'Bermeo Tuna Lagunak' ostalaritza-sarea: Bermeon errotuta, baina mundura zabalik
Gaur aurkeztu du Bermeo Tunak 'Bermeo Tuna Lagunak' ostalaritza-sare berria. Ekimenaren bidez, atunaren eta hegaluzearen kultura gastronomikoa eta kontsumo jasangarria sustatu nahi dituzte sarea osatzen duten herriko 17 establezimenduek.
Bermeoko ostalaritzaren eta atunaren zein hegaluzearen kulturaren arteko lotura indartzeko, Bermeo Tuna Lagunak ostalaritza-sarea aurkeztu du Bermeo Tunak, gaur goizean, Bermeoko Kafe Antzokian. Guztira, herriko 17 establezimenduk bat egin dute ekimenarekin, kalitatezko produktuaren eta kontsumo jasangarriaren aldeko apustua egiteko. Sarearen bidez, ostalarien arteko lankidetza bultzatu eta elkarrekin gastronomia-ekimen berriak garatu nahi dituzte.
Ekimenak lan egiteko modu bat zabalduko du, honako oinarri hauek uztartuz: produktuarekiko errespetua, ozeanoaren zaintza, lan-baldintza duinak, kalitatea, trazabilitatea, berrikuntza eta ezagutza zientifikoa. Guzti hori, zelan ez, “Bermeoko erara”.
Bermeon sortua, sareak Bermeo Tunak atun jasangarriaren eta hegaluzearen inguruko kultura gastronomikoan erreferentziazko erakunde gisa duen posizionamendua indartzen duela nabarmendu du Maitane Leizaola Bermeo Tunako zuzendariak: “Tokiko oinarria eta ikuspegi globala ditu, eta helburuak partekatzen dituzten establezimendu berriak gehitzea aurreikusten du”.
Leizaolak egun “ederra, pozgarria eta ilusionagarria” dela adierazi du, eta proiektuaren izaera estrategikoa nabarmendu du. Haren esanetan, ostalaritza Bermeoko esperientziaren parte garrantzitsua da, gastronomia herriaren nortasunaren erakusleiho delako. “Beti esaten dugu Bermeo atunaren munduko kapitala dela, eta hori, zelan edo halan, gure herriko establezimenduetan egotea ezinbestekoa da, batik bat, gure nortasuna indartzeko”, azaldu du. Leizaolak gaineratu du bertakoek harrotasunez bizi dutela produktua taberna eta menuetan egotea, eta bisitariek ere atunaren eta hegaluzearen presentzia espero dutela herriko ostalaritza-eskaintzan.
“Bermeon errotuta, baina mundura zabalik” sortu dute sarea, zuzendariaren hitzetan. Horren bidez, atunaren eta hegaluzearen kontserba-laten atzean dagoen lan osoa erakutsi nahi dute, arrantzaleengandik hasi eta kontserberetara, zerbitzu teknologikoetara eta merkaturatzaileetara arte. Azpimarratu du balio-kate horren atzean pertsona asko daudela; “hainbat eskuz, hainbat ahaleginez eta hainbat lanez” osatutako jarduera dela, eta horien guztien lana aitortzea ere badela ekimenaren helburuetako bat.
17 establezimendu
Gauzak horrela, hasierako sarea osatzen duten 17 establezimenduak honako hauek dira: Alakrana Bermeo, Almiketxu Jatetxea, Akelarre, Artza Frontoiko Taberna, Bermeoko Kafe Antzokia, Cannon Jatetxea, Eguzki, Etxepe, Fruniz, Joshe Mari Taberna, Kai Alde, Lauko, Leku Erretegia, Oker, Rola, Toki Alai eta Zubigane Taberna.
Kai Alde Tabernako Karik hartu du hitza, ostalari guztien ordezkari gisa, eta produktuak Bermeoko tradizioan eta eskaintza gastronomikoan duen garrantzia nabarmendu du, besteak beste. Haren arabera, ostalariek elkarrekin hazteko, ikasteko eta esperientziak partekatzeko aukera izango dute: “Sare honetan bat egiteak kalitatezko produktuaren, jasangarritasunaren eta gastronomiaren aldeko apustua egitea esan nahi du”.
Gainera, marka komun batek ekimenarekin konprometitutako establezimenduak identifikatzeko balioko du, eta lankidetza horrek kanpainak, ibilbide gastronomikoak eta bestelako ekitaldiak antolatzeko aukera emango die.
Urte osoko eskaintza eta konpromisoa
Sareko establezimenduek, oro har, urte osoan atun jasangarria edota hegaluze jasangarria eskaintzeko konpromisoa hartu dute, plater edo pintxo gisa. Ostalarien ordezkariak azaldu duenez, hegaluze jasangarria urte osoan dute eskaintzan, eta sareak horretan segurtasuna eta konfiantza ematen dizkie. “Sareko kide izateak, halaber, erantzukizun bat hartzea dakar”, gaineratu du. Horregatik, produktu jasangarriekin lan egiten jarraitzeko eta ekimenaren sustapen- zein prestakuntza-jardueretan parte hartzeko prest agertu dira.
Bermeo Tunak, bere aldetik, sareko kideei egiaztagiri ofiziala eta ikusgarritasuna emango dizkie, eta prestakuntza zein jasangarritasunari eta trazabilitateari buruzko informazioa eskainiko dizkie. Horrez gain, “ekitaldi gastronomikoak eta dinamizazio-jarduerak” antolatzea eta gastronomia jasangarria ziurtatzeko ekimenak sustatzea ere aurreikusi du.
Bermeo Tuna Lagunak markak nortasun korporatibo propioa izango du, logotipoarekin eta bereizgarriekin. Besteak beste, identifikazio-plakak eta jaka pertsonalizatuak izango dituzte sareko kideek, bezeroek establezimendu horiek erraz ezagutu ditzaten.
Ostalariek sarearen sorrera ospatzeko eta Bermeo Tunarekin elkarlanean aritzeko duten gogoa adierazi dute, eta proiektuaren etorkizunarekiko baikor agertu dira, gainera: “Oso pozik gaude sare honen sorreragaz. Ez dugu zalantzarik proiektu honek oso ondo funtzionatuko duela”.