Pedalei eraginez, elkartasunaren alde
Bizikleta eta elkartasuna uztartuko dituzte Matxitxako Txirrindulari Kirol Taldeko kideek egunotan, Bizkaiko Minbiziaren Aurkako Elkartearen lana ezagutarazteko asmoz. Bermeotik abiatuta, Ondarroatik igaro eta Gernika-Lumora iritsiko dira txirrindulariak, bihar. Gaur, Andoni Txakartegiren proiektu solidarioei buruzko dokumentala eskainiko dute.
Iazko ekimenean parte hartu zuten txirrindularien talde argazkia.Matxitxako TKT Pedalei eragitea kirola egitea baino gehiago izan daiteke. Batzuetan, bizikletak elkartasunaren mezua zabaltzeko eta beste batzuen lana aitortzeko tresna ere badira. Hori erakutsi nahi du beste urte batez Matxitxako Txirrindulari Kirol Taldeak, Bizkaiko Minbiziaren Aurkako Elkartearekin elkarlanean antolatutako ekimenaren bidez. Bihar, hala, Bermeotik abiatuko dira, Ondarroatik igaro eta Gernika-Lumora heltzeko, «elkarteak urte osoan egiten duen lana eta boluntarioen jarduna» ikusarazteko asmoz.
Ez da lehen aldia bi erakundeek bat egiten dutena. Aurtengoa «hirugarren urtea» izango da Matxitxako TKTk Bizkaiko Minbiziaren Aurkako Elkartearekin zuzenean elkarlanean jarduten duena. Klubeko kideen arabera, kirolak «aisialditik harago» joan behar du, eta gizarteari ekarpen bat egiteko aukera ere izan behar du. Horregatik, bizikleta erabiltzen dute gaixotasunaren aurkako borrokan ari diren pertsonen eta haiei laguntzen dietenen lana aitortzeko.
Aurtengo ibilbideak Bermeo, Ondarroa eta Gernika-Lumo lotuko ditu: «Lehenengo geldialdia Ondarroan egingo dugu, bertako boluntario-taldearekin egoteko. Ondoren, Gernika-Lumora joko dugu; han, Bermeoko taldekideak izango ditugu zain. Azkenik, berriro Bermeora itzuliko gara, San Marton lasterketako parte hartzaileekin bat egitera, eta guztion arteko familia-argazkia ateratzera». Gainera, Minbiziaren Aurkako Elkarteak eskaintzen dituen zerbitzuak herritarrei ezagutarazteko aukera ere izango dela nabarmendu dute.
Izan ere, aurtengo ekimenaren ardatza ez da minbizi mota jakin bat, aurreko urteetan egin duten bezala. Oraingoan, «elkartearen eguneroko jarduna» jarri nahi dute fokuan: boluntarioek eskaintzen duten laguntza, sentsibilizazioa, zerbitzuak eta gaixotasunari aurre egiten ari diren pertsonei ematen dieten zuzeneko arreta. Matxitxako TKT-ren esanetan, lan hori «modu altruistan» egiten dute, eta beraz, horiek guztiek «merezi duten aitortza ematea» da ekimenaren helburua.
Kirola eta elkartasuna, eskutik
Biharko bizikleta-irteeraren aurretik, baina, beste hitzordu bat antolatu dute. Gaur, Ander Txakartegi Txaka Berriatuko bizilagunaren proiektu solidarioei buruzko dokumentala proiektatuko dute Bermeon. Txakartegik, Helmugak elkartearekin elkarlanean, hainbat erronka solidario egin ditu bizikletaz. Matxitxako TKTko kideek haren «ibilbidea eta ekarpena» ezagutarazi nahi izan dituzte, kirolak eta elkartasunak batzen dituzten balioak partekatzen dituztelako.
Gauzak horrela, Matxitxako TKTk gogorarazi nahi du pedalkada bakoitzak helburu bat izan dezakela: gaixotasun baten aurkako borrokari ikusgarritasuna ematea, boluntarioen lana aitortzea eta gizartearen konpromisoa indartzea. Asteburuan, beraz, Bermeon, Ondarroan eta Gernika-Lumon izango dute horretarako hitzordua.