Jai Alai frontoiaren "nortasun historikoa indartzeko" errotuluak jarri dituzte
Gernika-Lumoko Udalak pilotalekuaren seinaleztapen elementuak berreskuratu ditu, fatxadan eta markesinan eraikinaren identifikagarriak ipinita.
Argazkia: Gernika-Lumoko Udala Herriko zesta-punta eskolatik irtendako bi puntistak Munduko txapeldun izendatu berri eta 2026-2027ko Eusko Label Winter Seriesa jokoan, Jai Alai pilotalekua herritar zein bisitarien ezin galduzko geldialdia bihurtu da. Testuinguru horretan, Gernika-Lumoko Udala frontoiaren jatorrizko irudia berreskuratzeko lanean hasi da, besteak beste, seinaleztapen argitsuak berreskuratuta.
Udalak jakitera eman dutenez, jarduketaren helburua da 1963ko ekainaren 29an inauguratu zuten Jai Alai pilotalekuaren “nortasun historikoa eta arkitektonikoa indartzea” eta, hori ahalbidetu ahal izateko, eraikinaren konfigurazio estetikoaren parte ziren seinaleztapen elementuak berreskuratu dituzte.
Secundino Zuazo arkitektoak diseinatutako instalazioa Gernika-Lumoko “eraikin adierazgarrienetako bat” bihurtu da denboraren poderioz, herriko pilotazaleen eta tradizioagaz estuki lotutako espazioa baita. Tradizio horri lotuta, pilotalekuaren “irudi historikoa” gaur egunera ekarri nahi izan du.
Orain arteko esku-hartzeak “bi argi errotulu berriren” instalazioa ekarri du, bata bertikala eta, bestea, horizontala. Bertikala markesinan ipini dute, eta 11 metroko luzera eta 70 metroko zabalera ditu, bi aldeetarako argiztapenagaz. Frontoia irakurri daiteke, letra horiz; behealdean, berriz, Gernika Jai Alai dakarren errotulua jarri dute. Horizontala, ostera, frontoiaren sarrera nagusiaren gainean kokatu dute, eta Gernika Jai-Alai irakur daiteke bertan. Errotuluak 3,5 metroko luzera eta 82 zentimetroko altuera dauka.
Bi errotuloak “kanpoan instalatzeko prestatutako materialekin” eginda daudela azpimarratu dute udal ordezkariek: “Argitasun handiko LED teknologiaren bidez argiztatzen dira barruan. Halaber, laguntzarako egitura metalikoak, konexio elektronikoak eta funtzionatzeko beharrezkoak diren elementuak ere sartu dira”.
Jai Alaiko esku hartzea “eraikinaren ondare babesa kontuan hartuta” egin dutela nabarmendu dute foru hiribilduko udaletik; izan ere, Jai Alai frontoiak, 2012az geroztik Sailkatutako Kultura Ondasunaren izendapena dauka, Monumentu Multzo kategoriagaz.
Argien piztuera.
Errotuluak iluntzeetan piztuko dira eta, duela aste batzuetatik ipinita egon badira ere, astelehenean [azaroak 9], Jean Olharan-Gorka Sorozabal eta Johan Sorozabal-Ion Ibarluzea bikoteen arteko Winter Serieseko hirugarren jardunaldiaren atarian —lehenengoak nagusitu ziren: 14-15, 15-13, 5-0—, egin zuten argien piztuera ekitaldia.
Jose Mari Gorroño udalerriko alkateak, udal gobernu taldeko kideek eta pilotalekuaren “historia eta ibilbideari lotutako” aktibo jarraitzen duten zein erretiroa hartuta dauden 50 bat pilotarik parte hartu zuten. “Zuok barik ezberdina izango litzateke, zuok zaretelako etxe hau, frontoi hau barrutik zein kanpotik inork baino hobeto ezagutzen duzuenak”, esan zien alkateak.
Halaber, Zuazok azpimarratu zuen “azken xehetasuna arte ondo egindako” pilotalekua dela: “Zutaberik barik, egunez argi naturala dauka frontoiak. Gainera, barrualdean ondo eseritako 2.200 lagunetik gora hartzeko gaitasuna dauka”.
Pilotalekuaren kanpoaldean elkartu ziren pilotari eta puntistak munduan zeharreko hiri zein herrialde ezberdinetan aritutakoak dira, besteak beste, Bartzelonan, Yakartan, Danian eta Miamin: “Leku askotan ibilitakoak zarete eta, asko, Gernikako eskolatik ateratakoak zarete. Eskola da, hain zuzen ere, gure kirola den zesta-punta aurrera egiteko zaindu eta bultzatu behar duguna”.
Esku hartzea Winter Seriesa bere une gorenean egitea leporatuko ziotenei aurre hartu guran, alkateak gogoratu zuen hautetsi izan zenean, Gonzalo Beaskoetxea orduan eskolako arduradunagaz hitz egin zuela: “Lehenengo aurrekontuan, pilota eskola laguntzeko diru-saila onartu genuen. Gonzalo harrituta geratu zen; zesta-puntarako materiala, kamisetak… lortzeko laguntza zen. Guk aukera dugunean ez badugu zesta-punta laguntzen, oso zaila izango da bertotik puntistak ateratzea”.
Eskola bakarrik ez, besteak beste Winter Seriesaren atzean dagoen Eraman! Jai Alai enpresa ere laguntzen du udalak, eta alkateak guztiak zoriontzeko aprobetxatu zuen. Halaber, denak elkarrekin “frontoiaren memoriaren zati bat berreskuratzea” ospatzeko batu izanak “ilusio handia” egiten ziola aitortu zuen: “Jende asko igarotzen da bertotik eta, eraikinari begiratu arren, ez dakite zer den, ez duelako kanpo identifikaziorik. Zuazok bai jarri zion, eta gaurtik aurrera ikur hori berreskuratuko dugu”.