Turismoa ulertzeko "beste modu bat": zaldi gainean
Argazkia: Ereñoko Udala. Ereño inguruko mendi bideak hipikaren eta turismoa “beste modu batera” egin daitekeela ulertzen dutenen habitat bihurtu ziren iragan asteburuan. Zapatuan [azaroak 14], III. Ereñoko Zaldi Martxa egin zuten, Gabikan hasi eta amaituta. Hogei zaldizko inguru elkartu ziren, eta 15 kilometro bueltako eta ordu bi eta erdi inguruko iraupendun zaldi ibilbideaz gozatu zuten.

Ereñorantza jo zuten, inguru hartan topatu baitzuten aurtengo berritasun nagusia: harrobi inguruan kokatutako museo naturalera igo ziren oinez, zaldiak loturik lagata. Bertan, ondarea, artea eta natura uztartzen dituen “espazio berezi horretaz gozatu” zuten, martxalarien esanetan. Ondoren, Buztarrigane edota Geranda mendi bazterretan barrena ibili ziren, Nabarniz ingururaino iritsiz; handik, Gabikako helmugarako bidea hartu zuten.

Ibilbidearen zati batzuek bat egin zuten Ereño-Nabarniz zaldi ibilbideagaz. Tarte hori eta, oro har, hipikarekiko zaletasuna bultzatzea da zapatuko zaldizko taldearen helburu nagusia. Aurten “eguraldiaz, udazkenak oparitutako irudiez eta zaldiekin” ondo gozatuta, hurrengo urtean errepikatzeko prest daude.
