz gain, baina, esan dute parte-hartzaile guztiek jasoko dutela oparitxo bat, “egindako lana eta ahalegina eskertzeko”. Hala, abenduaren 14tik 23ra bitartean aurkeztutako postal guztiak ikusteko erakusketa hartuko du Mundakako Udal Liburutegiak.
Bosgarren edizio honen bidez, Mundakako Udalak familiak eta herriko haur eta gazteak lehiaketan parte hartzera animatu ditu. Izan ere, ekimen honek “sormena, Gabonetako tradizioa eta euskararen erabilera” uztartzen dituela azpimarratu dute, aurtengo Gabonetako zorion-agurrak herritarren parte-hartzearen bidez sortzeko aukera eskainiz.