Badator Muxikako gaztetxoen artean euskarazko idazketa eta sormena sustatzeko lehiaketa
Muxikako Udalak 27. Ipuin Lehiaketa antolatu du, herriko haur eta gazteen artean euskarazko idazketa eta sormena sustatzeko helburuari tiraka. Lehiaketara aurkeztutako lanak euskaraz idatzi beharko dira, eta gaia librea izango da. Antolatzaileek azaldu dutenez, irudimena, sormena eta itxura kontuan hartuko dira lanak baloratzerakoan.
Muxika, Ibarburi eta Gorozikako haurrek parte hartu ahal izango dute, eta esan dutenez, adinaren arabera banatuko dira, sei mailatan. A mailan, sei urteko haurrek parte hartuko dute; B mailan, zazpi urtekoek; D mailan, 8 eta 9 urte bitartekoek; E mailan, 10 eta 11 urte bitartekoek; F mailan, 12 eta 14 urte bitartekoek; eta G mailan, 15 urtetik gorakoek.
Hala nola, nabarmendu dute parte-hartzaile bakoitzak ipuin bakarra aurkeztu ahal izango duela. Gainera, lanak ordenagailuz idatzita aurkeztu beharko dira, Word formatuan, eta gehienez hamar orriko luzera izan beharko dute. Lanak Muxikako Udal Liburutegira eramateko aukeraz gain, liburutegia@muxikakoudala.eus helbidera bidali ahal izango dira. Ipuinak aurkezteko azken eguna abenduaren 4a izango da.
Sariak, mailaka
Maila bakoitzean hiru sari banatuko dituzte, eta saritutako ipuinak, urtero bezala, liburuxka batean argitaratuko dituzte. Sarien artean, opariak eta diru-sariak egongo dira, kategoriaren arabera. A, B eta D mailetan, lehen hiru sailkatuek opariak jasoko dituzte. E, F eta G mailetan, berriz, lehenengo hiru postuek 50, 75 eta 100 euroko sariak jasoko dituzte, hurrenez hurren. Lehiaketako sariak Muxikako Udalaren webgunean argitaratuko dituztela jakinarazi dute.