«Espekulazioagaz amaitzeko» langilez beteko dira kaleak
Euskal Herriko etxebizitza sindikatuek eta lan arloko sindikatu nagusiek greba orokorra deitu dute eguaztenerako [azaroak 11]. Busturialdeko herritarrak Gernika-Lumon batuko dira 18:00etarako deitu duten manifsetazioan.
Etxebizitza eskubidea bermatzearen alde eta espekulazioaren aurka Hego Euskal Herriko etxebizitza sindikatuek eta lan arloko sindikatu nagusiek greba orokorrera batzeko eta kaleak hartzeko deia egin dute eguaztenerako [azaroak 11]. LAB, ELA, ESK, Steilas, Etxalde, Hiru, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarea (EHESS) eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak greba orokorra iragartzeko agerraldia egin zuten urriaren 22an Iruñean eta Bilbon, “kaleak hartu eta erroko eraldaketak bultzatzeko garaia” dela azpimarratuz.
Euskal langileriaren “kezka nagusia” da etxebizitzaren auzia, sindikatuek azaldu dutenez, egoera “jasanezin” bihurtzeraino. Martxoan 1.500 euroko gutxieneko soldata propioaren aldeko greba orokorra gogora ekarri eta bizi baldintzen okertzeak bere horretan dirauela azpimarratu zuten: “Langile klasea pobretzen ari da enpresariek eta espekulatzaileek irabaziak handitzen dituzten bitartean”. Okertze horrek etxebizitza barru-barrutik zeharkatu eta pobretzearen “arrazoi nagusietako bat” dela argi salatu dute sindikatuek. Etxebizitzak “bermatutako eskubidea eta publikoa” izan beharko lukeela adierazi zuten, hala ere, helburu horretara heltzeko bideak oztopo bat duela sainalatu zuten: “Etxebizitzarekin egiten den negozioa; zehazki, espekulazioa eta errentismoa”.
Madrildik heldu zen azaroaren 11n greba orokorra egiteko deia. ELA eta LAB sindikatuek «Euskal Herritik eta Euskal Herrirako» deialdi bat egiteko asmoa erakutsi bazuten ere, etxebizitza sindikatuekin adostu eta Espainiako egun bererako erregistratu zuten Hego Euskal Herriko greba ere. Irakurketa bateratua izan zen, beraz, deitzaileen elkarlanaren eta negoziazioen emaitza. Argi utzi nahi izan zuten putre funtsen negozioen eta eraikuntza enpresen, banketxeen eta errentisten jardunaren ondorioz, “etxebizitza bat eskuratzea gero eta zailagoa dela gero eta herritar gehiagorentzat”. Horren aurrean, “espekulatzaileak espropiatzeko, espekulazioa debekatzeko eta etxebizitza herritarren beharren arabera antolatzeko” eskaera egingo dute eguaztenean kaleak hartuko dituzten langileek.
Etxeak feminismotik eraikitzeko. “Proposatutako aldarri nagusiekin bat” egin du Euskal Herriko Mugimendu Feministak. Horiekin bakarrik ez, zapalkuntza eta problematika konkretuak aitortzeko “aldarri propioekin” aterako dira kalera mugimendu feministako kideak: “Ez gaitu soilik langile izateak pobretzen: emakume, sexu-genero disidente edo migratu eta arrazializatu izateak ere pobretzen gaitu”. Lan banaketa “sexualak eta koonialak eta pobreziaren arrazializazio eta feminizazioa” izan dute hizpide, izan ere, argi salatu dute “etxebizitzarako sarbidea emakume eta sexu disidenteontzako askoz ere mugatuagoa” dela. Indarkeria egoeretan dauden emakumeak ekarri dituzte gogora, izan ere, “etxea indarkeria bikoitza jasatek olekua dela” azaldu dute, eta “egoera horregaz amaitzeko baliabideak” exijitzen dituzte. Etxejabeek erabiltzen dituzten “irizpide arrazistak” salatu dituzte, eta baita “probreziaren arrazializazio eta feminizaziaoren ondorioz etxebizitzarako sarbidea emakume eta sexu-genero disidenteontzat askoz ere mugatuagoa dela” ere.
Kaleak hartzeko beharra. Etxebizitza eskubidea bermatzeko, espekulaziorik ez! lelopean kaleak hartzeko deia egin dute etxebizitza eta lan sindikatuek. Goizean Bilbo, Gasteiz, Iruñea, Donostia, Tutera eta Eibar izango dira langileen eskakizunen topaleku. Etxebizitza Sindikatuak deituta, Busturialdeko herritarrak Gernika-Lumon batuko dira, eta auto karabana, piketeak eta manifestazioa izango dituzte espekulazioaren kontra agertzeko tresna. LAB sindikatuak deituta, piketeak egingo dituzte industriagunetik. 18:00etan manifestazioan batuko dira herritar guztiak, Merkurion.
Egitaraua
GERNIKA-LUMO
Etxebizitza Sindikatuak antolatuta:
06:00. Auto karabana, Astrako aparkalekutik.
08:00. Gosaria, Pasealekuan.
08:30. Piketeak, herritik.
10:15. Bilbora joateko trena hartuko dute, erdiko tren geltokian.
18:00. Manifestazioa, Merkuriotik.
LAB sindikatuak antolatuta:
05:30. Piketeak industriagunetik.
08:00. Merkuriotik.
09:00. Tren geltokian batuko dira Bilboko manifestaziora joateko.