Etxebizitza politikak errotik aldatzea eta egiturazko neurriak ezartzea eskatu dute
Sindikatuen arabera, "erantzun zabala" edukitzen ari da etxebizitza eskubidearen aldeko greba orokorra Busturialdean. Goizean piketeak egin dituzte, eta Muxikan errepidea moztu dute Busturialdeko Kontseilu Sozialistako kideek. Ertzaintzak gutxienez hiru pertsona identifikatu ditu.
LAB, ELA, ESK, Steilas, Etxalde, Hiru, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarea (EHESS) eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak etxebizitza eskubidearen aldeko greba orokorra deitu dute gaurko [azaroak 11]. Horien arabera, euskal langileen erantzun “masiboa” izaten ari da deialdia, eta Busturialdean ere “jarraipen zabala” izaten ari da.
Goizean herriz herri piketeak egin dituzte, eta Muxikan BI-635 errepidea moztu dute Busturialdeko Kontseilu Sozialistako kideek. Ertzaintzak itxiera “bortizki desegin” duela eta gutxienez hiru pertsona identifikatu dituela jakinarazi dute.

Muxikan BI-635 errepidea moztu dute goizean.Busturialdeko Kontseilu Sozialista
Eguerdian, berriz, hiriburuetan mobilizatu dira, eta etxebizitza politikak errotik aldatzea eta egiturazko neurriak ezartzea eskatu dute. Garbiñe Aranburu LAB Sindikatuaren koordinatzaile orokorrak grebaren jarraipen zabala azpimarratu du Bilbon: “Greba orokorra jarraipen zabala izaten ari da eremu guztietan, eta alde horretatik esan dezakegu egun arrakastatsua dela. Gaurkoan soldata duinekin batera, etxebitzak hartzen du zentralitate nagusia. Ziur gaude gaurko greba eguna eta gero, indarberrituta aterako garela, irekita ditugun gatazka kolektibo guzti horietan posizio hobea izango dugula, maizter horiei irtenbide duin bat emateko, baita herritar guztiek duten etxebizitza eskubidea bermatzeko ere”.
Los Ochos eraikineko maizterrekin batera, zutabean egin dute Erandiotik Bilboko manifestaziorainoko bidea, eta Aranbururen hitzetan, gaurko egun honetan “protagonismo berezia” daukate maizterrek, etxebizitzarako eskubidea ukatuta daukaten milaka eta milaka herritar horiek. Ildo horretatik, horiei babes juridikoa emateko lanean dabiltzala azaldu du: “Sindikatutik ulertu dugu langile guztien bizi baldintza guztiak borrokatzea dagokigula, eta etxebizitzaren eremuan ere ekintza sindikala egitea garrantzitsua dela. Maizterrak sindikalki antolatzen ari gara; beraiei babes juridikoa egiteko, demanda kolektiboa sartu dugu kasu horretan, negoziazioari bide emanez, funts putre baten espekulazio nahiek beraien etxeetatik ateratzeko arriskua erreala delako”. Era berean, Eusko Jaurlaritzari bitartekaritza lana egin dezan eskatu diote.