Busturiko EH Bilduk sare sozialetan zabaldutako "salaketa faltsu eta anonimoak" gaitzetsi ditu
Iragan astean jakinarazi bezala, azaroaren 11ko greba orokorraren bezperetan, LAB Sindikatuko militanteek Urdaibai Rentals enpresak kudeatzen duen etxejabe handi baten Bermeoko etxebizitza turistiko bat okupatu zuten EAJri “presioa” egiteko helburuagaz, eta era berean, etxebizitzaren auzian alderdi jeltzalea seinalatu zuten sindikatuko kideek.
Gertakari horren harira, besteak beste, Urdaibai Rentals enpresaren jabea den Xabier Goienetxea Renteriaren ama, Nekane Renteria, Busturiko EH Bilduko zinegotzia dela plazaratzen duen kartel bat zabaldu da sare sozialetan, honako mezuagaz: “LABek etxebizitza turistiko bat okupatu du Bermeon, eta EAJ seinalatu du, baina ez du esan etxebizitza nork kudeatzen duen: Xabier Goienetxea Renteria da Urdaibai Rentals enpresaren jabea. Nekane Renteriaren semea da Xabier, Busturiko EH Bilduko zinegotzia dena. Benetan uste duzue hori ez dela zurikeria?”.
Horren aurrean, Busturiko EH Bilduk bere zinegotzi baten aurkako “salaketa faltsu eta anonimoak” gaitzetsi ditu. Koalizioaren arabera, sare sozialetan zabaldutako mezuek pertsona baten izen ona zikintzen dute, eta gainera, “kalte politikoa eragitea” dute helburu.
Anonimotasunetik gezurrak zabaltzea kritikatu du koalizioak, eta “lehia politikoan denak ez duela balio” azpimarratu dute. Era berean, Renteria zinegotziaren ibilbide politikoarekiko “harrotasuna” adierazi dute, “bai udalean egindako lanean, bai handik kanpo egindako jardunean”. Taldearen babesa ere adierazi diote kaltetuari, halaber. “EH Bildurekin zerikusirik ez duen pertsona baten ama koalizioari kalte egiteko erabiltzea koldarkeria hutsa da, eta are gehiago informazioa egiazkoa ez denean”, argudiatu dute.
Talde politikoaren berbetan, EH Bilduren hauteskunde-gorakadak “bat baino gehiago urduri jarri ditu”. Horrela izanda ere, nabarmendu dute ez dutela kanpaina anonimoaren atzean nor dagoen seinalatuko. Azkenik, “joko garbia” aldarrikatzeko ere baliatu dute adierazpena, “bai politikan, zein bizitzaren esparru guztietan”.