Baserriko produktuak, artisautza eta kirola nagusi izango dira San Martin jaietan
Bermeoko San Martin auzoak, Foruak eta Kanalak hartuko dute jaien testigua datozen egunotan. Foruarrek asteburu honetan izango dute gozatzeko aukera; bermeotarren txanda, aldiz, hurrengo asteburuan izango da.
Etxeko jakiak, animalien erakustaldiak eta tokiko musikak hartu ohi dute protagonismoa azaroan. Izan ere, San Martin jaiak ospatzeko garaia iristearekin batera, tradizioak berriro beteko ditu eskualdeko txoko eta kaleak. Urte luzez belaunaldiz belaunaldi transmititu den ospakizunak, ohiturak eta gaur egungo eskaintzak uztartzen ditu, eta herritarrak nahiz kanpotik datozen bisitariak elkartzen ditu baserriko produktuen, artisautzaren eta kulturaren inguruan. Hala, Busturialdeko hainbat udalerri prestaketa lanetan ari dira datozen egunetako hitzorduetarako.
Bermeo, Forua eta Kanala izango dira azokaren eta herri-ohituren topagune. Lehenengo ospakizunak asteburu honetan egingo dituzte Foruan, San Martin herriko zaindariaren omenez. Gaur bertan abiatuko dituzte jaiak, eta hiru egunez luzatuko den egitaraua prestatu dute herritarrek gozatzeko. Ohiturari eutsiz, herri kirolek leku berezia izango dute programazioan. Bihar, Sustabiz Fundazioak parte hartzeko moduko herri kirol saioa eta erakustaldia antolatuko ditu.
Herri kirolez gain, hainbat txapelketatan parte hartzeko aukera izango da egunotan, Foruan: igel-txapelketa, briska, mus eta tute jokoak, besteak beste. Dena den, domeka izango da ospakizunen egun nagusia. Nekazaritza-azokak askotariko produktuak ezagutzeko, dastatzeko eta erosteko aukera eskainiko du, hala nola txakolina, gazta, esnekiak, kontserbak, eztia, zeramika, bitxiak, zurezko lanak eta ogia. Horrez gain, herriko Urdaibai Dantza Taldeko kideen emanaldiek girotuko dute eguna.
Bermeon ere asteburu honetan hasiko dira datorren astebururako aurreikusitako egitaraurako motorrak berotzen. Hala, azokak hartuko du protagonismoa etzi. Andeko tabernak eta Bermeoko Apurtuarte Sokatira Klubak antolatu dute San Martin Azoka, Bermeoko Udalaren babesagaz. Goizeko 11:00etan irekiko dituzte postuak, eta goizean zehar XXII. Odoloste Txapelketa eta txerriki azoka ere egingo dituzte.
Nahiz eta azoka domekan egingo duten, Bermeoko San Martin Auzoko Elkarte Soziokulturaleko (SMB) kideek datorren astebururako prestatu dute jaia. Askotariko ekintzak uztartuz borobildu due egitaraua, eta nahiz eta jaiak iazko ildo berdina jarraituko duen, elkartekideek nabarmendu dute “berritasunen bat zein beste” ere izango dituztela aurten.
Musika, kirola, tailerrak eta batez ere giro auzotarra nagusituko dira datorren asteburuan, Bermeoko San Martin auzoan. Estreinakoz, herri bazkaria egingo dute, zapatuan (azaroak 14): “Froga modura antolatu dugu aurtengo herri bazkaria. Beti izan dugu gure egitarauan herri bazkaria txertatzeko gogoa, eta azkenean ausartu gara. Herriaren erantzuna ona dela eta horrekin jarraitzeko aukera dagoela ikusten badugu, horrela egingo dugu”. Alegia, 80 tiket jarri dituzte jendearen esku herri bazkarirako, eta esan dute gaur gaurkoz “denak saldu” dituztela.
Kirola, elkartasunetik
Auzotarrek, gainera, San Marton elkartasun lasterketagaz urtez-urteko hitzordua izango dute aurten ere. Antolatzaileen berbetan, “herrian eta inguruan geroz eta ezagunagoa” bihurtu da lasterketa, eta horretaz “harro” agertu dira. Izenak berak dioenez, kirolean oinarritutako ekimena den arren, elkartasuna izango du ardatz zapatu goizean protagonista izango den lasterketak. Hala nola, aurreratu dute lortutako dirua Eutsi Gogor Danok Batera elkarteari bideratuko diotela.
