Hilaren 27ra arteko epea, argazki lehiaketara proposamenak bidaltzeko
Mundakako Udalak gaur [azaroak 16] abiatu du 2027ko udal egutegia osatuko duten hamabi irudiak aukeratzeko argazki lehiaketa herrikoia. Parte hartzaileek hilaren 27ra bitarteko epea dute, egun hori barne, beraien proposamenak bidaltzeko. Lehiaketaren helburu nagusia Mundakaren “nortasuna eta aberastasuna herritarren begiradaren bidez islatzea” dela azaldu dute udaletik: “Herriko paisaiak, ohiturak, jaiak, ondarea eta eguneroko bizitzako uneak argazkietan jasotzea”.
Aurten, urteko sasoi desberdinak erakutsiko dituzten irudiak hobestuko dituzte, herriak “hamabi hilabeteetan zehar dituen giro eta une anitzak” ezagutarazi daitezen. Besteak beste, paisaiak, ohiturak, jaiak, ondarea eta eguneroko bizitzako uneak biltzen dituzten argazkiak aintzatetsiko dituzte. Partaide bakoitzak udalerriagaz erlazionatutako argazki bi baino ezin izango ditu aurkeztu. Aurkezpen hori, hain zuzen ere, formatu digitalean egin beharko dela azaldu dute, argazki bakoizaren izenburua eta egilearen izen-abizenak argituta.
Proposamenek JPEG formatua eduki beharko dute, eta horizontalak izan beharko dira; gutxienez 300×300 pixeleko bereizmena eduki dezatela eskatu dute, 3 eta 12 MB bitarteko tamainagaz. Irudiak mundaka.komunikazioa@bizkaia.org posta elektronikora bidali beharko dira. Txapelketaren aurtengo aldiaren berritasuna izango da parte hartzaile bakoitzak bere argazkia urteko zein hilabetetan agertu beharko litzatekeen adierazteko aukera edukiko duela izango da, hala gura izanez gero. Proposamena, hori bai, “orientagarria” izango dela aurreratu dute: “Udalak erabakiko du argazkien behin betiko banaketa, urteko sasoi denak ahalik eta modu orekatuenean banatuta egon daitezen”.
Hori bai, mundakarren esku egongo da hamabi proposamen irabazleak zeintzuk izango diren erabakitzea. Egutegia, gainera, udalerrian erroldatutakoei banatuko dietela iragarri dute. Bozketari dagokionez, galdetegi bidez egin beharko da; azaroaren 30etik abenduaren 4ra arteko epea egongo da, bozketa egiteko. Azken egun horretan bertan jakinaraziko dute boto gehien jasotako hamabi argazkiak zeintzuk diren.
Aurkeratutako argazkien egileek 30 euroko dirusaria jasoko dute, udalerriko saltokietan gastatu dezaten. Partaide bakoitzak sari bakarra jaso ahalko duela aurreratu dute, “nahiez eta bere argazki bat baino gehiago aukeratua izan”. Herriko merkataritza dinamizatzeko eta herriko “natur, kultur eta gizarte ondarea balioan jartzeko” helburuz, herritarrei parte hartzeko deialdia luzatu die udalak.