Arrosak, bizi-bizirik; marroiak, arriskuan
Aritz Erkiaga eta Eñaut Salegik bi setetan irabazi dute Johan Sorozalen eta Ion Ibarluzearen aurkako partidua, Eusko Label Winter Seriesen 4. jardunaldian.
Argazkia: Eraman! Jai Alai Eusko Label Winter Serieseko txapela hiru aldiz jantzi duen Aritz Erkiaga ispastertarrak eta aurten txapelketan debutaria den Eñaut Salegi markina-xemeindarrak garaipena ezinbestekoa zuten atzo [azaroak 16], arnasa hartu eta txapelketan bizirik mantetzeko. Horretarako, elkarrekin gutxitan jokatutakoak diren Johan Sorozabal miarriztarra eta Ion Ibarluzea markina-xemeindarra garaitu beharra zituzten, eta egin beharrekoak gogotik bete zituzten: bi setetan bereganatu zuten 4. jardunaldiko partidua pantera arrosek: 15 eta 12koa, bietan.
Lehenengo jardunaldian fin aritu zen Salegi, baina isparterrarrak astelehenero Jai Alai pilotalekura bertaratzen diren zaleak ikustera ohituak daudena baino huts gehiago egin zituen. Egoera irauli beharra zuen bigarren urtez jarraian lehen fasean lehiatik kanpo ez geratzeko, eta hala egin zuen. Bikote arrosaren hoberanzko aldaketa nabaria izan zen bigarren setean, batez ere, aurrelariari dagokionez. Salegik Urriko Azken Astelehenean erakutsitako maila bikainari eutsi zion, neurketako jokalari onenaren saria poltsikoratuz eta, momentuz, arriskua aldenduz.

Argazkia: Eraman! Jai Alai
Lehenengo jokoan, arrosak bikote marroia baino gehiago izan ziren, hasieratik markagailuan aurrea hartzea lortuz. Jai Alaiko markagailuak 13 eta 6koa erakusten zuen, baina Sorozabalek eta Ibarluzeak, puntu zein joko bakoitzaren garrantziaren jakitun eta amore amoteko inolako asmo barik, Erkiaga eta Salegi estutu zituzten, arrosen abantaila 2 puntura murriztea lortuz: 14 eta 12. Bikote bizkaitarrari jokoa ixtea kostatu zitzaion baina azkenean puntu erabakigarria lortu zuten.
Bigarren seta, emaitza errepikatu eta arrosek hasieratik aurrea hartu arren, lehenengoa baino parekatuagoa izan zen. Jokoan zehar lau aldiz berdindu zuten markagailua (bina, bosna, seina eta zortzina), ispastertarrak eta markina-xemeinadarrak 13 eta 10ekoa jarri aurretik. Bizkaitarren hamargarren eta hamaikagarren puntuek Salegi izan zuten protagonista: atzelariak gainetik igarotako pilota esku bakarragaz saskiratzea lortu zuen lehenengo, eta tantoa eskuinez bukatzea gero. Pilota biziagaz eroso aritu zen markina-xemeindarra. Lehen jokoan egin legez, baina, marroiek aurrerapausoa egin zuten azken txanpan, puntu bakarrera hurbiltzea lortuz. Ez zen markagailua iraultzeko nahikoa izan, Erkiagak biribildu baitzuen jardunaldia.

Argazkia: Eraman! Jai Alai
Garaipenagaz eta hurrengo fasera sailkatzeko lehian bizirik jarraitzeagaz pozik agertu ziren Erkiaga eta Salegi, beraien esku baitute aurrea egitea. Halere, lehenengo jardunaldiko huts egitea “garestiegi ez ordaintzearen” pentsuan jarraitzen dute. “Set amaierak hobetu behar ditugu. Lehenego set bukaera ez da ona izan; erdi irabazita edukita ere, ezin zaio aurkariari konfiantza eman eta erritmoan sartzen utzi”, azpimarratu zuen ispastertarrak, partidua bukatzean. Hurrengo jardunaldian Jean-Dominique Olharan pauetarraren eta Gorka Sorozabal miarriztarraren aurka jokoa bukatzeko aukera izatea “seinale ona” izango balitz ere, lehen bi jardunaldietatik “ikasi beharra” dute.
Salegi egindako lanagaz “gustora” gelditu zen, eta zesta-puntan bide luzea egina baitu ere, bere lehen Winter Seriesko lehen bi jardunaldiez hausnartu zuen: “Lehenengo partiduak beti izaten dira zailak. Orain arte ez zait askotan Erkiagagaz jokatzea suertatu, eta elkar ezagutzen gabiltza. Astean zehar lan ona eginda, egindako entseguekin bikote ona garela frogatu dugu”.
Gaur-gaurkoz, A multzoko bigarrenak dira lea-artibaitarrak, Ekaitz Mendizabal Goixerri mutrikuarrarekin ta Unai Lekerika gernika-lumotarrarekin 4 puntura berdinduta. Johan eta Ibarluzea, ostera, puntu bakarragaz laugarren sailkatuak dira, eta ia-ia txapelketatik kanpo daude: beraien azken partida irabazteaz gain, Olharanek eta Gorkak beren bi partidak irabaztea behar dute aurrera jarraitzeko.