Jai Alaiko bolbora eta magiaren urtaroan sartuta
Hasi da Eusko Label Winter Seriesaren seigarren aldia. Goixerri-Lekerika eta Urreisti-Atain bikoteek lortu dituzte lehenengo puntuak, zaleek beste behin ere goraino bete duten Jai Alai frontoian.
Eusko Label Winter Seriesen seigarren aldiaren bikoteak atzo, Jai AlainEraman Jai Alai Urriko Azken Astelehena eta Eusko Label Winter Series. Gernika-Lumo eta Jai Alai. Ezin bata bestea gabe ulertu. Elkar hartuta eta bereizezinak.
Atzo [urriak 26] jokatu zuten Eusko Label Winter Seriesaren lehenengo jardunaldia, eta zaleen aurrean agertu ziren denboraldi honetako protagonistak. Baina horiek ez ziren izan kantxako izar bakarrak: Munduko Txapelketatik bueltan, Euskal Selekzioko puntistek omenaldi beroa jaso zuten zesta-puntaren katedralean.

Euskal Selekzioko puntistak atzo, Jai AlainEraman Jai Alai
Neguko txapelketaren seigarren aldiari hasiera emateko, askotariko osagaiez bete zuten frontoiko menua, eta, sukaldarien artean, Goixerri-Lekerika eta Urreisti-Atain bikoteek prestatu zuten azkenburukoa. Horiek poltsikoratu dituzte lehenengo puntuak. Otsailaren 13ko helmuga urrun dago, eta ikuskizuna hasi baino ez da egin. Tantoz tanto eta jokoz joko, ligaxkan lan txukuna egiteko helburua daukate denek, eta, emaitzak lagun, finalerdietara jauzia egitea dute erronka.
Puntistek adierazi legez, txapelketa ondo hastea oso garrantzitsua da, eta Ekaitz Mendizabal Goixerri mutrikuarrak eta Unai Lekerikabeaskoa gernika-lumotarrak bi setetan garaitu zituzten Aritz Erkiaga ispastertarra eta Eñaut Salegi markina-xemeindarra (11-15 eta 10-15), urrearen pareko balioa daukaten lau puntuak eurenganatuz. B multzoko partiduan, berriz, berdinketa hautsi behar izan zuten (15-8, 8-15 eta 5-3); Eñaut Urreisti mutrikuarrak eta Gorka Mugartegi Atain markina-xemeindarrak Alex Goitia markina-xemeindarraren eta Guillen Oihenard arrokiagarraren kontra lortu dituzten lehenengo hiru puntuak.

Goixerri eta Lekerika.Eraman Jai Alai
Ligaxkan hiru jardunaldi jokatuko ditu bikote bakoitzak, eta txapelketa ondo hastearen garrantziaren jakitun kantxaratu ziren atzo. Baina Jai Alain izar denek ezin dute gau berean distira egin, eta batzuk nahi baino lainotuago agertu ziren. Goixerriren eta Lekerikaren kimika agerian geratu zen: konexio ona daukate, eta, mutrikuar aurrelariak esan bezala, “komunikazio onaren bidez, partidu ona” egitea lortu zuten. Etxekoa oso seguru ibili zen, eta Goixerri oso ausart. Bestetik, Jai Alaiko zaleak aho zabalik uzten dituen maisutasunetik urrun, akatsak eta magia falta tarteko, Ispasterko magoak ez zuen bere maila erakutsi. Lehen setean, zazpina eta zortzina berdinduta ibili ziren, baina, hortik aurrera, bikote arrosa saiatu arren, berdeen nagusitasuna erabatekoa izan zen.
Bigarren seta bide beretik igaro zuten: Goixerri-Lekerika bikoteak azkar zabaldu zuen tartea, eta atsedenalditik bueltan, Erkiagak eta Salegik hurbiltzea lortu bazuten ere (8-9), berdeek bost puntu jarraian egin zituzten (14-8). Bestalde, partiduko jokaldi nabarmenen artean, Erkiagak Guillermina dotorea egin zuen bigarren setaren hondarrean (Guillermo Amutxastegi ondarrutarraren omenezko deitura).

Eñaut Urreisti mutrikuarra.Eraman Jai Alai
Jardunaldiko beste partiduaren lehenengo jokoan, erasoan asmatuta, bikain ibili zen Urreisti eta seguru Atain; nagusitasunez jokatu zuten, batez ere, launako berdinketaren ondoren. Bigarren setaren hasieran, ostera, Goitia nabarmendu zen. Atainen berbetan, bigarren setean “aukera gehiago eman” zizkioten Goitiari, hark tantoak amaitu zitzan: “Horixe izan da setaren gakoa”. 1 eta 4 aurreratu ziren Goitia eta Oihenard, eta, aurkariek markagailua berdindu arren, jokoaren bigarren zatian gehiago izan ziren. Hirugarren jokoan, berriz, mutrikuar aurrelariak eta markina-xemeindar atzelariak gehiago asmatu zuten. Urreistiren hormabikoak erabaki zuen garaipena. Winter Seriesa aukera handia da Atainentzat, eta bere debutean kantxan gozatzearren eta irabazteagatik “oso pozik” zegoela aitortu zuen.