Aurten, gainera, Katalin Zulueta auzotarraren oroimenean antolatu dute lasterketa: “Abuztuan zendu zen Katalin, tamalez. Bere aita gure elkarteko kidea da, eta gainera, duela bi urte, auzoko jaiak berreskuratu genituenean, Katalinek berak bota zuen txupina. Lasterketan ere parte hartu zuen urte bietan, eta oso kirolaria ere izan zen. Egia esan, oso presente dugu elkartekideok Katalin, eta zelan ez, bere aita. Pentsatzen dugu, beraz, gure egitarauaren baitan aipamen berezi bat merezi duela Katalinek. Horrela, aurtengo jaietan nolabait gurekin egoteko”.
Horrez gain, beste hainbat hitzordu ere izango dituzte bermeotarrek San Martin auzoan, datorren asteburuan zehar, duela bi urte berreskuratutako jaiak geratzeko heldu zirela erakusteko, eta San Martin Auzoko Elkarte Soziokulturaletik “animatzeko deia” zabaldu dute, jai auzotarrak berreskuratzea posible izateko “ahalik eta jende gehienen laguntza” behar dela gaineratuz: “Guk ez dugu egitarau hau dirua irabazteko prestatzen. Auzoari bizia emateko prestatzen dugu. Gure auzo eta herriko gazteak berton gelditzeko prestatzen dugu; jai bila Bilbora eta inguruetara joateko beharrik ez dagoela erakusteko”.
San Martin eguna
San Martin eguna martitzenean ospatuko da, azaroaren 11an. Zelan ez, hamaika hitzordu zehaztu dituzte horren baitan. Foruan, Kanalan eta Isparterren mezetan elkartuko dira, eta mokadua ere izango dute ostean, egunaz gozatzeko
EGITARAUAK:
Bermeo
Azaroak 13, barikua
18:00. Txokolatea bizkotxoakaz, karpan.
Gero. Buruhandiak karpa inguruan.
19:00. Txupinazoa, karpan.
19:30. Salsa ekitaldia Dantzaz Blai taldearen eskutik.
Era berean. Kanta Kanta Lorue, karpatik eta auzotik.
20:30. Txalainak, Hertzainak taldearen tributua, karpan.
22:30. Bribriblibli, Extremoduro taldearen tributua, karpan.
00:00. Black Heart.
Azaroak 14, zapatua
10:30. San Marton lasterketarako dortsalak salgai, karpan.
11:00. San Marton lasterketa solidarioa. Lehenengo umeen lasterketa, ondoren, nagusiena.
12:30-14:00. Umeen txokoa karpan.
13:00. Ttakuntxo Txalaparta taldearen eskutik, txalaparta tailerra.
Goiz guztian. Taloa salgai karpa ondoan.
15:00. Bertso herri bazkaria, karpan.
17:30. Jolasak: txapel jaurtiketa, sokatira, aulkien jolasa…
18:00. Gatazka perkutsio ikuskizuna.
20:00. Aimar eta La Bandadaren kontzertua, karpan.
22:00. Argitu erromeria.
01:00. Jaikide diskofesta.
Azaroak 15, domeka
10:00. Txosna zabaldu.
10:00. Eskubaloia kalean.
11:00. Orkatzeta taldearen eskutik, umeentzako MTB lasterketa. kalistenia gunean.
13:30. Erroxapeko Martxa taldearen eskutik, musika saioa.
15:00. Zozketa eta sari banaketa, karpan.
Forua
Azaroak 6, barikua
18:00. XXXVII. Briska txapelketa
Azaroak 7, zapatua
10:30. Futbol partidua: Ezkonduak vs ezkongabeak
11:00. Herri kirolak: umeentzako saioa
12:00. Herri kirolen erakustaldia
13:30. Igel txapelketa, batzokian
18:00. XXX. Mus txapelketa
21:00. Erromeria
Azaroak 8, domeka
11:00. XXIV. Nekazal azoka
12:30. Meza nagusia
Ostean. Urdaibai Dantza Taldearen emanaldia
18:00. XXXVII. Tute txapelketa
Azaroak 11, eguaztena
12:00. Meza nagusia
Ostean. Odolosteak
Kanala
Azaroak 13, barikua
Goizean. Meza
Ondoren. Hamaiketakoa