Herri kirolak izan dira protagonista, Foruan
San Martin jaien baitan osatu du Foruko Udalak kirola eta txapelketak nagusitzen diren egitarau borobila.
Azaroarekin batera, San Martin jaiak ospatzeko garaia iritsi da Busturialdera. Tradizioari eutsiz, hala, baserriko produktuek, herri kirolek, lehiaketek eta musikak hartzen dute protagonismoa egunotan, eta belaunaldi desberdinetako herritarrak elkartzeko aukera eskaintzen dute ospakizunek. Jai-giroak datorren asteburura arte iraungo duen arren, gaur izan dute foruarrek hitzordu handia.
Goizean, ezkonduen eta ezkongabeen arteko futbol partiduak ireki du egitaraua, 10:30ean. Ondoren, 11:00etan, herri kirolen saioa egin dute umeentzat, eta eguerdian, 12:00etan, erakustaldia eskaini dute, Sustabiz Fundazioko eta Foruko Sokatira Taldeko kideek. Eguraldia ere aldeko izan dute, gainera, eta hainbat ume eta gazte bertaratu dira bertoko kirolen inguruan gehiago ikastera, eta zelan ez, horiek probatzera. Erakustaldian, ordea, Ioritz Gisasola, Patxi Bilbao eta Zihara Zabala izan dira protagonista, bertaratutakoei herri kirol desberdinen emanaldiak eskainiz.
Arratsaldean ere izango da zertaz gozatu, bestalde. Txapelketak nagusituko dira udalerrian, oro har: 13:30ean, igel txapelketa egingo dute batzokian; eta 18:00etan, XXX. Mus Txapelketa jokatuko dute. Egunari amaiera emateko, 21:00etan erromeria izango da, jai giroari jarraipena emateko.