Laguna Txartela, kultur garapena sustatzeko
Gernika-Lumoko Kultur Etxeak Laguna txartela eskuratzeko deialdia zabaldu du eta Internet bidez edo Kultur Etxean bertan erosteko edo berritzeko aukera dago. Musika taldeei diru laguntzak banatzeko diealdia ere zabalik dago.
Ziraun taldeak Arbolapean zikloan jotzeko aukera izan zuen iaz. Kultura, zientzia eta arte alorretako jarduerak garatzea eta sustatzea du helburu Gernika-Lumoko Kultur Etxeak. Kultur ekimenak bultzatzea eta herritarren parte hartzea ardatz hartuta, azken urteetan arrakasta handia izan duen ekimena abiatu dute aurten ere. Herriaren garapen kulturala sustatzera dator 2027. urteko Laguna txartela. Kulturazaleei laguntza ekonomiko bat eskaintzeko eta kultura sortzen dutenei bultzada emateko jaio zen ekimena martxan jarri dute datorren urterako.
Gernika-lumotar askok ezaguna dute txartela. Urtez urte berritu dutenek bere abantailez gozatzeko aukera izan dute, eta aurten ere, hobaria izango dute. Ez dira gutxi urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra arte erabilgarri egongo diren deskontu eta eskaintzak: Hasteko, %25era arteko deskontua izango dute Lizeo Antzokian eta Elai-Alai aretoan programatutako ikuskizunetan; gainera, bi sarrera doan jasoko dituzte edozein ikuskizunetan erabiltzeko; deskontu bereziez gozatzeko aukera izango dute Euskadiko Antzoki Publikoen sare osoan; zinema edota Lizeotarako 6 sarrera doan eskuratuko dituzte; eta azkenik, programatutako ekitaldiei buruzko aurretiazko informazio esklusiboa eskuratuko dute.
45 euroren truke izango dute erabiltzaileek abantaila ekonomikoez eta informazio esklusiboa jasotzeaz gozatzeko aukera. Txartela Internet bidez erosi daiteke Kultur Etxearen webgunean. Kultur Etxean bertan erosteko aukera ere badago, eta Internet bidez egin dutenek, bertan eskuratu ahal izango dute txartela fisikoki. Aurreko urteetan erabiltzaile izan direnek, txartela berritzeko aukera izango dute.
Musikari bultzada bat. Gernika-Lumoko Kultur Etxeak musika proiektuetarako diru laguntzak emateko deialdia zabaldu du. Udalerrian eragina duten musika proiektuei bultzada bat ematea du helburu kanpainak, izan ere, herriko musika talde eta elkarteen jarduna sendotzeko eta bertako sortzaileen lana sustatzeko lanean ari da Kultur Etxea.
Diru laguntzak jasotzeko eskaera azaroaren 20ra arte egongo da zabalik, eta eskabide orriak Gernika-Lumoko Kultur Etxean eta bere webgunean (www.kulturagernika-lumo.eus) daude eskuragarri.
2025. urtean hainbat izan ziren euren proiektua laguntzeko diru laguntzak jaso zituzten musika taldeak. Kultur Etxeak Ziraun, Mikosis, Zuga Band y Aimar Cid, Sueder, Naz eta Intensidades Ortega taldeei eman zien bultzada eta Arbolapean zikloan jotzeko aukera.